Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Kobazuloetako garnatxa

2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Fernando Mora, Mario Lopez eta Francisco Latasak Frontonio upategia abiatu zuten 2013an, Valdejalon Geografi Izenaren babespean, Epila herrian (Zaragoza, Espainia). Frontonion irabazitakoarekin, Cuevas de Arom proiektua jarri zuten martxan, eta duela urtebete gutxi gorabehera atera ziren merkatura haien lehenengo bi ardoak: As Ladieras eta Os Cantals, biak ala biak 2015eko uztaldikoak.

Ardo berriok Campo de Borja sor-markapean merkaturatu dituzte. Campo de Borja Garnatxaren Inperioa goitizenarekin ere ezaguna da.

Ainzonen (Zaragoza, Espainia) dago Cuevas de Arom upategia, eta kopuruen aldetik upategi txikia dela esan daiteke, eta mahasti oso bitxiak eta bikainak dituztela sorterri ardook.

Merkaturatu aurretik, Robert Parkerrek emandako puntuazio handiei esker, saldua zuten bi ardo berri horien ekoizpenaren %80.

Ainzon eta inguruetako tradizioan, ardoa kobazuloetan egiten zen, eta Cuevas de Aromek Santo Cristo ardo kooperatibak dituen instalazioen azpialdean egiten ditu ardoak, kobazuloak balira bezala. Lehen kooperatibaren porlanezko deposituak zeuden tokian egun upelak, lanabesak eta ardoztatzeko makineria dago. Lurpean lan eginez (tenperatura txikian, oxidazio gutxiago), ardoa ontzeko baldintzak egokiagoak dira.

Upategikoek, gainera, badute benetazko kobazulo bat, ardoaren kultura ezagutzera emateko, eta uztaldi bikainenak eta berezienak gordetzeko.

Haien filosofía ezagutzeko, Fernando Moraren hitz batzuk dakarzkizuet hona: «Mahasti zaharrak eta toki zailetan landutakoak azpimarratu eta nabarmendu nahi ditugu».

Baina zentratu gaitezen ardoetan. As Ladieras mendi-hegaletan landatutako mahastietako garnatxez egina dago, eta 500 litroko upeletan eta porlanezko deposituetan ondutakoa da. Hamabost gradu baditu ere, ez da batere alkoholikoa sudurrean, mendi usaina eta fruitu gorriak nabarmentzen zaizkio; eta egurra, beti ere, frutaren azpian agertzen da. Ahoan oso fresko agertzen da, eta azidotasun bikaina duenez, pentsa dezakegu, urte batzuez, zahartzeko egokia izan daitekeela.

Ardo horren 13.145 botila merkaturatu ziren.

Os Cantals hirurogeita hamar urte dituen ardoa da, lurra harriz estalita agertzen den mahasti bakar batetik jasotako mahatsez egindakoa da; garnatxaz, noski.

Upel edo pipa handietan eta porlanezko arrautza erraldoietan ontzen da. Egiten diren 3.150 botilatan ardo espeziatu eta fruta helduagoa duena aurki daiteke. Egurra askoz nabarmenagoa da ardo horretan, banilla eta ke ukituak asko nabarmentzen zaizkio.

Ahoan oso boteretsua da, baina ez du freskotasuna galtzen, oreka bikaina erakutsiz.

Martxoan merkaturatu dute hirugarren ardoa: Pedraforca, herrikoiagoa. Gabonetarako edo, Tuca Negra dendetan izango da, upategiko izarra izango omen dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.