Markel Susaetak ez du Athleticen jarraituko: ekainaren 30ean utziko du kluba

Markel Susaeta.
Markel Susaeta. J. J. UBEDA / EFE

Erredakzioa -

2019ko maiatzak 7
Boz gora kontatzen zen sekretu bat zen kasik, eta atzo baieztatu zen zurrumurrua izan dena azkeneko asteetan: Markel Susaetak ez du Athleticen jarraituko. Ekainaren 30ean bukatuko zaio kontratua klubarekin, eta ez du berrituko. Rafa Alkorta Kirol zuzendariak aurreko astean irrati batean emandako elkarrizketa batean jakinarazi zuen klubaren lehentasuna entrenatzailearekin kontratua berritzea zela, eta gero etorriko zirela jokalariekin hitz egin beharrekoak. Bada atzo klubak berak jakinarazi zuen, ofizialki, Susaetarekin elkartu direla, eta jokalariak eskaintza ez sinatzea erabaki duela.

Ikusteko dago orain jokalariak zer bide hartuko duen. 31 urte ditu erdilari eibartarrak, eta beste talderen batean jokatzen jarraitzeko eskaintzarik baduen ez du jakinarazi. Espero da datozen orduetan esplikatuko dituela bere asmoak. Susaetak 22 urte egin ditu zuri-gorriekin; Lezaman hasi zenetik, leial aritu da taldearekin, eta bizkarrean hartuta daramatza Athleticekin Lehen Mailan egindako hamabi denboraldiak, jokatutako 506 partidak —Athleticekin partida gehien jokatu dituen bosgarren jokalaria da—, eta sartutako 56 golak.

Ez da Susaeta izango datorren denboraldian San Mamesen faltatuko den jokalari bakarra. Mikel Ricok, Alex Remirok eta Ander Iturraspek ere ez dute jarraituko. Aritz Adurizek zer erabakiko duen jakitea falta da orain.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna