Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Ventouxeko Terrasses

2018ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Ventoux mendia (Mont Ventoux) oso ezaguna da txirrindularitza zaleontzat. Frantziako Tourrean eta Dauphine Libere lasterketetan sarritan igotzen delako mendi horren tontorrera; eta batez ere, Tom Simpson txirrindulari ingelesa 1969eko Tourrean mendate hura igotzen ari zela bizikletatik lurrera erori eta bertan hil zela jakin badakigulako.

Baina txirrindularitzaz gain, ardoa ere zaletasuna dugunontzat Cotes du Ventoux Rhone bailarako sor-marka ere bada, eta ardo bikainak eta bakanak ematen dizkigu, gainera. Hainbat urte pasatu dira, honezkero, Chateauneuf-du-Papeko Chateau de Beaucastel ardo bikainari buruz eta Rhone bailarako hegoaldeko sor-marka askoz apalagoko Domaine Montiriusekoek egiten dituzten ardo bikainei buruz (Gigondas eta Vacqueyras) hitz egin nizuela.

Argi dago Rhone bailarako mahastiak bitan bana daitezkeela: hegoaldekoa eta iparraldekoa. Hegoaldean, klima mediterranearra da nagusi, uda bero eta lehorrekin eta negu leun eta hezeekin. Jakina da iparraldeko sor-markak direla ezagunenak, eta sona eta entzute askoz handiagokoak, besteak beste, Hermitage, Condrieu, Cote Rotie, Cornas, Crozes- Hermitages eta St. Joseph. Lehen aipatu bezala, hegoaldeko Chateauneuf-du-Pape ere haien parean dago. Baina aurki daitezke altxortxoak beste sor-marka apalagoetan, besteak beste, arestian aipatutako Ventouxen.

Cotes du Ventoux jatorri izenaren babespean dauden mahastiak hogeita bost kilometroko luzera eta hamabost kilometroko zabalerako lurretan hedatzen dira.

Oso inguru eguzkitsua da eta Mistral izeneko ia etengabeko haizeak jotzen du eroritako euriak lehortuz. Ia bi mila metroko altueran egoteak eta eguna eta gauaren arteko tenperatura aldaketa nabarmenak mahasti orekatua ahalbidetzen du, ardoen kolorean, kontzentrazioan zein freskotasunean nabarmen eraginez.

Naturak eskainitakoari gizakiaren lan bikaina gehitzen badiogu —Mormoiron herriko Chaudiere familiarena, kasuko— ardo bikainak agertzeak ez gaitu hainbeste harrituko. Frederic eta Alexandre anaiek, kalitate handiko eta ingurugumenarekiko errespetua erakutsiz, izugarrizko ardoak eskaintzen dizkigute haien Chateau Pesquie upategian.

Ardo beltzak, gorriak zein zuriak egiten dituzte. Beltzetan Chateau Pesquie Le Paradou Grenache, Terrasses eta Quintaessence ditugu. Gorriak eta zuriak, biek ala biek daramate Terrasses izena.

Chateau Pesquie Terrasses garnatxa eta syrah mahatsez egindako ardo beltza da, baina, gaur hona ekarri nahi dizuedana, hura baita dastatu dudan upategiko ardo bakarra. Ardo freskoa, fruta nabarmenarekin eta batez ere desberdina, lehen esan bezala altxorra… eta poltsiko guztientzako modukoa. Ez dago gaizki urtarrileko aldapari ekiteko, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.