Ligakoa ahaztu nahi du

Realak Espainiako Kopako final-zortzirenetako lehia jokatuko du gaur, Betisen zelaian; Carlos Fernandez deialdian da; Aihen eta Bautista, ez

ainara arratibel gascon
2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Gaur ekingo zaie Espainiako Kopako final-zortzirenei, eta, bertan diren hiru euskal taldeen artean, Reala izango da lehiatzen aurrenekoa. Gaur bertan izango da, Betisen zelaian (21:00, Dazn). Irabazten duen taldea final-laurdenetan izango da, lehia bakarrera jokatuko baita kanporaketa.

Larunbatean jokatu zuten bi taldeek elkarren aurkaligan, eta txuri-urdinei azken minutuetan ihes egin zien oso ondo bideratua zuten garaipenak, 2-0 baitziren aurretik 85. minutuan. Baina Canalesek eta Joaquinek partida berdindu zuten. Berdinketa mingarri hori ahazteko modurik onena gaur irabazi eta sailkatzea da. Eta Imanol Alguacilen taldeak badu horretarako zeri heldu. Larunbateko partidan oso nagusi izan zen askotan, eta Ligako lehen itzuliko partidan ere aise irabazi zion Betisi, bere zelaian: 0-3.

Gaurko neurketan du jarria arreta osoa Imanolek. «Partida desberdina izango da. Taldea ondo dago, eta ilusio handia dugu txapelketa honetan. Larunbatekoa berriz ez gertatzeko, bihurrikeria handiagoz aritu behar dugu». Orioko prestatzaileak deialdian sartu du taldeak fitxatutako azken jokalaria: Carlos Fernandez. «Sevillan ez du asko jokatu, eta ez dago sasoi betean. Baina jokalari garrantzitsua izango da. Asko emango digu. Oso gustura nago hura fitxatu izanaz». Silvak eta Moyak min hartuta segitzen dute, eta Aihen eta Bautista ez daude deialdian.

Alonsoren epaia, balio gabe

Atzo jakin zen Madrilgo Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi duela Reala B-ko entrenatzaile Xabi Alonso Ogasunari iruzur egiteagatik absolbitzen zuen epaia. Auzitegiak «partzialki» onartu ditu fiskalak eta Espainiako Estatuaren abokatuak jarritako helegiteak. Auzitegiak «barne inkongruentziak eta arrazoi edo motibazio faltak» ikusi ditu epaian. 2010., 2011. eta 2012. urteetan Ogasunari ia bi milioi euroko iruzurra egitea leporatzen diote Xabi Alonsori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.