garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Arautegiak

2017ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Hamalau urteko neskatoari kalapitan aritu zaio ama. Lehenik erdi-purrustada ironikoan, gero zakar, eta azkenean espantu betean. «Gogoak emandakoa besterik ez dakizue egiten», entzun dio behin eta berriz, «zuen muturra eta kito», bere gelara ospa egin eta ateari danbatekoa eman aurretik. Neskatoa sutan dago. Epelak esango lizkioke gustura. Batetik, pluralean egiten diolako demandan, hau da, belaunaldi osoaren ordezkariari ariko balitzaio bezala, zuek hori eta zuek hura, eta zer daki ba berak gazteen bizimoduez, etxean duena konprenitzeko lain ere ez da-eta; baina bestetik eta batez ere, leporatu diona leporatzen diolako sistematikoki, eskolaz kanpoko ordu apurrak patxada ederrean eman nahi dituen bakoitzean. Burutik beherako mailukaden gisan hartu ditu amaren ahotik entzun berri dituen destainak: «Markesak halakoak, nahi duzuen guztia egin, eta, hala ere, petralduta pasa behar eguna».

Bera bai markesa. Bera bai gogoak emandakoa besterik egiten ez dakiena. Bere gorputza ohe gainean luze erortzen utzi eta oheburuko kuxina hartu du, bi eskuz estutu eta bihurritzeko hartu ere, atearen bestaldetik isildu gabe marmarka ari zaion zintzurrari egingo liokeena ilustratzeko. Inguruetako izakirik zorigaitzena sentitu da, batere onespenik ez duen zomorro zanpagarria, oker begiz joa, gorrotatua, mespretxatua, arnasahartze hutsagatik gaizkiletzat hartua.

Kalapitaren erruz, eskola etorri zaio akordura; zehatzago esanda, 12 urte bete baino lehentxeago ziklo berrira igaro zenekoa eta geroztik bizi duten egoera, «gogoak emandakoa besterik» egiten ez omen duenaren antipodetan definitu beharko litzatekeena, zalantzarik gabe. Antipodetan ez, are urrunago. Kolegioko arautegi madarikatua errepasatzen hasi da buruz, liburuxkan jasota dauzkaten lege idatziak nahiz mehatxu gisan egiten dizkieten oharrak. Ezin da korri egin. Ezin da eskaileretan egon. Ezin da komunetan hizketan gelditu. Ezin da soinurik egin. Ezin da ezer ahantzi. Ezin zaio arkatzik edo tresnarik aldamenekoari eskatu. Ezin da irakaslea zuzendu eta ezin zaio aurka egin: hark lelokeriarik handiena esanda ere, ikasleak amen-amen egin behar derrigorrean. Hura goian dagoelako, eta ikasleak, infernuan. Hark dena dakielako, eta ikasleek, zipitzik ez. Gelan ezin da urik edan, ez eta txiklerik ibili ahoan. Ezin da hitz egin, baina ezta isilik gelditu ere. Ezin da kopiatu. Spinner-a, debekatuta. Pilota, debekatuta. Marraztea, debekatuta. Telefonoa, debekatuta; baina patioko begiralea whatsapp-ean jo eta su, denen aurrean. Ezin da Egia ala ausardia jokoan aritu. Botila-jokoa ere debekatuta. Ezin da gona motzik jantzi, ezin da sabelaldea agerian utzi, ezta bizkarra edo bularraldea ere. Mutilek bai, haiek eraman ditzakete galtzak jarioan, ipurditik gora igo gabe eta galtzontzilloak bistan, musika irakasleak bezala. Eta hark erakuts ditzake bere atzealdeko ipurmasail zabalak klarionaren bila makurtzen den bakoitzean, eta arrakala iletsu zikin hori, baina ikasleak ezin du galtza urraturik eraman.

Eta ezin da laguna bizkar gainean hartu. Ezin da musukatu, ezin da besarkatu, ezin da beste inoren belaunetan eseri. Taldeak osatu behar direnean, neskak neskekin eta mutilak mutilekin, ezinbestean. Ezin da belarretan etzan. Ezin da buruz behera jarri, ezin da zubia egin, ezin da antzeko gimnasiarik egin. Ezin da bottle flip challenge egin...

Handitzea debeku bidegabeen zerrendari zuzenki proportzionala dela otu zaio eta amorruzko malko batek egin dio ihes.

«Gogoak ematen dizuna besterik ez duzu egiten»... Baina non arraio bizi ote da!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.