Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Axarquiako Botani

2017ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Jorge Ordoñez Malagakoa da (Andaluzia, Espainia). Urte asko daramatza ardoaren munduan lanean; hasieran, banaketan, eta, aspaldi honetan, lan hori utzi gabe, ardoak egiteari ekin dio Espainiako hainbat tokitan. Hainbat upategi eta upategi talde sortu ditu.

Banatzaile lanak Ameriketako Estatu Batuetan garatu ditu batik bat. 1987an hasi zen han lanean, eta garai hartan Espainiako ardoak ez zuen inondik inora izen ona. Neurri handi batean hari zor zaio ardoon ikuspegia erabat aldatu izana. Ordoñezen ustez, marketinaren ondorioz zeukaten ardo horiek irudi txarra. Bestalde, ustez zuen ardoak biltzeko eta garraiatzeko baldintzak ez zirela batere egokiak.

Hura izan zen aitzindaria ardoa garraiatzean hotz kateak sortzen. Esan daiteke urte hauetan guztietan Espainian zein nazioartean hainbat aitortza jaso dituela.

Ordoñezek hainbat tokitan egiten du ardoa; besteak beste, Campo de Borjan, Calatayuden, Valdeorrasen, Dueroko erriberan, Jumillan, Ruedan, Montsanten, Mantxan... eta, nola ez, bere sorterrian, Malagan: Axarquian, hain zuzen ere. Upategia Velezen dago.

Gaur hantxe jarriko dut arreta, Axarquian egiten duen Botani ardoan, hain zuzen ere. Almachar herri inguruan egiten dute lan. Oso toki berezia eta zaila da nekazari lanak egiteko, bertoko orografia dela eta. Mahasti gehienak ez daude tratatuta, eta erabiltzen dituzten ongarriak erabat naturalak dira; inguruko artaldeetan dute jatorria. Malagako inguru haietan zortzi ardo desberdin egiten dituzte: beltz bat, bi zuri lehor, apardun bat eta lau ardo zuri gozo.

Axarquian ohikoa da Alexandriako moskatelaz mahatsak pasifikatu, eta ardo gozoak egitea. Zalantzarik gabe, esan daiteke Ordoñez izan zela mahats horrekin ardo zuri lehor bat egiten lehenetarikoa, Botani izenarekin.

Botani ardoa legamia basatiekin hartzitzen da; mahats aleek mahastitik zuzenean upategira dakartzaten legamiekin, alegia. Zortzi hilabete ematen ditu ligekin, eta botilatu egiten da. Oso goiz botilatzen dela esango nuke, ziurrenik aromak ez galtzeko. Upategiaren aholkuei jarraitzen badiegu, lehenengo urtean edatea komeni da, asko galtzen baitu gehiago utziz gero.

Urtean, 84.000 botila ekoizten dituzte, eta, Robert Parkerren hitzetan, munduko ardo zuri perfumaturik onena da.

2015eko Botani moskatel lehorra 20 eurotik beherako munduko ardorik onenen 2016ko podiumean sartu du Parkerrek, Californiako Chardonnay eta Cabernet Sauvignon batekin batera.

Nik ez dut oso gogoko Parker, eta onartzen dut ez naizela sarritan bat etortzen haren balorazioekin. Baina Jorge Ordoñez oso pozik egongo da harekin eta hark esandakoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.