Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Pozoiaren aurka... antidotoa

2017ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Duero Erriberako mahastiak eta upategiak Gaztela eta Leongo (Espainia) lau probintzitan daude: Burgos, Valladolid, Segovia eta Soria.

Burgos eta Valladolidekoak dira ugarienak eta ezagunenak, baina badira Segovian eta Sorian, kopuru txikiagoa izan arren, upategi ezagunak eta kalitate izugarria eskaintzen dutenak.

Gaur hemen aipatuko duguna, Bodegas Antidoto, Soriako San Esteban de Gormazen dago. Upategi horrekin batera Bertrand Sourdais ekarri nahi dut hona, zuek ere ezagut dezazuen. 40 urteko enologo frantziarra da Bertrand Sourdais, eta David Hernandorekin batera sortu zuen Bodegas Antidoto. Hernando mahastizaina da, eta Bertrand, enologoa; beraz, bikote perfektua.

Sourdaisek familia upategia dauka Frantzian, Chinonen, Loire eskualdean. Chinonen cabernet franc-a da beltzak egiteko mahatsa, eta han, mahats hori erlijioa dela esan daiteke. Hernandok, berriz, Erriberako tempranilloarekiko pasioa sentitzen du. Pasio bi horien loturatik dator, hain zuzen, Antidoto.

Soriako lur horietan, gainera, Sourdaisek, Olga Escuderorekin batera, Dominio de Es upategia aurrera darama.

Domaine de Palluseko bosgarren belaunaldikoa da Bertrand. 18 urterekin Bordelera joan zen ikastera, eta Mouton Rothschild, Leoville Les Cases eta Chateau Nenin upategi handietan lan egin zuen. Txileko Santa Rita upategian ere egin du lan, baita Prioraten ere (Tarragona, Herrialde Katalanak), Alvaro Palaciosekin, Soriara iritsi aurretik.

Soriara ere Palaciosen eskutik iritsi zen 2000. urtean, Dominio de Atauta upategian lan egiteko. Dominio de Atauta saldua izan zen 2010ean, eta Frantziara itzuli zen, 2005etik Chinonen kudeatzen zuen Domaine de Pallus familia upategian lan egitera, baina hilabete baino ez zen egon Soriara itzuli aurretik.

Mila metroko altueran daude mahastiak, eta horrek izugarrizko freskotasuna ematen dio ardoari.

Modu ekologikoan egiten dute lan, eta mahastiak oso zaharrak dira, tartean prefiloxerikoak ere badaude. Mahatsak eskuz jaso ondoren, hartzidura alkoholikoa altzairuzko deposituetan egiten dute, eta malolaktikoa zein ontze garaia bi aldiz erabilitako haritz frantziar upeletan egiten dute, hamabi hilabetez.

Hainbat ardo egiten dituzte: Roselito, La Hormiga de Antidoto, Le Rose de Antidoto, Antidoto Cepas Viejas, Petit Rose eta, noski, Antidoto.

Azken hori nabarmendu nahi dut. Sudurrean bikaina bada ere, okaran helduak, bizigarriak eta piperrautsa erakutsiz, ahoan ematen du bere onena; boteretsua izanik, freskotasunak ematen dion oreka nabarmentzea ezinbestekoa egiten zait. Mineraltasun ukituak ardoa borobildu eta dotoretu egiten duela esango nuke.

Eta, amaitzeko, gogoan izan nahi dut Mixel Bergouignan bakearen artisaua eta Baigorriko mahastizaina. Goian bego.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.