Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Borsi eta Valtravieso

2017ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Valtravieso upategia PiƱel de Arriban (Valladolid, Espainia) dago, eta ardoakRibera del Duero sor-markapean merkaturatzen dira.

1985ean sortu bazuten ere, 1994an atera zuten lehen ardoa merkatura; baina kalitatezko bidea ez zuen 2002ra arte abian jarri, Gonzalez Betere familiak erosi zuen arte.

Tempranillo mahatsa (tinta fina, paraje hauetan) da nagusi, eta merlota eta cabernet sauvignon ditu bidaide, ardoaren konplexutasuna, kolorea eta egitura hobetuz, Valtraviesoren ardoen izaera erakutsiz.

Mahastiak 915 metroko altueran daude; Duero aldeko altuenetarikoak dira, mahatsaren heldutasun prozesua mantsotuz, eta heldutasun hori oso aproposa izatea ahalbidetuz. Heldutasun horrek azidotasuna nabarmendu eta aromen konplexutasuna eta intentsitatea areagotu egiten ditu.

2007an upategiaren eraikin berria egin zuten, mahastiz inguraturik, Bordeleko upategi handien antzera. Hirurogeita hamar hektareatan hedatzen dira mahastiak, lau lursailetan banaturik: La Revilla, Santa Maria, El Buey eta El Obispo.

Gaur egun, Duero aldeko upategirik bikainenetarikoa da, eta etengabeko hobekuntzaren eta kalitatearen aldeko lana azpimarragarria da.

Michel Rolland eta Araex & Spanish Fine Wines proiektuaren sortzaile da Javier Galarreta. Rolland & Galarreta proiektuan egiten dituzten ardoen artean, Ribera del Dueroko ardo bat ere badute, eta Valtravieso upategia aukeratu dute ardo hori egiteko. Horrek izugarrizko sona eta entzutea ekarri dio upategiari, ez baitugu ahaztu behar Rolland dela, inongo zalantzarik gabe,munduko ardogile eta kontsultorerik entzutetsuena, edo entzutetsuenetarikoa, behinik behin.

Duela hilabete batzuk, gainera, Leo Borsi enologo argentinarra fitxatu dute, Ricardo Velascok zuzentzen duen talde teknikoa indarberritzeko edo.

Borsik, argentinarra bada ere, ez du lana Argentinara mugatzen, Borgoinan, Bordelen, Rhonen eta Champagnen ere egin du lan. 2010ean, ardo propioak sortu zituen Clos Ultralocal izenarekin. Sei ardo egiten ditu: hiru Mendozan, Argentinan; eta beste horrenbeste Cahorsen, Okzitanian. Gauzak horrela, esan daiteke lehen upategia dela marka eta mahats mota berak erabiltzen dituena bi kontinentetan. Orain, lehen aipatu bezala, Valtravieson ere ari da.

Borsiren fitxaketarekin, Valtraviesok bere ardoei beste ukitu bat eman nahi die, fokua lurrean jarriz, beste edozeren gainetik. 2017ko uztaldiko ardoak merkaturatzen direnean ikusiko dira Borsiren lanaren lehen emaitzak. Momentuz itxaron egin behar, eta hori iritsi arte, egun merkatuan duten ardoekin gozatuz jarraituko dugu, hainbat baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.