Gurtzarako lekuak. Ahmed Al-Hanafi. As-Salam meskitako presidentea

«Musulmanak gizartetik kanpo uzten ditu erabaki honek»

Meskitetan lan «izugarria» egiten dutela nabarmendu du Ahmed Al-Hanafik, eta bizilagunekin duten harremana goraipatu du.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2013ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Bilboko As-Salam meskitako presidentea da Ahmed Al-Hanafi (Al- Mansura, Egipto, 1957). Atzoko Bilboko udalbatzak hartutako erabakia «islamiarren aurkako zuzeneko erasoa» dela uste du.

Udalbatzak hartutako erabakiaz zer balorazio egiten duzue?

Araudia atzera botatzea gustatuko litzaiguke, baina ez da hala izan, eta deitoratu egiten dugu. Ez dakigu zehazki zer neurri hartuko ditugun musulmanok eta elkarteek. Horrez gain, Bildu koalizioari eskerrak ematen dizkiogu, jarrera paregabea izan duelako eta elkarbizitzaren alde azaldu delako. PSEri ere araudiaren aurka egin izana eskertzen diogu.

2010ean bi eskaera egin genituen: bat, Gorte kaletik Kontzeziora meskita bat eramateko, eta bestea, meskita bat irekitzeko. Lehenengoa lortu zuten, araudia beteta zabaldu zuten. Bestea, aldiz, bertan behera geratu zen, udalak atzera botata. Hor hasi zen, eta hiru urte pasatu dira. Erabakia espero genuen, proposatu zutenetik gerta zitekeela bagenekien. Baina esperantza omen da galtzen azkena, jarrera aldatuko zuten esperantza txiki bat bagenuen.

Nola eragingo dizue erabakiak?

Erabaki honek musulmanak gizartetik kanpo uzten ditu. Arauak esaten digu non egon gaitezkeen eta non ez. Gainerako herritarrek askatasunak dituzte, eta guri mugatu egiten dizkigu. Harrigarria da, ditugun meskitetan ez dugulako arazorik izan, Basurtun meskita bat irekiko genuela-eta bizilagunak kexatu ziren arte. Horiek ere ez zekiten zer lan egiten genuen, zertan lagun genezakeen, eta zertan kalteak eragin. Udalak zehaztutakoa bete, eta beti arazorik gabe ireki ditugu kultu guneak.

Harreman ona duzue bizilagunekin?

Oso harreman ona izan dugu beti. Arazo hori izan genuenean ere, Santutxun dugun As-Salam meskitara gonbidatu genituen, meskita bat zer den ikusi ahal izateko. Gauza bera egin genuen udaleko ordezkariekin ere. Jende gehienarentzat gure kultu guneak arrotzak dira, eta zer egiten dugun azaltzea garrantzitsua da.

PSE-EEko ordezkariek ere nabarmendu dute, 2010ean Basurtun zabaldu genuen meskita egin aurretik, bizilagunak kexatu egiten zirela, aurka zeudela, eta egin ostean oso gustura daudela auzoan egiten dugun lanarekin. Jende askori laguntzen diogu. As-Salameko meskitaren jarduna ere ikaragarria da. Ekitaldi garrantzitsuen berri ematen diegu beti bizilagunei, eta ahal dugun guztiaz informatzen ditugu. Beti dago norbait gustura ez dagoena, baina, oro har, ez zaigu hori gertatu.

Atzoko udal batzarrean esan zuten etxebizitzak dituzten eraikinetan ezetz, meskitak El Corte Ingles, Iberdrolako Dorrea eta halako eraikinetan egin ahalko direla.

Hori esatea ikaragarria da. Nola esan diezaiokete herritar talde bati kultu gune bat halako lekuetan jar daitekeela? Hori musulmanei edo beste edozeini esatea ulertezina da. Hori esatea musulmanak kanpoan uzteko modu bat da.

Meskitetan ez da hainbeste soinurik egoten. Bizilagunak horretaz kexatu dira, baina uste dugu halako neurri bat hartu aurretik beste asko har daitezkeela.

Pentsatzen duzue gainerako erlijioekin izaten duten jarrera dutela zuekin ere?

Hala izan beharko luke. Izugarri zabaltzen ari da gure pentsatzeko era, eta musulman asko gaude, urtetik urtera gehiago. Gainera, denbora asko pasatzen dugu meskitetan; gizonek, adibidez, gutxienez egunean bost bider joan behar dugu. Beraz, ezin dugu urrutiegi eduki. Zorrotzaurre auzoan eraiki genuen bat, baina, autobusez edo trenez ezin denez hara joan, itxi egin behar izan genuen.

Guri esan ziguten meskitak egin ahal izateko lekuak erraztuko zizkigutela, ea hala den.

Bilduren ustez, ez da kasualitatea erabakiak zuei zuzenean eragitea. Islamofobiarekin zerikusirik baduela uste duzue?

Bilduk argi esan du Auzitegi Konstituzionalean salaketa jar daitekeela, eta arrazoia emango baliote udalak zigorra ordaindu beharko lukeela. Nik uste dut islamofobiarekin zerikusi handia duela, islamiarren aurkako erasoa dela. Jarri dizkiguten trabez gain, Alderdi Popularrak araudi zurrunagoa jarri nahi zuen, horregatik ez du botorik eman.

Eta aurrerantzean zer gertatuko da?

Espero dugu erabakia geratzea lortuko dugula; auzitegira joko dela espero dut, elkarbizitzari onik egiten ez diolako, trabak jartzen dituelako, eta erlijio askatasunerako eskubidea urratzen duelako. Horretarako, lanean eta borrokan jarraituko dugu. Ingurukoon laguntza ere beharrezkoa izango dela badakigu. Gainera, pentsatzen dugu musulmanok gizartean egin dezakegun ekarpena oso garrantzitsua dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.