Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Bizikleta hegalaria

2018ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Gaurkoan German R. Blancori buruz hitz egin nahi dizuet. Hau da, Germani buruz eta egiten dituen ardoen inguruan.

Behin elkarrizketa bat egin zioten, eta mahastietan eta mahatsetan zer bilatzen zuen galdetu ziotenean, zera erantzun zuen: «Paisaia botilatzea bilatzen dut. Beti. Lurrak bidaltzen duen mezua islatu, inongo aldaketarik gabe». Ez didazue esango polita ez denik.

German Blancok hainbat lekutan egiten du lan, hainbat tokitan abiatu ditu proiektuak: Dueroko Erriberan eta Bierzon (Espainia), eta, azken proiektua, Nafarroan; txikia, baina benetan bikaina eta bitxia.

Quinta Milu da Duero Erriberan Germanek duen familia proiektua, nahiz eta bera jatorriz asturiarra izan. La Aguileran dago upategia. Burgosko (Espainia) herri txiki bat da. Upategiko lanak tempranilloz osatutako mahasti zaharretan du oinarria. Tradizioei so lantzen dituzte mahastiak, eta mahastiz mahasti egiten dute lan, mikroardoztatzeak eginez, biltegi txikietan, ahalik eta gutxien parte hartuz ardoztatze prozesuetan.

German R. Blancok mahatsak zapaltzeko prozesua berreskuratu du, eta ardoek barruan dutena adieraz dezaten bilatzen du, denborak eta erritmoak errespetatuz. Ontzea hainbat tamainatako upeletan egiten da, eta upel berriak baztertzen dituzte.

Zazpi ardo egiten dituzte, denak beltzak, denak tempranilloz eginak.

Lehen aipatu bezala, Bierzon ere parte hartzen du Germanek proiektu batean, Altos de San Esteban upategian, San Esteban de Toral herrian. Bost hektareako mahastiak kudeatzen ditu. Hiru ardo egiten dituzte. Ardook Bierzon eginak izan arren, V.T. Castilla y Leon sor-markapean merkaturatzen dituzte, Jatorri Izenaren mugak Albares de la Riberan dituzten mahastietatik 50 metro harago daudelako… Harrigarria!

Casa Aurora ere Blancok gidatzen du, Albares herrian, Boeza bailaran. Upategiaren izenak Germanen amonari egiten dio omenaldi. Hemen mahasti bakoitzak, gutxienez, %25 mahats zuria eramaten du, gehienbat palomino mahatsa, eta beste %25 garnatxa tindatzailea. Gainerakoa, mencia mahatsa da.

Baina gaur denetatik nabarmendu nahi dudana Errioxan duen proiektua da, berriena, azkenekoa... Oraingoz. 2015ean izan zuen lehen uzta proiektu horrek. La Bicicleta Voladora da ardoaren izena, Errioxako sor-markarekin, baina Nafarroako lurretan egina, San Adrianen hain zuzen ere.

Hemen ere filosofia antzekoa da: mahastizaintza organikoa egitea, upategian ahalik eta parte hartze txikiena hartuz, paisaia botilatzeko desioarekin. «Ardo freskoak, fluidoak, bertikalak nahi ditugu! Mahats zoriontsuekin eginak, zikinkeriarik gabe eta egurrik gabe!», esaten du. Tempranilloz eta viuraz eginiko ardo fresko eta bikainak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.