Ahozkotasuneko emozioak eta umorea izango dira aztergai Ahoa Bete Hotsen

Hainbat arlotako sortzaile eta adituek hartuko du parte uztailaren 1etik 3ra Amasa-Villabonako Mintzola lantegian egingo diren jardunaldietan

Atzo Mintzolan egindako bi aurkezpenetan parte hartu zutenak. MINTZOLA.
Juan Luis Zabala
2015eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
«Irakasleentzat, aurkezleentzat, aisialdiko begiraleentzat, gurasoentzat, bertsolarientzat, antzezleentzat, ipuin kontalarientzat, kantarientzat, bertsolaritza irakasleentzat eta jendaurrean ari den edonorentzat» izan daiteke interesgarria Ahoa Bete Hots jardunaldietako aurtengo ekitaldikoeskaintza, antolatzaileek adierazi dutenez. Mintzola Fundazioa, Bertsozale Elkartea, Kantuzale Elkartea, Antzerkizale Elkartea eta Ipuin Kontalarien Taldea batu dira antolakuntza lanetarako, eta Emozioak eta umorea ahozkotasunean leloarekin ezagutarazi dute jardunaldien aurtengo ekitaldiko egitaraua. Uztailaren 1ean, 2an eta 3en egingo da, Amasa-Villabonako (Gipuzkoa) Mintzola ahozko lantegian, eta izena emateko epea zabalik dago, www.mintzola.eus helbidean.

Uztailaren 1ean, asteazkenarekin, harreraren eta sar hitzaren ostean, Amaia Vazquez psikologoak, Itziar Zubizarreta Bularretik Mintzora proiektuaren arduradunak eta Asisko Urmeneta marrazkilariak hitzaldi bana egingo dute, eta, ondoren, Nerea Ibarzabal eta Unai Iturriaga bertsolariek eta Asisko Urmenetak Marrazkitutako bertsoak bertso eta marrazki saioa eskainiko dute. Aurkezle lanak Kantuzale Elkarteko ordezkari Juan Luis Aranburuk egingo ditu.

Uztailaren 2an, ostegunarekin, Jone Miren Hernandez EHUko irakasle eta ikertzaileak egingo du lehen hitzaldia; ondoren, Lorea Arburua —Nafarroako Bardoak bertso txapelketaz—, Imanol Epelde —Zarauzko Putzuzulo bertso txapelketaz— eta Oxan Altuna —tabernetako bertso txapelketez— mintzatuko dira; azkenik, Joli Pascualena kantaria Demodé Quartet taldearen esperientziaz mintzatuko da. Aurkezle lanak Ahoa Bete Hotseko batzordeko kide Itziar Irigoienek egingo ditu.

Uztailaren 3an, azkenik, ostiralarekin, Iosu Florentino antzezleak clown tailer bat gidatuko du, eta Ander Lipus antzezle eta antzerki zuzendariak antzerkian emozioak lantzekoa. Aurkezle lanetan, Antzerkizale Elkarteko ordezkari Eñaut Gantxegi ariko da.

Ikerketarako diru laguntzak

Ahoa Bete Hots jardunaldien aurkezpenean ez ezik, bertsolaritza arloko ikerketa sustatzeko ikerketa kontratu baten eta proiektuak laguntzeko hiru diru laguntzaren aurkezpenean ere parte hartu zuten atzo Mintzola Fundazioko ordezkariek, kasu horretan Gipuzkoako Foru Aldundiko eta EHUko hainbat ordezkarirekin batera.

Batetik, bertsolaritza gaitzat duen doktorego tesi bat egitea helburu duen kontratua esleituko dute Mintzola Fundazioak, EHUko Mikel Laboa Katedrak eta EHUko Euskara eta Ikerkuntza errektoreordetzek. «Doktoregaiak hautatuko du zein ikuspegitatik aztertuko duen bertsolaritza, baina epaimahaiak kontuan izango ditu Bertsolaritzaren Ikerketa Plan Estrategikoan lehenetsitako ikerlerroak», azaldu du Isabel Elorza EHUren Gipuzkoako campuseko Euskara zuzendariak. Urtebeteko kontratua finantzatuko da esleipen horren bitartez, beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin, eta EHUn formalizatuko da.

Horrez gain, Mintzola Fundazioak eta EHUko Mikel Laboa Katedrak hiru sari banatuko dituzte —2.000 eurokoa bakoitza— ikergai nagusi bertsolaritza duten beste horrenbeste ikerketa proiektu laguntzeko: master amaierako lanerako nahiz ikerketa monografikorako proiektuak izan daitezke saritutakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.