SOSLAIA. Miguel Buen

Agintean, makila izan zein ez

Sarri, tirabirak izan zituzten Egibarrek eta Buenek legebiltzarrean. PSE-EEkoak «errespetu handia» dio EAJkoari. R. B. / ARP.
jokin sagarzazu
2015eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
«Hilabete» iraun zion haserreak, 2007ko bozak irabazi eta Gipuzkoako aginte makila ez zuela hartuko baieztatu ondoren. Miguel Buenek frogatu nahi zuen EAJk ez ezik «besteek» ere gidatu zezaketela instituzio handi bat. Baina 1987an Jaurlaritzarekin gertatu bezala, ezin. EA eta Aralar ez ziren «ausartu» sozialistekin akordioa egitera.

Loiolako bake prozesuaren garaia zen, ezker abertzalea legez kanpo... Gertu izan zuen prozesu guztia, Jesus Egigurenen bidez. Buen hamar urtez izan zen Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusi (2004-2014), eta hiru urte Eusko Legebiltzarreko presidenteorde (2004-2007). Gipuzkoan galdutako aukeraren ostean, Espainiako Gorteetan diputatu hautatu zuten. Baina, handik urtebetera, lehendakaritzara iritsi ziren sozialistak, PPren babesarekin, eta Patxi Lopezen deia jaso zuen, Pasaiako Portua zuzendu zezan. Handik bi urtera, berriz lehendakaria, Ertzaintzaren zuzendaritza hartzeko, Aresen Segurtasun sailburuorde, eta berak, «nola ez», baietz.

Garai gogorrak eta itxaropentsuak tokatu zaizkio Bueni. Errenteriako alkate gisa emandako hemezortzi urteak (1987-2003), adibidez. «Denetarik» izan zuela dio, baina han aritu zela erosoen. «Ez dago herriko makila izatea baino kargu politagorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.