Bolsonaro: kezka eta beldurra

Brasilgo politikari ultraeskuindarrak hurrengo urtea hastearekin bat hartuko du agintea, baina hilabeteak dira herritarren egunerokoa baldintzatzen hasi dela, baita hauteskundeak irabazi aurretik ere. Shock egoeran utzi du Brasil, baita han bizi diren euskal herritarrak ere.
Bolsonaroren aurkako protesta bat Sao Paulon, joan den hilaren 30ean, hauteskundeetatik bi egunera.
Bolsonaroren aurkako protesta bat Sao Paulon, joan den hilaren 30ean, hauteskundeetatik bi egunera. FERNANDO BIZERRA / EFE

Jon Artano Izeta -

2018ko azaroak 8
Aurten Latinoamerikan gertatu den aldaketa politiko nagusietako bat izan da Brasilgoa. Jair Bolsonaro eskuin muturreko hautagaiaren alde egin zuten boto emaile gehienek joan den urriaren 28an, eta datorren urtarrilaren 1ean hartuko du presidente kargua. Herrialdean bizi diren bost euskal herritarren iritzia bildu du BERRIAk.

GAIZKA GONDRA

(San Jose, Costa Rica, 1983).

Bost urte daramatza Sao Paulon, sektore eolikoko euskal enpresa bateko zuzendari.

«Enpresa munduan oso ona da espektatiba»

«Hauteskunde gaua tristea izan zen, bikotekidea PTkoa [Langileen Alderdikoa] da, eta lur jota zegoen. Kalean etxafuegoak entzun genituen, baita tiroren bat ere. Ospakizunak pozetik adina izan zuen PTrekiko gorrototik. Beldur pixka bat ematen du ezkertiarren aurka abia dezaketen sorgin ehizak. Pandoraren kutxa ireki du Bolsonarok. Azken hilabeteotan, giroa itsustu egin da kalean: gero eta oldarkorrago ari da jendea luzaroan estali antzean egon den ideologia baztertzailea haizatzen: arrazismoa, klasismoa, militarismoa...

»Denak, ordea, ez dira hain erradikalak. Jende askok esku batez Bolsonarori botoa eman eta besteaz sudur zuloak itxi ditu. Ekonomiak, dena den, bultzada handia jasoko du, seguru. Brasilen dagoen itzelezko burokrazia arinduko duela agindu du Bolsonarok. Atzerriko enpresa batentzat kostua izugarri handia da hemen jardun ahal izateko, zerga sistemaren eta fakturazioaren konplexutasunagatik. Zergak jaisteak ere lagunduko du atzerriko inbertsioak erakarri eta herrialdea nazioartean lehiakorrago egiten enpresak erakarri eta gaiak esportatzeko.

»Ez dakigu Bolsonaro protekzionista ote den Trumpen moduan. Badirudi bi horiek lagunak izango direla, baina Sao Pauloko negozio munduak zalantza handia du zer motatako harremana izango den bi herrialdeen artekoa. Izan ere, Brasilen esportazio garrantzitsuenak nekazaritza produktuak dira, eta AEBak osatuta daude alde horretatik, eta beren nekazaritza produktuek protekzionismo mailarik handienetakoa dute».

ESTEBE ORMAZABAL

(Beasain, Gipuzkoa, 1966).

Brasilen bizi da 1998tik. Lanbide Hezkuntzako ikastetxe bateko zuzendaria da.

«Armairutik atera dira sektore atzerakoiak»

«Jendea bere benetako natura ari da erakusten. Barnealdean inoiz ez dute itxurakeria askorik egin: arrunta da bandido bom é bandido morto [gaizkile ona, gaizkile hila] entzutea edo txiste homofoboak jasan beharra.

»Antipetismoa da gako nagusietako bat. Egia da PTk bere alea jarri duela hori gerta dadin. Lularen [Luiz Inacio da Silvaren] alderdiarengan konfiantza jarri zuen jende askok sentitu du kale egin diela ustelkeria kasuengatik. Eta PTk ez du autokritikarik egin. Baina, bestalde, kanpaina mediatiko oso gogorra egon da azken urteotan, eta badirudi Brasilgo arazo guztiak PTk eragin dituela. Gainera, PSDB [Brasilgo Alderdi Sozialdemokrata], naturalki egoeraz baliatu behar lukeen alderdia, erabat deseginda dago, eskandaluak, lidergo falta... Bolsonarok aparteko momentu historiko bat harrapatu du. Eta hori pertsona bakar batek ez du egiten, interes asko daude atzetik. Bera, izatez, ezjakin hutsa da; ez da gai diskurtso artikulatu dezente bat emateko ere. Trumpen kasuaren estrategiaren antzekoa da: lau astakeria esaten ditu liderrak, jende guztia politikakeria horrek itsututa geratzen da, eta atzetik legeak onartzen dituzte. Azken hiru hilabeteotan, adibidez, Temer legeak aurrera ateratzen aritu da xorro-xorro».

