Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

literatura iaz hil zela

2014ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
adierazi zidanean, une batez kopetilun geratu nintzaion. «Bai, Alberto Olmosen Alabanza nobelan irakurri berri dut eta, hortaz, ez dakit zertan zabiltzan, alferlanean». Eta nik, badaezpada ere, mihia txuloan jarraitu nuenez, adiskideak gaineratu zuen: «2019an kokatua dagoen nobelak kontatzen duenez, 2013an Literaturako Nobel Saria Bob Dylani ematearekin batera hil zen. Orduan amaitu zen literaturaren gezurra, orduan idatzi ziren akaberako lerroak, epitafiorako. Akademiaren arabera, eusgarria gorabehera, artea bat eta bakarra da: musika, zinema, komikia, bideojokoak… Horregatik, 2014ko saria Almodovarri eman zitzaion, eta 2015ekoa The Wire filmeko gidoilari taldeari». Argi zegoen adiskideak ongi prestatua ekarri zuela speech-a: «Irakurleak hil egin dira, Patxi. Gaur egun apenas geratzen den halakorik. Zuk egiten duzun literaturak, egun, operak baino publiko urriagoa du».

Florida parkeko berdamenean genbiltzan, baina atzera egin behar izan genuen; errekasto idorrean konponketa lanetan ari ziren eta pasabidea galarazia zegoen. Horrek konparazioren baterako aitzakia ematen zidan arren, kazeta honetan bertan Ismael Manterolari irakurritako Presentzia soziala artikulua ekarri nuen hizpidera, haren hitzak berritu nizkion adiskideari: «Arteak galdu egin du gizartearen erakargarritasuna, galdu ikusgarritasuna. Azken garaian, arte mundukoak konturatu gara goi mailako politikariak jada ez direla biltzen arte ekitaldi nagusietara. Zerbait gertatu zela konturatu nintzen 2013ko Gure Artea sari banaketan, Urkullu lehendakaria ez ezik, Kultur kontseilaria ere azaldu ez zenean». Adiskideak, baina, ez zuen aukerarik galdu: «Ikusten, 2013a berriro ere!». Eta nik, orduan: «Kontua da, haren ustez, literaturak oraindik ere baduela prestigiorik, eta euskal kulturan gehientsuenok ezagutzen dugula urte hartako irabazlea, Saizarbitoria, alegia; baina ez artista sarituak…». Azken urteotan ekitaldia telebistatik kentzearen sintoma aipatzear nengoela, zozo bat hasi zen kantuan, eta ezin jakin adiskideak «gaixoa», «zozoa» edo «inozoa» marmarikatu zuen; edonola ere, ederra iritzi nion moko horiaren firurikari.

Isilune berdean begiak begietan geratu ginelarik, adiskideari aitortu nion idazle ibilbidearen hastapenean —ni ere artean berde—, Madrilen, Martin Prietotarrenean jai batera gonbidatu nindutela, eta han ikusi nuela Leguina idazle eta politikaria, belauniko, Charo Lopez aktoreari kabiar iraniarra goilarakadatxoetan eskaintzen. Luis Maria Anson ere han zebilen, modelo baten abaroan, Kanadatik ekarri berria zuten izokin ketua ahoratzen. Egia esatera, autoestimuagatik kontatu nion hori guztia, pasadizo horiek irakurri baino ez bainituen egin. Nola aitortu zertan geratu diren bestorduko Durangoko Azokako bazkari oparoak; nola aitortu, —O tempora, o mores…— Gasteizko tertulietan, Esquibel jatetxeko afari joriak urteko ardoarekin bustitzen ditugun ogitarteko eskastxoak bilakatu zaizkigula? Bai, nik uste adiskideari arestian «gaixoa» atera zitzaiola, edo «zozoa» edo «inozoa».

Alabaina, berdamenean zabaltzen zen argigune baten eraginez edo, ziplo jaurti nion: «Dena dela, Alberto Olmos horrek nobela 2014an argitaratu ez du ba!». Adiskideari irri firfira maleziatsua piztu zitzaion. «Literatura hilik egon daiteke, baina kontsolamendu beharra ez da amaitu. Bai, ez ahantzi ni beti egongo naizela zure hurrengo lana irakurtzeko irrikaz, baita azken irakurlea banaiz ere». Hala bada, zeharka edo zuzenean, berak nobela irakurtzeko gogoa piztu zidanez, udarako nik Adameken Le maître des jardins noirs nobela gomendatu nion, edota Rikardo Arregiren Bitan esan beharra poema liburua. Doi bat baikorrago, adiskideari xuxurlatu nion: «Agian literaturak badu esperantzarik». Eta Leguina eta Charo Lopezen pasadizoa gogoan edo, adiskideak gereziondo batera eraman ninduen, han, oihanaren hondo-hondoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.