Komikiak sortzeko laguntzak emango ditu Jaurlaritzak

105.000 euro banatuko ditu, zazpi proiektu argitaratzea errazteko. Deialdia marrazkilariei egingo zaie, eta irailerako kaleratu nahi du
Getxoko komiki azoka, urteroko sektorearen topalekua.
Getxoko komiki azoka, urteroko sektorearen topalekua. MARISOL RAMIREZ / ARP

Ivan Santamaria

2017ko ekainak 29
Komikigintzari keinu bat egin nahi izan dio Eusko Jaurlaritzak, legealdi berriko lehen urtean. Sektoreak bizi duen loraldia ez zaio Kultura Sailari oharkabean igaro, eta, ediziorako eta sorkuntzarako laguntza orokorrak dauden arren, irudia oinarri duten literatura proiektuak propio sustatzeko programa berria jarriko du martxan. Atzo aurkeztu zituen ezaugarri nagusiak, egileekin eta argitaletxeekin egindako bilera ireki batean.

Programaren lehen deialdiak 105.000 euro izango ditu. Diru horrekin zazpi proiektu finantzatuko dira: lau komiki edo eleberri grafiko, eta hiru liburu ilustratu. Epaimahai batek aukeratuko ditu saridunak, eta obra bakoitzak 15.000 euro eskuratuko ditu. Atal bakoitzean, laguntzetako bat gordeko zaio 30 urtetik beherako sortzaile bati.

Marrazkilarientzako deialdia da. «Lan handia eskatzen du, esker gutxikoa da, baina nahitaezkoa produktu hauek gauzatzeko eta merkatura ateratzeko. Askotan ez da behar bezala konpentsatzen, gainera», argudiatu zuen Bingen Zupiria Kultura sailburuak.

Ez da beka bat izango, ordea. Dirua jasotzen duten proiektuek argitaratzeko bidean daudela bermatu nahi du gobernuak, eta, horretarako, beharrezkoa izango da argitaletxeren batek obran interesa baduela frogatzea, kontratu batekin edo idatzizko konpromiso batekin. Obraren gidoi literarioa osorik amaituta aurkeztu beharko da, era berean.

Argitaletxe bat aldean izatea ez da izango baldintza bakarra. Aurkeztutakoek obra originalak izan beharko dute. Komikien kasuan, ez dute balio izango aldez aurretik argitaratuta daudenenak, ezta ere komiki zinta laburren edo istorio autokonklusiboen bildumak. Album edo eleberri grafiko garatuak bultzatu nahi dituzte laguntzekin. Liburu ilustratuen esparruan, berriz, ez dute balioko irudiekin lagunduta dauden baina funtsean lan literarioak diren proposamenek.

Epaimahai baten esku geratuko da sarituak erabakitzea. Kalitate artistikoari dagokio puntuazioaren parterik handiena, baina bideragarritasuna, sustapen plana, edo izan litzazkeen itzulpenak ere hartuko dira kontuan. Emakumeen lanek edo euskaraz egindakoek aparteko puntuazioa jasoko dute. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaio ziren edo bizi diren marrazkilarientzat da soilik deialdia. «Legeak behartzen gaitu horretara», zehaztu zuen Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak. Deialdi ofiziala irailean atera, eta obren entrega 2018ko amaieran ezarri nahi dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna