Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Axarkia gozatuz...

2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Lauren Rosillok hainbat lekutan egiten ditu ardoak, besteak beste, Ruedan, Mantxan, Errioxan (Espainia) eta Gipuzkoan, non Karlos Argiñano sukaldari mediatikoak duela urte batzuk eraiki zuen K5 upategia,Getariako Txakolina sor-markapean.

Rosilloren hitzetan, ardogintzan arrakasta lortzeko T hirukoitza beharrezkoa da: Terruño, Técnica, Trabajo; hau da, lurra, teknologia eta lana.

Enologo horrek Errioxako Familia Martinez Bujanda konpainiako ardoak egiten ditu, nahiz eta ardoetariko batzuk Errioxatik kanpo egiten dituen.

Sedella (Malaga, Espainia) herri txiki bezain dotorea eta polita da. Laurehun biztanle baino ez ditu Axarkia eskualdeko herritxo horrek. Hor dago Sedella Vinos SL, Lauren Rosilloren azken proiektua. Hor abiatu zuen egitasmoa, 2006. urtean.

Lursailak 2,5 hektarea ditu, eta mahasti historikoa jasotzen dute lurrok, arbel laminatuz osatutako lur maldatsuetan. Mahastia itsas mailatik 750 metroko altueran dago. Garaiera horrek eta mahastiak Mediterraneo itsasotik zein Tejeda, Almijaray eta Alhama mendilerroko parke naturaletatik gertu egoteak ematen diote ardoari izaera eta pertsonalitatea. Baina baita rome eta garnatxa beltza mahats motak erabiltzeak ere. Berto-bertokoak dira mota horiek, eta berreskuratu egin dituzte.

Ehun urtetik gorako mahastiak artisau erara lantzen dituzte, animaliak, erromatar goldeak eta arbasoengandik jasotako lan moldeak baliatuta.

Rafael eta Antonio arduratzen dira mahastietako lanez, eta izugarria izan behar du %45etik gorako pendiza duten lurretan lanean ikustea.

Upategia ederra da, eta Paco Varela eta haren taldearen lanaren emaitza. Lursailaren tontor-tontorrean dago. Tradizioaren eta garaikidetasunaren loturaren fruitua da upategia. Teknologiaren aldetik oso modernoa bada ere, ardogintzako modu zaharrekin egiten dituzte ardo naturalak.

Upategitik beha daitekeen ikuspegia ezin dotoreagoa da: Mediterraneoa ikusten da mahastien artean, oso kilometro gutxira, hegoaldera. Iparraldera, La Maroma mendia (2.069 metro) ikus daiteke. Malagako tontorrik garaiena da, eta, besteak beste, arrano beltza, basahuntz eta era askotako loreen babesleku eta bizitokia.

Ardo bat baino ez dute egiten han, rome eta garnatxa beltzez egina; hamasei eta hogei hilabete bitartean ontzen dute, Frantziako upel berrietan.

Usainari dagokionez, ardoak jaioterria islatzen du: iodo, gazitasun eta baso mediterranioarraren ukituarekin. Baina freskoa eta fruta ugarikoa da. Konplexua bezain dotorea da, eta ahoan leuntasuna nagusitzen da, freskotasuna ahaztu gabe.

Rosillok esaten duen moduan: «Botila bakoitzak lan ugari, ilusioa eta batez ere zoriontasun asko gordetzen ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.