Juan Luis Zabala
HIRUDIA

Literatura ez da esanekoa

2016ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Oraindik orain, ez dira hamar egun ere pasa oraindik, Airearen isla nobela aurkezterakoan, Mikel Hernandez Abaituak adierazi du urrunegi ikusten duela bere egungo prosa bere lehen liburuen garaian indarrean zegoen nobela modernotik. «Anglosaxoiek modernista esaten zioten, eta hemengo jendeari gustatzen zitzaion esperimentala esatea: egitura aldetik konplexuagoa zen, pertsona gramatikal bat baino gehiago agertzen zen, eta abar». Airearen isla «tradizionalagoa» dela esan du Hernandez Abaituak, lineala denboran, eta hirugarren pertsonan idatzia, lehenaldian. Nahiko iritzi zabaldu eta onartua da Hernandez Abaituaren hori, eta aipa daitezkeen salbuespenek baieztatu baino ez dute egiten seguru asko.

Hernandez Abaituak aipatutako horrekin batera, beste joera aldaketa bat ere gertatu da, nire ustez, hala euskal narratiban nola euskal literaturari eragiten dion literatur eremu zabaleko narratiban oro har: gero eta gertuagoko erreferentziak eta errealitateak erabiltzekoa; eta, horrekin batera, alter ego-ak gutxiago disimulatzekoa edo, zuzen-zuzenean, autofikziora jotzekoa.

Adibide asko aipa daitezke. Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao (2008), Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat (2013) eta Bernardo Atxagaren Nevadako egunak (2013) dira ezagunenak eta adierazgarrienak, baina ez dira inondik ere bakarrak, ezta aurrekaririk gabekoak ere.

Hala ere, kasurik paradigmatikoena Anjel Lertxundirena iruditzen zait. Otto Pette aurkeztu zuenean (1994), Erdi Aroan girotutako nobela baten bidez bere inguruko errealitateari buruz ere idatzi zuela adierazi zuen, Euskal Herriko gatazka politikoari buruzko nobela ere bazela hura, edo halakotzat hartuta ere irakur zitekeela behintzat. Zorion perfektua (2002) eta Etxeko hautsa (2011) nobeletan, aldiz, bere inguruko espazioan eta denboran kokatutako fikzioaren bidez heldu zien Lertxundik Euskal Herriko gatazka politikoaren gorabeherei. Zu nobelarekin (2015) —Euskal Herriko gatazka politikoaren gaia alde batera utzita kasu honetan—, aldez aurreko asmorik gabe bada ere, ia-ia oharkabean, autofikziora edo horren oso antzeko zerbaitera iritsi da, fikziorik gabeko eta egilearen bizitzari pega-pega egindako kontaketa batera; eta harrera beroa izan du, irakurle soilen nahiz kritikarien aldetik. Ez dakit hori dena posible izango ote litzatekeen Otto Pette argitaratu zen garaian.

Moda hutsa baino zerbait gehiago uste dut dela, horrenbestez, autofikzioa —eta, autofikzioarekin batera, gertuko erreferentzien eta disimulu gutxiko alter ego-en erabilera—, literaturak garaiari hobeto erantzuteko bereganatu duen baliabide bat seguru asko, zergatik eta zertarako darabilen zehatz esaten ez badakit ere.

Autofikzioarekin «nahiko despistatuta» dagoela adierazi du Ramon Saizarbitoriak, Gorka Bereziartuak Argia aldizkarian egindako elkarrizketan, eta nahiko modu grafiko eta umoretsuan azaldu du despiste horrek sentiarazten dion ezinegona: «Zeren fikzioarekin badirudi hitzarmen argia genuela: hau, printzipioz, asmatutakoa da. Eta gero zegoen 'ni-aren literatura' edo biografia: egia esatera konprometitzen naiz. Eta orain etortzen da autofikzioa eta gertatzen zait autoei zaunka egin behar ziela eta bizikletei ez ikasi zuen zakurrarena: motozikleta pasatzen denean ez daki zer egin».

Beste idazle batzuek ere erakutsi dute autofikzioarekiko errezelorik. Autofikzioaren aurkako manifestu bat eta guzti hedatu zuen —umoretsua eta ironikoa bazen ere— Iban Zalduak duela bi urte sarean, autofikzioaren arriskuez ohartaraziz eta egin ditzakeen kalteak salatuz, aitorturik, hala ere, ez dela beti erdeinagarri: «Autofikzio guztiak ez du zertan txarra izan, eta emaitza, maiz, idazlearen abileziaren araberakoa izango da, zer esanik ez».

Autofikzioak baditu bere arriskuak eta egin dezake kalterik oker erabiliz gero, baina alferrik da literatura egiteko modu baten aurka hitz egitea; alferrik da literaturan hau, hori edo hura ez dela egin behar esatea. Niri behintzat, liburu bati atzeman diodan akats bat komentatzen edo salatzen hasi orduko, susmoa pizten zait akats moduan ikusi dudan hori bertute ez ote den. Literatura eskuekin heltzen ahalegindu orduko ihesi doan letra-ura baita. Literatura ez baita otzana, ez baita esanekoa, eta berezkoa baitu inondik ere egin behar ez duela esaten dioten hori egiteko sen, afizio eta jaidura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.