Migrazioa. Iheslariak Europara bidean

Mediterraneoaren beste aldeari begira

Europara bidean, paperik gabeko migratzaile afrikar askok Egipton egonaldia egin ohi dute. Baina, iaztik, gero eta baldintza gogorragoetan bizi dira. Mediterraneo itsasoa ontzi kaskar batean zeharkatzea, arriskutsua izanagatik, irteera bakartzat daukate askok.

Italiako Itsas Armadak Mediterraneoko uretan erreskatatutako migratzaileak, Espero gerraontzian. Giuseppe Lami / Efe GIUSEPPE LAMI / EFE.
Ane irazabal
Alexandria
2014ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Giza trafikoaren biktima bat da Auet. Eritreatik ihes egin eta Sudango trafikatzaileek Egiptora ekarri zutenetik, ez du burua altxatzeko aukerarik izan. «Israelera sartuko ginela esan ziguten, baina azkenean Sinai penintsulako atxilotze zentro batean amaitu genuen», azaldu du gazteak. Azken bi urteetan tokian tokiko trafikatzaileen eta segurtasun indarren txotxongilo bat izan da Auet. «Sudanen bahitu gintuzten, eta bortxaketak eta torturak pairatu genituen gure familien erreskatea iritsi bitartean. Bahisaria ordaindu ezin zuten herrikideei giltzurrun bat atera zieten zorrak kitatzeko».

Auetek uste du «tamalgarria» dela iheslari afrikarrek Egiptora iristean jasotzen duten harrera: «Bazterkeria larrian bizi gara. Eritrearrok errefuxiatu txartela jasotzeko eskubidea dugu, baina agintariek kriminaltzat jotzen gaituzte», salatu du. Horregatik, Europara ihes egiteko erabakia hartu du gazteak: «Badakit arriskutsua dela ontzi batean sartu eta itsasoz ihes egitea, baina Egipton geratzen banaiz ez dut etorkizunik izango». Alexandrian dago, itsasoan ere negozioa egiten duten trafikatzaileen abisua noiz jasoko zain. 2.000 dolar (1.400 euro) ordaindu behar izan ditu.

Aueten egoera ez da salbuespen bat, Jemal Ferah ekintzaile eritrearraren ustez: «Lehenago, iheslariek bazuten aukeraren bat: Israelera ihes egitea, Libian lana bilatzea edo Egipton babes politikoa eskatzea. Baina Udaberri Arabiarrak ekarritako kaosak irtenbiderik gabe utzi ditu. Europara joatea da aukera bakarra». Errefuxiatuen eskubideen alde lan egiten duen Amera erakundeko kidea da Ferah. «UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak ez du ia aurrekonturik Egipton. Gainera, babes politikoa eskatzen dutenek ez dute lan egiteko baimenik, eta, beraz, zertarako eskatu errefuxiatu txartela?», nabarmendu du.

Siriarrak ere, ihesean

Iragan udazkeneko iheslarien joan masiboaren ondotik, aurten ere siriar andana bat Europarako bidea egiten ari da. Izan ere, Siriako herritarren egoerak okerrera egin du Egipton militarrek Anaia Musulmanak boteretik kendu zituztenetik. «Egiptora etorritako siriarrek asko inbertitu dute; negozioak ireki dituzte. Baina gehienek dirua galdu dute hemengo egoera politiko eta ekonomiko kaskarragatik», azaldu du Nader Attarrek, Refugees Solidarity Movement elkarteko kideak.

Homsetik ihes egin zuen Walid Abdel ostalariak, eta janari azkarreko jatetxe txiki bat dauka Alexandriako tren geltokiaren ondoan. «Duela urtebete, siriarren negozioz beterik zegoen eremu hau, baina, orain, ni bakarrik geratzen naiz. Libanora, Turkiara edo Europara joan dira». Abdelek onartu du ez duela Nazio Batuen Erakundera jo errefuxiatu gisa erregistratzeko, Egipton urte eta erdi daraman arren: «Babes politikoa eskatuz gero, karitatea eskatzera derrigortzen gaituzte. Guk lan egin nahi dugu».

Edonola ere, Abdeli ez zaio burutik pasatu ontzi batean sartu eta Europara ihes egitea. «Oraindik ez, behintzat; errespetu handia diot itsasoari. Alta, egia da gero eta zailagoa zaigula hemen bizirik irautea. Egoerak okertzen jarraitzen badu, familia hartu eta hanka egin beharko dut», iritzi dio. Egiptok jasaten duen krisi ekonomiko larria aipatu du Abdelek: «Oinarrizko produktuen prezioek gora egin dute, eta energia faltak argi mozketa etengabeak ekarri dizkigu».

Hamaika oztopo burokratikorekin topo egiten dute iheslariek. Estatu kolpetik, siriarrentzat beharrezkoa da bisa bat izatea Egipton sartu ahal izateko. Adli Mansur presidenteak iragarritako «behin-behineko neurri» horrek azkar batean gelditu du Siriako iheslarien etorrera, eta beste asko alde egitera behartu ditu. «Familia asko zatitu egin dira; Egipton zeudenek ezin izan dituzte senar-emazteak edo seme-alabak ekarri», azaldu du Abdelek.

Are okerragoa izan da, ordea, hedabide egiptoarrek siriarren kontra eginiko kanpaina. «Egiptoko ezegonkortasun politikoaren erantzule egin gaituzte, errefuxiatuak Anaia Musulmanen aliatu ginela adieraziz», iritzi dio Abdelek. Ostalariak argi dauka bezero dezente galdu dituela kanpaina horren ondorioz.

