Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Visca Catalunya!

2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Bai, badakit hamabostean behin ardoari buruz idazten dudala, zuek gustuko baduzue gozatu eta ardoaren inguruko esperientzia berriak elkarbanatzeko, baina bihar egun berezia da, historikoa, gertatzen dena gertatuta ere, eta ezin dut beste alde batera begiratu, eta beste edozein larunbat arrunt balitz moduan idatzi.

Nire elkartasuna eta maitasuna erakutsi nahi diet kataluniar edo katalanei. Katalanak lezioak ematen ari dira egunero, eta bihar ere horrela izango da, seguru.

Zera proposatzen dizuet gaurkoan: ibilbidetxo bat Kataluniako ardoez gozatuz; honezkero, nire ustez, katalanen garaipena dena ospatzeko edo.

Biharko egunari hasiera emateko Penedes inguruko cava bikain bat aukeratu dut, Gramona, Recaredo edota Agusti Torellorena, esaterako. Cava jatorri izena ez da Kataluniara soilik mugatzen, baina han ditu muina eta bihotza, Penedeseko lurretan batez ere.

Baina Kataluniako aberastasun enologikoa izugarria da, eta bidaiatxo bat egingo dugu zenbait ardoz gozatzeko. Hamaika jatorri izen edo sor-marka daude Katalunian.

Penedes da inongo zalantzarik gabe jatorri izen handiena, mahastien hedadurari begiratzen badiogu; eta han, ardo zuriak nabarmentzen badira ere, nik Jean Leonen cabernet sauvignonez egindako ardo dotore eta bikainarekin jarraituko diot gaurko bidaiari. Tarragonara salto egin eta Terra Altako garnatxa zuriz egindako Llagrimes de Tardorrekin edo Barbara Foresen El Quintarekin, adibidez.

Tarragonako barnealdeko lurretan jarraituz, Conca de Barberako ardoren bat dastatuko dugu: Succes Vinicolaren La Cuca de Llum edo El Mentider, biak ala biak trepat mahatsez eginak, freskoak eta bikainak.

Tarragonan jarraituz, elkarren ondoan dauden Montsant eta Priorateko ardoak ditugu bideari ekiteko. Garnatxa eta cariñenaz egindakoak, eta inoiz cabernet sauvignon pixka bat, syrah, merlota edota tempranilloa ere eramaten duten arren. Montsaneko Orto ardoari emango diot tragoxka bat, eta Priorateko cariñena eta garnatxaz eginiko Cims de Porrera Vi de Vilarekin jarraitu.

Tarragona utzi eta Bartzelonara joko dugu jarraian, bertan baitaude Alella eta Pla de Bages jatorri izenak, inongo zalantzarik gabe Kataluniako txikienak: Alellako pansa zuriz eginiko Alta Alella eta Pla de Bageseko picapoll mahatsez eginiko Abadal, bikainak biak.

Ezin dugu gaurko bidaia amaitu Lleida eta Gironako lurraldeak bisitatu gabe. Lleidarano joanda, Costers del Segre jatorri izeneko Thalarn ardoari emango diogu tartea, syrah mahatsez egindakoa da; Castell D´Encus upategiko ardo bitxia bezain zoragarria da.

Biadaiari amaiera emateko, Girona iparraldera joango gara. Emporda jatorri izeneko aspaldiko nire lagunak diren Carme Casacuberta eta Toni Penaren Vinyes d'Olivardots upategiko Groc d'Amfora dastatuz amaituko dugu sentimenduz betetako gaurko bidaia hau. Gora Kataluniako Errepublika!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.