Galatasaray 76-58 Lointek Gernika Bizkaia

Segadan erori da

Lointek Gernika Bizkaiak hemezortzi punturen aldearekin galdu du Istanbulen, eta, horren ondorioz, Eurokopatik kanpo geratu da
Rachael Vanderwal Gernikakoa, baloiarekin, eta Isil Alben Galatasaraykoa, hura defenditzen, atzo, Istanbulen.
Rachael Vanderwal Gernikakoa, baloiarekin, eta Isil Alben Galatasaraykoa, hura defenditzen, atzo, Istanbulen. GERNIKA

Julen Etxeberria -

2019ko urtarrilak 11
Galatasaray. Alben (7), Jefferson (8), Abdi (18), Grigalauskite (10), Macaulay (19) —hasierako bostekoa—; Atas (5), Onar (3), Topuz (6) eta Gokdemir.

Lointek Gernika Bizkaia. Gwathmey (9), Vanderwal (10), Dietrick (14), Mazionite (5), Berezhinska (16) —hasierako bostekoa—; Ariztimuño, Diez (3) eta Pascua (1).

Markagailua. 25-12, 44-31 (atsedenaldian); 60-43 eta 76-58.

Epaileak. Tsekov, Jovotic eta Stoyanova. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 2.500 ikusle inguru Istanbulgo Ahmet Comert pabiloian (Turkia).

Jakinaren gainean zeuden Lointek Gernika Bizkaian: joanekoan lortutako hamabost punturen aldea abantaila polita izanagatik, ez zen inondik inora erabakigarria. Turkian jokatuko zuten itzulikoa, eta ezaguna da nolakoak izaten diren herrialde horretan jokatu ohi diren partidak. Zaleek sutan jarri ohi dute pabiloia, eta giro bero horretan nahieran aritzen da etxeko taldea. Lehiak segada itxura hartzen du sarri.

Bazekiten hori Lointek Gernika Bizkaian, baita zer egin behar zuten horretan ez erortzeko ere. Baina gauza bat da jakitea, eta beste bat egitea. Eta gernikarrek ez zuten egin, eta bete-betean jausi ziren segadan. Ondorioa: Galatasarayk buelta eman zion kanporaketari. Hemezortzi punturen aldearekin irabazi zuen (76-58), eta Eurokopatik at utzi zuen Gernika.

Mario Lopezek emana zuen abisua bezperan: bero-bero egongo zen pabiloia, eta Galatasaray hori baliatzen saiatuko zen kantxara indartsu ateratzeko. Esan eta egin. Etxekoek sartu zituzten neurketako lehen hamar puntuak. Etorriko zen erauntsiaren aurrerapena besterik ez zen izan.

Kontrakarrean beti

Hasi orduko, beraz, kontrakarrean aritu behar zuen Gernikak. Eta halaxe aritu zen norgehiagoka osoan. Lehen laurdenean jada hamalau puntu zen atzetik: 25-11. Bigarrenaren hasieran, ordea, lortu zuen aldea murriztea, eta zortzira jarri zen: 28-20. Baina berehala jo zuen kolpea Galatasarayk, eta lehen aldiz hamabost puntuko zuloa egin zuen: 37-22. Lehen zatiaren amaieran, hamahirukoa zen aldea: 44-31.

Hirugarren laurdena ere egurrean hasi zuten etxekoek, eta lehen aldiz gainditu zuten hamabost punturen langa. Hala, laurdenaren amaieran, hamazazpi puntu ziren goitik: 60-43. Aldea handituz joan ziren azken laurdenean ere, eta, jabetu orduko, 24 punturen abantaila lortua zuten: 67-43. Erabakia zirudien lehiak, baina, dena galduta ikusi zuenean, suspertu egin zen Gernika. 8-1eko partziala lortu zuen, eta hamazazpi puntura ipini: 68-51. Gehiago gerturatzeko aukera izan zuen, baina huts egin zuen bizpahiru erasotan. Galatasarayk, ordea, ez zuen aukera alferrik galdu, eta hogei puntu goitik jarri zen, partida amaitzeko minutu erdi eskas falta zela: 76-56. Bisitariek azken ahalegina egin zuten, eta azken aukera izan zuten hamabost puntura jartzeko. Baina huts egin zuten, eta hortxe amaitu zen partida.

Galatasarayn, Macaulay eta Abdi nabarmendu ziren: hemeretzi eta hemezortzi puntu sartu zituzten, hurrenez hurren. Gernikan, berriz, Berezhinska eta Dietrick: hamasei eta hamalau puntu.

Burumakur ziren gernikarrak partida amaieran, eta ulergarria da, aukera ona baitzuten taldearen historian beste mugarri bat ezartzeko. Baina harro egoteko moduko lana egin dute, inoiz baino urrunago eraman baitute taldea Eurokopan. Orain, Espainiako Ligan eta Kopan jarriko dituzte indar guztiak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna