Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Duaia

2017ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Sara Perezek eta Rene Barbierrek sortutako ardoa da Duaia. Horretarako syrah, garnatxa eta cabernet sauvignon mahatsak erabili dituzte. 4.500 litroko upelean burutzen du ardo horrek hartzidura alkoholikoa, txortenik gabe. Hogeita bost egunez egoten da ardo-muztioa mahatsaren azalarekin beratzen, hartzidura burutu arte; betiere legamia naturalekin, hau da, mahastitik mahats garauek azalean dakartzaten legamiekin, hain zuzen ere. Hartzidura malolaktikoa, berriz, 2.000 upel berrietan burutzen du, egurraren ukitua nabarmenegia gerta ez dadin.

Tarragona (Herrialde Katalanak) herrialdean dagoen Gratallopseko mahastietan du jatorria ardo zoragarri horrek. Mahastia 500 metroko altueran dago, eta landatze dentsitatea oso handia da.

Mahastiak licorrella lurretan daude, hain bertoko arbelez osaturiko lurretan, eta horrek mineraltasun ukitu nabarmena eta berezia ematen dio ardoari, Priorat inguruan hain berezia eta bitxia bilakatzen dena.

Oso ekoizpen murritzeko ardoa da Duaia, bi mila botila baino ez baitira ekoizten uztaldiz uztaldi.

Upategia Mas Martinet da, aski ezaguna ardozaleontzat, upategi bikaina eta ardo izugarriak eskaini dizkiguna. Duela gutxira arte Josep Lluis Perez maisuak zuzendu eta gidatu badu ere, azken aspaldian Sara Perez haren alabak zuzentzen du, emaitza ezin hobeak eskainiz.

Sara Perezek Venus La Universal upategia zuzentzen du, Tarragonako Montsant sor-markapean, eta orain Priorateko Mas Martinet upategia ere bere gidaritzapean dago.

2000. urtetik hona, Mas Martinet upategiak mahastiak, olibondoak eta basoa agrosistema bakar baten moduan kudeatzen ditu, agroekologiaren aginduak eta moduak jarraituz.

Sara Perezek upategi horretan bere senarra du ondoan, Rene Barbier (Clos Mogador).

Beraz, Priorat eskualdeak duela hogei bat urte izan zuen berpiztearen arduradunek jarraipena dute gaur egun seme-alaben eskutik.

Duaia ardo erakargarria da, boteretsua. Perfume izugarria eskaintzen du sudurrean, eta handia da ahoan ematen duena. Eskaintzen duen fruta heldua oso nabarmena bada ere, ez zaizkio dotorezia eta freskotasuna falta, eta erakusten duen mineraltasun ukituak biribildu egiten du ardo horrek ematen duena.

Botilak erakusten duen alkohol gradua nahiko nabarmena bada ere, ardo fina eta bikaina da, bakana. Zoritxarrez, lehen aipatu bezala, oso ekoizpen murritzekoa da, 2.000 botila baino ez baitira ekoizten, beraz ez da oso erraza botila bat aurkitzea. Zorte ona izan dezazuela botila bat eskuratu nahi duzuenok!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.