Inma Errea.
Altsasuko auzia. IRITZIA

Aurpegia ematen etsipenari

2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Ikara pizten du batengan Espainiako Zigor Kodearen 573. artikuluak —eta 573 bis artikuluak ere!—: ikara pizten du hor pilatzen diren delitu «astun» askotarikoen zerrenda bete bezain zehaztugabeak (zer da Koroaren aurka egitea?); ikara pizten du delitu horien helburu gisa zedarritutako lau kasuetako hirutan larritasuna aipatzeak (larritasuna aipatzen ez duen bakarrak, laugarrenak, populazioan terrorea sortzea helburu duten delituei dagokie…), eta ikara pizten du hiru kasu horietan Zigor Kode espainiarrak «larriki» adberbioa erabiltzeak —«gravemente» dio gaztelaniaz— zehaztu gabe zertan den larritasuna.

Halakoek, zerrendaren betetasuna eta deskribapenen zehaztugabeak, sortzen dituzte ikara eta kezka Altsasuko kasuak gertuagotik edo urrunagotik ukitzen gaituzten ororengan —adi, zeren herritar guztiok ukitzen baikaitu nola edo hala!—. Eta, orobat, Espainiako Estatuak mehatxutzat jotzen dituen guztiengan —izan Katalunia, izan agintearen kontra desadostasunak aldarrikatu nahi dituzten ekintzaile edo artistak—.

Erraz ulertzen baita lege-testu horiek, beren sintaxi konplexu eta hantuarekin eta beren hitz hertsi astunekin, bide jakin bat prestatu dutela, eta bide horrek eraman dituela hiru gazte presoaldi prebentiboa nozitzera, haien bizitzetan eten gogor eta bidegabea eraginda —urte bat eta erdi laster!—. Eta bide horrek berak urte anitzetarako giltzaperatu ahal dituela auziperatutako guztiak Altsasuko liskar harengatik —liskarra izan baitzen, eta ez besterik—.

Adostasuna erabatekoa da: kasuak jotako guztiek aho batez kezka adierazten dute epaiketak ekartzen ahal duenaz. Etsigarria da, akigarria. Etsipenari aurre eginda jende anitzek anitz lan egin baitu —lan egiten ari da— Altsasuko gazteak ahalik eta hobekien ateratzeko bidegabekeria honetatik.

Ezin baikara gelditu harrapaturik etsipenaren atzaparretan. Horretan ere handia baita adostasuna. Errealitateak aurpegi latza aurkezten badigu ere, ez dugu amore eman behar.

Atzo, Iruñean, bidegabekeria handi baten kontra agertu ginen, eta gazte batzuen etorkizuna salbatzearen alde. Gaur, Bartzelonan, beste batzuk ari dira, bidegabeko beste espetxeratze batzuen aurka. Bi auzi nolabait lotuta (bart toki bat egin zioten Altsasukoari TV3ko FAQS emanaldian…), eta kausa bakar bat: bidegabekeriaren aitzinean planto egiteko beharra. Bi kasuetan justizia-egarriak eskatuta, eta zuhurtziak ere —eskubide zibiletan amore emateak ez baitu ezer onik ekarri inon, inoiz—.

Nahiago nuke atzokoa Altsasuko gazteen alde egin beharreko azken agerraldia izanen balitz; zentzutasunak neurrigabekeriari irabaziko balio, bihar hasiko den epaiketan; azkar amaituko balira auziperatutako gazteen eta haien hurbilekoen sufrimendua eta urruneko espetxeetarainoko bidaia luzeak.

Baina ez bada hori gertatzen, aukera bakarra dugu: atzo bezala justizia aldarrikatzen jarraitzea. Atzo bezala, behar den orotan. Etsipenari aurpegi ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.