ETOR ARREGI

(Arrasate, Gipuzkoa, 1968).

Porto Alegren bizi da urtarrilaz geroztik, Mundukide GKEekin lanera joanda.

«Bolsonarok historiara pasatu nahi du»

«Oraintxe, kezka eta beldurra ditugu nagusi. Lurrik Gabekoen Mugimendua [MST] landako langileen mugimenduarekin elkarlanean ari gara. Eta, hain justu, MST jopuntuan jarri du Bolsonarok. Historiara pasatu nahi du, edozer oharkabean igarotzea baino lehenago.

»Gaur egun, oraindik, erakunde publiko askok —ikastetxeek, espetxeek— familia nekazaritzatik datozen produktuak erosten dituzte. Bolsonaro hori galarazten saiatuko da MSTri min egiteko. Are larriagoa litzateke, kanpainan esan duen bezala, MSTren ekintzak terrorismo gisara tipifikatuko balituzte. Zenbait kidek mehatxuak izan dituzte dagoeneko. Pepe Mujikak [Uruguaiko presidente ohiak] dioen bezala «ez da munduaren amaiera», baikorrenek diote ikasgaia aterako dugula honetatik, baina argi dago erresistentzia garaia datorrela.

»Atzerrian proiekta dezakeen irudia gorabehera, brasildar asko identifikatzen dira Bolsonaroren balioekin. Gainera, 42 milioi ebanjeliko daude jada, eta kopurua hazten ari da. Horregatik, PTk diktaduraren mamua erabili izanak gizartean ez du eragin larririk izan. Jende asko oso gaizki dago ekonomikoki, eta beren egoera hobetzea nahi dute, berdin dio demokrazia batean edo diktadura batean izan. Kontzientzia falta handia dago, eta zapaldutako jende askok zapaltzaileari eman dio botoa».

ARANTXA JAUREGI

(Amezketa, Gipuzkoa, 1963).

Bi hamarkada inguru daramatza Rio de Janeiron. Frantses irakaslea da.

«Birkolonizazio prozesu betean gaude»

«Etsigarria da. Kanpainako azken egunetan, direnak eta ez direnak konbentzitzen ahalegindu naiz Haddadi [PTren hautagaiari] botoa eman ziezaioten. Lehengaiak dira gakoa nirekiko, petrolioa beste guztien gainetik. Petrobrasentzat [kontrol publikoa duen petrolio konpainia] egiten du lan nire senarrak, eta badakigu hango berri. 2014ko Petrobrasen aurrekontua petrolio upela 100 dolarrean zenean egin ziren, baina gero 40 eta 30ean saldu zen. Eta, hala ere, Dilma bota ahala [Dilma Rousseff, 2011-2016 arteko presidentea] komunikabide ia denak hasi ziren esaten, behin eta berriz, enpresaren ezinaz, eta, oro har, estatuaren finantza zuloa ustelkeriak eragin zuela erabat. PT hondoratzeko kanpaina mediatiko obsesibo hori gabe nekez uler daiteke Bolsonaro fenomenoa. Brasildarrei sinetsarazi diete ustelkeria PTk, eta PTk soilik, eragin duela. Ustelkeria, ordea, gaitz endemikoa da hemen. PTren juzgua eginda herrialde zintzo gisara aurkeztu nahi dute beren burua. Izen psikologikoren bat izango du estrategia horrek».

ENARA ETXART

(Donostia, 1978).

2010etik bizi da Rio de Janeiron. Nazioarteko harremanetako irakaslea da Unibertsitate Publikoan.

«Beldurra justifikatua dago»

«Jair Bolsonaroren kanpaina oldarkorrak dena azkartu du, baina hau dena Dilmaren aurkako kolpean hasi zen ernetzen. Orduan hasi zen gizarte zatiketa. Pentsamendu kritikoa lantzen dutenen eta ikerketa taldeen aurka egin dute geroztik. Eta beldurra justifikatua dago, herrialde honetan giza eskubideen defentsan aritzen direnen kontrako jazarpena oso latza da eta. Global Witness erakundeak ateratako azken txostenaren arabera, 2017an ingurumenaren defentsan ari ziren 57 ekintzaile erail zituzten Brasilen. Eta errealitate horrek okerrera egingo du, lur-jabe handien interesak defendatzen dituen diputatu taldeak eserlekuak irabazi baititu legebiltzarrean. Marielle Francoren erailketa ere ez dute argitu, eta horrek ezinegon oso handia sortu du. Kontuan izan behar da Brasilek datu beldurgarriak dituela feminizidioei eta LGBT pertsonen erailketari dagokionez.

»Atzerri politikan begi bistakoa da Temerren gobernuan abiatutako bidean jarraituko dutela: Latinoamerika eta Afrikako herrialdeekin Lularen gobernuak sustatutako lankidetza baztertu eta AEBekiko gerturatzea lortu nahiko dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna