Saskibaloia. Euroliga

Hegaldia berriz abiatzera doa

Gaur hasiko da Euroliga, munduko ligarik onenetan bigarrena. 18 talde ariko dira, eta COVID-19aren egoerak okerrera egin ezean, maiatzaren 30ean bukatuko da, Kolnen, Lauko Finalarekin.

Austin Hollins, Zeniteko jokalaria, baloiarekin, eta CSKAko Joel Bolomboy lurrean, iazko martxoan. SERGEYI ILNITSKY / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Martxoaren 6a gogoan dauka saskibaloizaleak. 2019-2020 denboraldiko Euroligako azkeneko partidak egun horretan jokatu ziren.COVID-19ak gerarazi zuen lehiaketa, eta gero, berriz ez abian jartzea erabaki zen. Turkiako hegazkin konpainia babesle nagusi duen saskibaloi liga handia gaur aireratuko da berriz, eta geratu behar izan zuenean bezala, birusak erabat baldintzatutako lehia izango da. 18 talde ariko dira; 34 jardunalditan, denak denen aurka jokatuko dute, joan eta etorri; gero, zortzi onenek kanporaketak izango dituzte; eta azkenik, Lauko Finala dago iragarrita, Kolnen (Alemania), datorren urteko maiatzaren 28tik 30era, kanporaketak gainditzen dituzten lau talderen artean. Betiere, birusak uzten badu.

FITXAKETA HANDIAK, GUTXI

Pandemiak kluben diru sarrerak gutxitu dituenez, gehienak kate motzean lotu dituzte diru mugimenduak. Horrek baldintzatu egin die fitxaketen arloa, eta aurreko denboraldietan baino mugimendu handi gutxiago izan da. Hala ere, izan direnetako batzuek zarata atera dute. Lau izen nabarmendu behar dira esparru horretan: Nick Calathes, Tornike Xengelia, Gigi Datome eta Kostas Sloukas. Joko antolatzaile greziar estatubatuarra Bartzelonan ariko da; Baskoniako hegal pibot ohiak Moskurako bidea hartu du, Euskal Herrian sei urte egin ondoren; Italiar hegalekoa etxera itzuli da, Milanek fitxatu baitu; eta Greziako joko antolatzailea Olympiakosek lotu du.

ALDAKETA GUTXI TALDEETAN

Fitxaketa handien eskasiak ez du esan nahi jokalarien dantzarik egon ez denik, baina mugimendu horiek iraganean baino gutxiago izan dira. Horren ondorioa agerikoa da: taldeek jarraitutasunaren aldeko apustua egin dute, edo egin behar izan dute, sosak arriskuan ez jartzeagatik. Alde onetik badauka: taldeak egiten eta eraikitzen hasi beharrik ez. Gutxi asko, lehendik osatutako bizkarrezurra daukate ia denek, eta ondo ari zenarentzat, egoera egokia da.

FABORITOAK, BETIKOAK

Martxoan lehiaketa eten behar izan zenean, bi talde ari ziren nabarmentzen: Efes eta Real Madril zeuden sailkapen buru. Hain zuzen, bi talde horiek dira zeukatenari gehien eutsi dioten faboritoak, turkiarrek Shane Larkin buru dutela, eta espainiarrek Facundo Campazzo. Gutxi aldatu duen bestea Moskuko CSKA da. Mike James eta Will Clyburn oinarri hartuta, gudari multzoa sendoa dauka Dimitris Itudis entrenatzaileak 2019ko garaipena berriz lortzeko. Xengeliaz gain, Nikola Milutinov pibot eraginkorra fitxatu dute errusiarrek. Bartzelonan ere apenas izan da mugimendu handirik, ezpada aulkikoa: Sarunas Jasikevicius jokalari ohiak hartu du aginte makila Kataluniako taldean, eta eutsi egiten dio faborito izaerari.

Aparte jartzekoak dira Milan eta Fenerbahce, galdera ikurraren azpian daudelako. Milanek beste aurrerapauso bat eman du fitxaketetan, eta jokalari ezagun gehiago batu ditu taldera Ettore Messina entrenatzaileak, Datomez gain: Malcom Delaney joko antolatzailea, Shavon Shields hegalekoa, Baskoniako ohia, eta Kyle Hines pibota. Oraingoak baleko apustua ematen du, baina horrela behar zuen aurreko sasoikoak ere, eta lehiaketa eten zenean hamabigarrena zen.

Turkiarren kasuan, aulkiaren jabe berriak egin dezakeenak piztu du arreta. Igor Kokoskov serbiarrak hartu du Zeljko Obradovic mitikoaren lekua. Esloveniarekin 2017an Europako Txapelketa irabazi ondoren, Phoenix Suns zuzendu zuen NBAn. Turkian daukan jokalari multzoa ere ez da kamutsa, Nando de Colo joko antolatzaile frantziarra buru dutela, eta asmatuz gero, baliteke faboritoen koskatik ez erortzea.

NBA: MEHATXU EDO AUKERA

Fitxaketen zuhaitza astindu dezakeen eragilea NBA da. Pandemiaren eraginez, denboraldi berria hasi behar zenean amaituko da zaharra munduko ligarik onenean, eta horrek hango fitxaketa epeak hankaz gora jarri ditu. Euroliga harrapa dezake aldaketa horrek: hemengo ligan ari diren jokalari batzuk hara joan daitezke. Real Madrileko Facundo Campazzoren kasua izan daiteke. Baina NBAtik ere etor daitezke Euroliga jokatzera hango jokalariak, datorren denboraldia ez bada hasiko urtarrilera arte. Ezustekoak izan daitezke balizko joan-etorri horietan.

COVID-19A: PROTOKOLOA

Lehiaketak aurrez zehaztuta daukan bidea egiteko, edo ahal den gehiena osatzeko, protokoloa prestatu du Euroligak COVID-19aren aurrean. Erabakirik garrantzitsuenak dira: partida bat hiru aldiz atzeratu ahal izango da; hori gertatzean oraindik ezin bada jokatu —Euroligak beste pista bat aukeratu dezake atzeratutako partidak jokatzeko—, etxeko taldeari 0-20 galdutzat emango zaio partida; talde batek zortzi jokalari baino gutxiago baditu, 0-20 galduko du partida; talde batek uko egiten badio partida bat jokatzeari inolako arrazoirik gabe, galdutzat emango zaio partida, 0-20, eta bigarrengoan, kaleratua izango da. Kanporaketetan talderen bati partida bat galdutzat ematen bazaio, kaleratua izango da. Lehiaketa eteten bada, momentuko sailkapena hartuko da kontuan berriz jokatzen hasten badira; baita ligaxka eten eta kanporaketetara igarotzeko. Etena gertatzean talde batzuei zenbait partida falta bazaizkie jokatzeko, jokatu egingo dira. Apirilaren 13rako ligaxkako partida guztiak jokatuta egon behar dira, eta maiatzaren 5erako kanporaketakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.