Beste eredu batekin

Lointek Gernikak datozen hiru egunetan jokatuko du Eurokopako taldekako fasea. Roche Vandee, Carolo eta Clarinos izango ditu aurkari

Gernikak Valentziaren aurka jokatutako Eurokopako partida, aurreko sasoian, Malosten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Lointek Gernika Bizkaia mugarriak ezarriz joan da azken denboraldietan Europan. Aurreko sasoian historia egin zuen Eurokopako final-zortzirenetara iritsita. Oraingoan ere bide horretan segitu nahi du. Gaur ekingo dio taldekako faseari.

COVID-19a tarteko, oso desberdina izango da. Normalean, urrian abiatzen zen txapelketa. Oraingo honetan, berriz, urtarrilean. Gainera, multzokako fasea leku bakar batean jokatuko da, eta hiru partida izango ditu. Gernikaren multzoaren egoitza Valentzia da, eta aurkariak:Roche Vandee (gaur, 15:00etan) eta Flammes Carolo (bihar, 18:00etan) frantziarrak, eta Espainiako Ligan kontrario duen Clarinos (ostiralean, 21:00etan). Lehen bi sailkatuek egingo dute aurrera. ETB4k emango ditu partidak.

Osasun arrazoiengatik izan bada ere, txapelketa eredu berria gustuko du Nogaye Lo bizkaitarren jokalariak. «Gauzak asko errazten dizkigu, batez ere bidaia gutxiago egin beharko ditugulako. Gainera, egun batzuk elkarrekin pasatzeak taldea sendotzeko balio du, eta horrek indartsuago egingo gaitu. Polita da hain egun gutxian hainbeste partida jokatzea».

Aurkariei erreparatuta, Flammes Carolo da haren ustez indartsuena. «Baina hain egun gutxian jokatuta, eta partida bakarrera, edozer gauza gerta daiteke. Ateak itxita jokatzeak ere izan dezake eragina. Dena askoz irekiago dago, eta zergatik ez iazkoa hobetu».

Horretarako, lehenbizi, multzoen fase hau gainditu beharko dute. Frantziako bi taldeengan jarri du arreta. «Sekulako ahalmen fisikoa dute. Haien pare jardun beharko dugu arlo horretan, aurrera egiteko». Carolo ikusten du lehen posturako faborito. «Indartsuena da». Hori dela eta, funtsezkoa iruditzen zaio gaurko partida irabaztea. «Horrek aukera emango liguke ondoren Caroloren aurka lasaiago jokatzeko». Garaipena lortzeko gakoa: ohikoa duten jokatzeko erari muzin ez egitea. «Kontraerasora bizi atera behar dugu, eta errebotean ondo aritu behar dugu».

Taldea «ondo» ikusten du. «Martxa hartzea kostatu zitzaigun lehen partidetan, oso aurkari gogorrak izan genituelako denboraldi hasieran. Segida bat ematea falta izan zaigu ondo jokatu ditugun partidei». Orain arte Europan lehiatu ez izanak badu zerikusia horretan, Loren ustez. «Etengabe partidak izate horrek lehiakortasun eta pizgarri hori ematen dizu. Fisikoki, gainera, ligako beste taldeen aurretik zoaz. Dena den, taldea bide onetik ikusten dut, eta gauza handiengatik lehiatzeko moduan denboraldiko une erabakigarrietan. Horretarako, erregularragoak izan behar dugu erasoan, eta ez laurden batean 20 puntu sartu, eta beste batean hiru».

Bera«gustura» dago. «Gozatzen ari naiz. Ahizpa hemen gertu dut, Barakaldon, eta, nahiz eta COVID-19agatik ez garen nahi beste ikusi, nire lekua topatu dut. Garrantzitsuago sentitzen naiz taldean». Aste honetan, Espainiako Ligako bosteko baliotsuenean sartu dute. Gaur funtsezkoa izango da haren ekarpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.