Juan Luis Zabala
HIRUDIA

Bezakidetza

2016ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Hiriko erakunde ofizialek antolatutako kultur jardunaldi erraldoi batzuen karietara bizikidetzaren inguruko testu literario bat idazteko eskatu ziotenean, nahasmenak hartu zuen idazlearen burua, trumilka zetozkion ideia zoro ezin atzemanen mende.

Batetik, literaturak, bizikidetzari benetan laguntzekotan, halakorik esan gabe lagundu beharko liokeela pentsatu zuen: ez zuzenean eta espresuki, zeharka baizik; ez aldez aurretik ezarritako asmo bat betez —gatazka saihesteko joera indartzen baitu horrek, eta askatasuna mugatu—, gerora akaso etor daitekeen ondorio positibo gisa baizik; eta erakunde ofizialen ikuspegiarekiko disidentziak haien kontrolpetik kanpo adierazita beti ere, jakina. Bestetik, ordea, askatasun osoa zeukan bere testuan hori ere esateko, eta hortik aurrera bere ustez bizikidetzarako ikusten zituen benetako arazoak salatzeko, hiriko eta are goragoko erakunde ofizialen kritika eginez, egoki iritziz gero.

Askatasun hori baliatuz, testuaren izenburua Bizikidetza S.A. izan zitekeela otu zitzaion, edo Bezakidetza bestela. Baina berehala ohartu zen izenburu horien azpian egin zezakeen kritika egina zutela aurretik beste idazle, artista, musikari eta kultur eragile disidente askok, eta guztiz irentsia eta xurgatua geratuko zela kultur jardunaldi erraldoien testuinguruan, jardunaldion zilegitasun demokratikoaren berme eta hazkurri bihurtuta, ad maiorem Eventus gloriam.

Gaiari buruz pentsatu ahala, aspaldi irakurritako Thomas Bernharden testu baten oihartzun urruna zetorkion behin eta berriz burura, eta halako batean, eskaintzari ezezkoa emateko puntuan zegoela —ez kontzientzia arazoengatik (idazleak idazle izaten ez ezik idazle agertzen ere jarraitu nahi baitzuen), aurretik entzunen eta irakurrien kopia izango ez litzatekeen ideia egokirik bururatzen ez zitzaiolako baizik—, Bernharden testu hura arretaz berrirakurri eta jabetu zen huraxe zela —berak arrazionalki oso ondo ez jakin arren zergatik— bizikidetzaz idatzi nahiko zukeen testua. Horregatik, kultur jardunaldien antolatzaileei testuaren euskarazko itzulpena bidaltzea erabaki zuen, berak sinatuta, pentsatuz inor ez zela plagioaz jabetuko, eta arazorik gabe sartuko ziotela testuarengatik agindutako dirua kontu korrontean, eta arazorik gabe txertatuko zutela testu hura, bere sinadurarekin, kultur jardunaldietako antolatzaileek ekitaldi guztien amaieran argitaratzeko asmoa zuten bizikidetzari buruzko sormen liburu multidiziplinarrak jasoko zituen askotariko ekarpen sortzaileen artean:

«Sorraraziak gara, ez ordea heziak, gure sorrarazleak beren basakeria guztiarekin, gu sorrarazi ostean, gure aurka aritzen dira, gizakiaren baldarkeria suntsitzaile osoarekin, eta dena hondatzen dute hartaz ezer ez dakiten izaki berri horren lehen hiru urteetan, hartaz dakiten bakarra, baldin badakite, durduzaz eta arduragabekeriaz egin dutela baita, jakin gabe horrekin krimenik handiena egin dutela. Erabateko ezjakintasunez eta doilorkeriaz, gure gurasoek mundura egotzi gaituzte eta, behin hor gaudelarik, ezin gaituzte mendean hartu eta gu mendean hartzeko beren ahalegin guztiek huts egiten dute, laster ematen dute amore baina beti beranduegi, beti gu suntsitu gaituztenetik denbora puska bat igaroa delarik, bizitzako lehen hiru urteetan, urte erabakigarrietan, gure gurasoek guraso gisa ezer jakiterik nahi izaten ez duten urte horietan, ezer jakiterik ez daukaten urte horietan, mendeetan egin delako guztia ezjakintasun izugarri horren alde, gure gurasoek, ezjakintasun horrekin, hautsi eta deuseztatu eta hautsi eta deuseztatu egin gaituzte bizitza osorako, halako moldez non beti aurkitzen ditugun munduan beren gurasoek, guraso ezjakin, doilor eta ilustrazio gabekoak direnez, hautsi eta deuseztatutako izakiak, hautsiak eta deuseztatuak bizitza osorako, beren lehen urteetan. Gizaki berria beti da amak erditua animalia bat balitz bezala, eta animalia baten gisa tratatu eta galbidera eramaten du ama horrek, amek erditutako animaliak baino ez ditugu aurkitzen, ez gizakiak, dagoeneko lehen hilabeteetan eta lehen urteetan amek, beren animaltasun beteko ezjakintasun guztiarekin, hautsiak eta deuseztatuak, baina ama horiek ez dute inolako errurik, inoiz ez baitituzte ilustratu, gizartearen interesek ez dute bat egiten ilustrazioarekin, gizarteak ez du inondik inora ilustratzeko asmorik, eta gobernuak beti daude, kasu guztietan, herrialde guztietan eta estatu forma guztietan, beren gizartea ilustratua ez izatean interesatuta, beren gizartea ilustratuko balute denbora gutxiren buruan deuseztatuko lituzkeelako gizarte ilustratu horrek, eta gizartea ilustratua izango ez den mende ugari etorriko dira, gizartearen ilustrazioak gobernuen suntsiketa ekarriko lukeelako, eta horregatik aurkitzen ditugu haur ez ilustratuen guraso ez ilustratuak, bizi diren artean gizaki ez ilustratuak izaten jarraituko dutenak, bizitza osoan ezjakintasun erabatekora kondenatuak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.