Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Monastrellaren bikaintasuna

2018ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Gaur Jumilla (Murtzia, Espainia) inguruko proiektu baten berri eman nahi dizuet.

Jumilla aipatzean, ezinbestekoa egiten da monastrell mahatsaz hitz egitea; monastrella baita, inongo zalantzarik gabe, paraje horietako erregea… edo erregina.

Monastrell mahatsa toki askotan aurki daiteke: Espainiako ekialdeko lurretan, Murtziako Yeclan, Jumillan eta Bullasen; Alacanten (Herrialde Katalanak); Frantziako Rhonen eta Provenzan; AEBetako Kalifornian eta Washintongen; eta Australiako zenbait tokitan.

Upategiak Viña Elena izena badu ere, ezagunagoa da Bruma del Estrecho de Marin izena, hori baita egiten dituzten ardoen bildumak daraman izena.

Proiektua Elena Pacheco eta Isio Ramosen lanen eta ideien bat egitetik sortzen dela esan daiteke. Hiru urtez hainbat proiektutan elkarlanean aritu ondoren, proiektu propio bat abian jartzea erabaki zuten.

Elena Pacheco Jumillakoa da, eta gaur zuzentzen duen upategia aitonak sortu zuen, 1948. urtean, Estrecho de Marin parajean. Honezkero, hogei urtetik gorako esperientzia du, ardoaren munduko arlo desberdinetan lan egin baitu.

Isio Ramos ere Murtziakoa da, Santiago de la Riberakoa, hain zuzen ere. 2004. urtean hasi zen ardoak banatzeko lanetan; 2006. urteaz geroztik, Wine Spirit Education Trusteko partaidea da. Badirudi ardoarekiko pasioa berandu piztu zitzaiola, baina bere ekinak, jarraitutasunak, jakiteko gogoak eta kuriositateak ardo aditu eta dastatzaile bikaina bilakatu du.

Isio Ramosek esaten duen moduan, «proiektu hau urrats bat da, ikasten jarraitzeko, eta ardoaren munduak eman diona mundu horri bueltan itzultzeko: adiskidetasuna, emozioa, ezagutza eta sakrifizioa».

Proiektuak hiru paraje ardo ditu: Marin, Las Encebras (airen mahatsez eginiko ardoa) eta Las Chozas. Eta lau lursailetan du oinarria: Mandiles, Navajuelos, Vereda eta Particiones.

Ardo bakoitzak bere izaera propioa eta nabarmena du, eta hori da, gainera, haiek nahi dutena.

Lurra eta hark esaten duena botilan islatzea da haien obsesioa; eta horregatik, urte batean partzela jakin bateko ardoak ezaugarri propio eta oso nabarmenak dituenean, ez badute merkaturatzen, ba, ez dute merkaturatzen.

Egurra oso modu neurtuan erabiltzen dute, frutaren garbitasuna ez ezkutatzeko, eta era berean zoruaren izaera —harritsua zein hareatsua—, edo mahastiaren orientazioa —iparraldera edo hegoaldera— ez estaltzeko.

Ardoak dotoreak eta orekatuak dira, garbiak eta zintzoak, azidotasun bizikoak eta gehiegizko heldutasunik gabekoak. Fruta bikaina da, eta prezioak ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.