NBEren datuen arabera, egun 137.000 siriar inguru daude Egipton, iaz baino %15 gutxiago. «Sentitzen dugu ez gaituztela ongi hartzen, eta, horrela, zaila da beste bizimodu bat hastea. Klandestinoak bagina bezala jokatzen dute gurekin. Egipton geratzea ez da aukera bat iheslari gehienentzat», dio Abdelek.

Europara alde egiteak, ordea, hamaika arrisku eta zailtasun dakartza. Egiptok segurtasun neurriak indartu ditu ontziak irtetea eragozteko, eta alde egiten saiatu direnen kontrako zigorrak gogortu ditu. Apirilean, Sudan, Eritrea eta Siriako berrogei errefuxiatu atzeman zituen Poliziak ontzi batean, Beheirako hondartza batean. Ontzi horretako hiru gizonezko Siriara deportatuak izateko arriskuan daudela salatu du Amnesty Internationalek. «Egiptok ezin du jarraitu iheslarien gaineko erantzukizuna saihesten. Errefuxiatuek Siriako gatazka odoltsutik ihes egin eta miseria aurkitu dute hemen. Den-denak aske gera daitezela eskatzen dugu», adierazi du Hadj Sahrauik, AIren Ipar Afrikako zuzendariak.

Mare Nostrum

Mediterraneoaren beste aldean, Italian, arduraz begiratzen diote urak dakarrenari. Astelehenean, hamazazpi gorpu itsasotik atera zituen Italiako Itsas Armadak Libiako kostatik 40 miliara. Talde bereko berrehun etorkin bizirik aurkitu zituzten, baina, haien arabera, laurehun pertsona zeuden hondoratutako ontziaren barruan. Egun batzuk lehenago, beste berrogei lagun hil ziren Libiako uretan, nora ezean zebilen ontzi bat irauli ostean.

«Mare Nostrum kanpaina hasi genuenetik, trafikatzaileek gero eta ontzi kaskarragoetan sartzen dituzte etorkinak, badakitelako orain Libiako mugetaraino hurbildu ohi garela erreskate lanak egitera», azaldu du Giovanni Pinto Barne Ministerioko Immigrazio buruak Italiako diputatuen ganbaran. Uste berekoa da Ferah ere: «Aurten iaz baino diru gutxiago eskatzen dute Egiptoko trafikatzaileek, baina ontzien kalitatea txarragoa da. Eta pertsona gehiago sartzen dituzte barruan».

Lampedusako uretan 366 etorkin ito ostean jarri zuen martxan Enrico Letta Italiako lehen ministroak Mare Nostrum kanpaina «militar eta humanitarioa». Iazko urritik, 26.000 pertsona erreskatatu ditu itsas armadak, 20.000 urtarriletik orain arte. Lettari tokia kendu zion Matteo Renzik, eta horrek ere «ukaezintzat» jo du Mare Nostrumen balioa: «Ehunka ezbehar saihestu ditugu».

Edonola ere, Mare Nostrum ez da polemikatik salbu geratu. Italiako politikan eragin handia duten muturreko talde eskuindarren ustez, immigrazio «klandestinoa» sustatzen du, eta garestiegia da. «Mediterraneo itsasoko taxi zerbitzu bat dirudi, eta eguneko 300.000 euroko kostua du italiarrontzat», iritzi dio Matteo Salvini Lega Nord-eko Europako Parlamenturako hautagaiak.

«Gainezka gaude»

Halako kritikak ikusirik, Erromak Europaren parte hartzea erregutu du, beste behin. Renzik Europako Kontseiluko presidentetza eskuratuko du datorren uztailean, eta argi dauka Bruselari eskatuko diona: etorkinen auzian erantzukizuna onar dezala.

Italia hegoaldean hobekuntza gutxi espero dituzte, ordea. Lampedusan hamar urte daramatzate Europako Batasunari laguntza eske, eta, orain arte, mugen kontrolerako Frontex agentziaren presentzia besterik ez dute izan.

«Etorkinak erreskatatzea eta haiei harrera duin bat egitea ez da soilik Italiaren erantzukizuna, Europa osoarena baizik. Nazioarteko kanpaina osatuago bat antolatzea beharrezkoa da», esan dio BERRIAri Giusi Nicolini Lampedusako alkateak. Nicoliniren ustez, Bruselak ez du hobetu etorkinentzako harrera politika, eta uste du aurtengo udan ere Italia hegoaldeko probintziek izango dutela erantzukizun guztia. «Lampedusan gainezka gaude, eta ontzien etorrera hasi besterik ez da egin».

Hala, Nicolinik sutsuki defendatzen du Afrikatik Europarako kanal humanitario bat sortzeko ideia. Egitasmo horrek hau proposatzen du: babes politikoa eskatzeko Europara ihes egin nahi dutenek Afrikako erakunde europarretan egin dezatela lehen igarobidea, itsasoaren beste aldera modu seguruan iristeko. Europako herritar askoren haserrea bere egin du Lampedusako alkateak: «Ezbehar bat gertatzen den bakoitzean, 'azkena izan dadila' esanez bizkarra ematen diogu etorkinen auziari. Aski da. Azken hamarkadetan 20.000 pertsona ito ditu Mediterraneoak. Zenbat gehiago hil behar dira?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.