Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Bierzoko altxorrak berreskuratuz

2017ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Urtero bezala, aurtengo Durango Ardo Saltsan feriak (Bizkaia) berritasunak ekarri dizkigu, eta, horien artean, ardo berriak edo guretzat ezezagunak edo ez hain ezagunak direnak, alegia.

Upategi berri ugari izan dira aurten, gehienak txikiak eta ez oso ezagunak, baina kalitatea erakutsi eta eskaini digutenak: Fos, Del Monge Garbati (Viña Ane), Aleph Winery, Vegamar, García de Olano, Moralia, Sentencia... eta beste asko.

Gaur, baina, Casar de Burbia ekarri nahi dut erakusleiho honetara. Aitortzen dut ez dela guztiz berria niretzat, badirelako urte batzuk Bierzoko (Leon, Espainia) upategi horren ardoak ezagutzeko parada izan nuela. Oroitzapen ona utzi bazidaten ere, aurten aurkikuntza moduan bizi izan dut ardo horienganako hurbilketa.

Familia upategia da Casar de Burbia. Proiektua Nemesio Fernandez Bruñak jarri zuen martxan, 1980ko hamarkada amaieran, orduan hasi baitzen erosten eskualde hartan, gehienbat Valtuille de Arriban, mencia mahatseko mahasti zaharrak, asko eta asko ia bertan behera utzitakoak. Nemesio galiziarra da. Bierzoko nekazariek, irabazirik ematen ez zutelako, mahastiak saldu egiten zituzten; hark, berriz, erosi egiten zituen. Mahasti gehienak mendi magaletan daude, eta 600 metrotik gorako altueran, gainera.

Mahastien jabetze lanari utzi zionean, eta 27 hektarearen jabe zela, Isidro Fernandez Bellok—Nemesioren semeak— hartu zuen erreleboa. Mencia da Isidroren ardoen inspirazioa, mahats zuriak eta beste beltz batzuk lantzen baditu ere.

Mahasti gehienak mahats zuriz josiak zeuden, eta inguruetako mencia mahatsez birtxertatze lanari ekin zioten zazpi urte luzez. Isidro ingeniari agronomoa da, eta, azken urteotako lanari esker, upategia nazioarteko upategirik esanguratsuenen artean jartzea lortu du.

Casar de Burbia, Hombros eta Tebaida izan ziren merkaturatu ziren lehen ardoak, baina gaur egun oso ekoizpen murritzeko beste bi ardo beltz ere egiten ditu, Tebaida Nemesio eta TebaidaN.º 5. Beste horrenbeste godelloz eginiko bi zuri, bata upelean hartzitutakoa.

Guztira, 100.000 botila ekoizten dituzte.

Tebaida da upategiko ardorik bikainena. Harriek eta mineralek protagonismo nagusia dute; ibarreko altuera handiena duten mahastietatik jasotako mahatsez egina da. Haien hitzetan, «harria eta mineraltasuna sentitzeko egindako ardoa da». Bizitza luzea izango du ardo horrek, bikaina da, Bierzoko altxorrik preziatuenetarikoa, baina pazientzia eskatzen du, presarik ez izatea eta behar duen arreta eta denbora eskaintzea.

Upategi horren ardoenganako bigarren hurbilketa honetan harrituta geratu naiz eskaini didaten maila bikainarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.