Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Attis

2018ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Pontevedra probintzian (Galizia) dago Val do Salnes Rias Baixaseko bost azpieskualdetariko bat, eta hura da bostetatik Ozeano Atlantikoaren eragina nabarmenen eta zuzenen jasotzen duena. Arousako itsasadarraren ezkerraldean daude mahastiak, itsasotik gertu, eta ibaien azken atalekin harremanetan. Gaur, hemen erakutsi nahi dizuedan Attis Bodega y Viñedos Val do Salneseko erdi-erdian dago, Meañoko alde batean, Morouzosen hain zuzen, Penaguda mendiaren magal batean; Pontevedra eta Arousa itsasadarrari begira, familia etxetik oso gertu. Famili etxe horretan egiten ziren ardoak 2012ra arte, eta, gaur egun, upategi berrian egiten dira ardook, tradizioa eta modernitatea batuz.

Inguruan erabat integraturik dago upategia, eta ardoztatze eremua zein ontzeari dagokiona lurpean daude, granito harriz osaturiko lurpean, lanerako tenperatura egokia eta egonkorra ziurtatuz.

Lehen aipatu bezala, klima ezaugarriak Atlantikoaren eraginak markatzen ditu: tenperatura leunak eta prezipitazio ugariak urtean zehar, nahiz eta udako hilabeteetan prezipitazio horiek jaitsi egiten diren. Ezaugarri horiek horrela izanik, mahatsondoak granitozko pergoletan (mahats-parrak) landatzen dira; alde batetik, hezetasunetik babesteko, eta beste alde batetik, mahats mordoek eguzkiaren argitasuna hobeto jaso dezaten.

Mahastiak ehun eta laurehun metroko altuera tartean daude, mendebalderako orientazioan, magaletan, lur franko-hareatsuetan, harri ugariekin, drenaje bikainarekin, horrela sustrai sakonak ahalbidetuz. Rias Baixasen ez da ohikoa, hango lurrak hareatsuak izaten baitira, eta beraz, sakontasun gutxikoak.

Upategiak tradizioa eta modernitatea lotzen dituela esan daiteke. Hiru belaunaldiz ari dira ardogintzan, eta gaur egun, Jean François Herbrad frantziarra da upategiko zuzendari teknikoa. Ezin hobeto ulertu du inguruko ardoaren esentzia, muina, mahats motak modu ezin hobean erabiliz eta ulertuz, eta mahastiak eta ingurua errespetatuz eta zainduz.

Zazpi ardo zuri egiten dituzte, lau beltz eta beste bi ardo gozo. Gaurkoan, ardo zuriak nabarmendu nahi ditut, batez ere, Attis, Xion, Nana eta Attis Embaixador; horiek baitira nik neuk hobeto ezagutzen ditudanak. Laurak dira albariñoz eginak ehuneko ehunean, eta desberdinak izanagatik, bikainak dira laurak ere.

Lehenengo biak ligekin ondutakoak dira, lehenengoa sei hilabetez, eta bestea hiru hilabetez. Nana, berriz, upelean hartzitutakoa da eta era ekologikoan landua. Guztietatik nabarmenduko nukeena Attis Embaixador da. Izena partzelak ematen dio, mahasti bakarreko ardoa baita; era ekologikoan landua hori ere, ardoztatu eta gero, bi urte ematen ditu bere ligekin ontzen. Ardo bikaina, boteretsua, baina dotorea, eta gordetzeko gaitasunarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.