Koronabirusa

Nafarroak datorren astelehenean igaro nahi du hurrengo fasera

Nafarroako Gobernuak uste du herrialdeak betetzen dituela horretarako baldintzak. Esan dutenez, «zuhurtasuna, parte hartzea eta asimetria» izango dira prozesuaren ezaugarriak

Garbitzaile bat, Iruñeko kaleetan lanean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Gotzon Hermosilla - Paulo Ostolaza
2020ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Nafarroak eskatuko du datorren astelehenetik aurrera hurrengo fasean sartzeko, herritarren konfinamendua bertan behera uzteko prozesuan. Nafarroako lehendakari Maria Txibitek iragarri du eskaera hori egingo diotela Espainiako Gobernuari, berez erabakia Osasun Kontseiluan egin beharreko eztabaidaren pentzudan egon arren.

«Adierazle kuantitatiboei dagokienez, Nafarroak baldintzak betetzen ditu, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetako ohe kopuruan eta bestelako osasun irizpideetan», esan du Txibitek. Dena dela, ohartarazi du proposamena «dagozkion parte hartze organoetan» landu nahi dutela.

«Normaltasunera» itzultzeko prozesuan, Espainiako Gobernuak hainbat fase ezarri ditu, eta baldintza batzuk jarri, fase bakoitzera igaro nahi duten lurraldeek bete beharrekoak. Hurrengo fasea —Espainiako Gobernuak egindako sailkapenean «lehenengo fasea» deritzona— dato- rren astelehenean hasiko da, maiatzaren 11n, eta fase horretan sartzen diren lurraldeetan aukera egongo da jendea biltzeko —betiere, hamar pertsona baino gehiago elkartu gabe—, 400 metro koadro baino gutxiagoko dendek ateak zabaldu ahal izango dituzte, eta taberna eta jatetxeek ere terrazak ireki ahal izango dituzte %50ean.

Osasun zuzendari nagusi Carlos Artundo zuhurrago mintzatu da, eta ez du argitu bere ustez Nafarroak hurrengo fasera pasatzeko baldintzak betetzen ote dituen, baina baikor agertu da alor horretan: «Denok dakigu Nafarroa abiapuntu egokian dagoela prozesuari ekin ahal izateko».

Artundok esan duenez, «trantsizio egokia» egin ahal izateko, hiru izango dira gakoak: «Zuhurtasuna, parte hartzea eta, datuek horretarako aukera ematen dutenean, asimetria». Hiru printzipio horiek izango ditu Nafarroako Gobernuak gidari prozesuari ekiterakoan.

Artundok azaldu du zeintzuk izango diren prozesuaren ezaugarriak. Alde batetik, uste du beharrezkoa dela «azkarrak» izatea «neurriak modu mailakatuan eta askotariko errealitateak aintzat hartuz ezartzeko», eta iragarri du neurri horiek desberdinak izan daitezkeela leku batetik bestera. Gainera, «funtsezkotzat» jo du udalerrien eta gizarte zibilaren esku hartzea.

«Informazio eta monitorizazio sistema azkarra» izateari ere garrantzi handia eman dio, pandemiaren bilakaera zertan den unean-unean jakiteko. «Helburua da erreakzionatzeko gaitasuna izatea, gaixotasunaren susperraldi bat edo konpondu beharreko arazoren bat suertatuko balitz», esan du.

Horrelakorik gertatuz gero, Nafarroako Gobernuak «erantzukizunez eta gardentasunez» jokatuko luke, eta «sendo» helduko lioke arazoari, Artundok esan duenez.

Proposamena, gaur

Nafarroako Osasun zuzendari nagusiak azaldu du zein izango den prozesua hemendik aurrera, Espainiako Gobernuak erabakia hartu arte. Esan duenez, Nafarroako datuekin gaur bertan helaraziko diote txostena Espainiako Osasun Ministerioari, hark aurretik ezarritako adierazleak aintzat hartuta —baieztatutako kasuak zenbat diren, ZIUetako oheak zenbat, zer material duten eskura, zer oinarrizko zerbitzu, eta abar—.

Bihar eta etzi, datu horiek erkatuko dituzte, eta horien inguruko eztabaida egingo dute. Nafarroako Gobernua saiatuko da Espainiako Osasun Ministerioari «Nafarroako osasun sistemaren indarguneak» ikusarazten, hark hurrengo fasera pasatzeko baimena eman dezan. Printzipioz, Osasun Ministerioak larunbatean aterako ditu aginduak: orduan jakingo da zeintzuk diren hurrengo fasera igaro ahal diren lurraldeak.

Prozesu horri dagokionez, Artundo Osasun zuzendari nagusia itxaropentsu agertu da: «Nafarroako osasun sistemaren ahalmena ez da txikia», azaldu du.

Nafarroako Gobernuak trantsizio prozesua kudeatzeko ezarri nahi duen «gobernantza ereduaz» ere mintzatu da Artundo, Espainiako Gobernuak hurrengo fasera igarotzeko baimena emango balu. Esan duenez, kudeaketaren erdigunean Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko adituak egongo dira, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko zein Navarrabiomed ikerketa zentroko adituen laguntza izango dute zeregin horretan. Nafarroako Trantsiziorako Batzordeak ere zeresana izango du arlo horretan; Artundok esan duenez, «gizarte zibilaren arlo ugari» ordezkaturik dauden han.

Baina Nafarroako Parlamentua ere aintzat hartu nahi izan du Osasun zuzendari nagusiak: «Erabaki batzuk hango talde parlamentarioek hartu behar izango dituzte», azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.