UDAKO SERIEA. Azken hitzaren jabe (IV).

«Gauzak ongi egin behar dira»

Ustez sasoi betean egon arren, badira aurretiazko borondateen agiriak egitea erabakitzen dutenak. Legeek harago egiten utzi ez, eta gutxieneko oinarri batzuk ipini nahi izaten dituzte sarritan, beren irizpideen araberako bukaera izateko asmotan.
JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

Arantxa Iraola -

2016ko abuztuak 26
Felipe Ibañez Garcia (Gasteiz, 1970). «Aspalditik pentsatua nuen, nire kontura. Seme bat dut, 19 urtekoa, eta bikotekidea: haiengan pentsatuz hartu dut, batez ere, erabakia. Orain ongi gaude, ez da deus pasatzen, baina...». Diagnostikatutako osasun arazorik izan ez arren, aurretiazko borondateen agiri bat egitea erabaki duten herritar horietako bat da Ibañez. Gasteizen bertan egin du, bere hirian. «Azken unera arte itxaroten dugu horrelakoetarako, baina aurrea hartu nahi izan dut: istripuren bat edo gaitzen bat badut zer egitea nahi dudan esateko».

Egokitu zaizkio inguruan heriotza gogorrak. «Bikotekide ohi bat, esaterako, minbizi batek eraman zuen, 43 urterekin; oso gaztea zen». Halako gertaerek hein batean barnea asaldatzen dutela aitortu du, eta gogoetarako zio izaten direla. Nolanahi ere, ez du inolako osasun arazorik, beti egin du kirola, eta sasoiko sentitzen da. «Baina halako gauzak pentsatu egin behar dira; bestela, gero ondokoei uzten diezu arazoa, eta askotan haiek ez dakite zer egin. Ez da nire kasua: nik argi hitz egin izan dut gaiaz semearekin, eta bikotekidearekin: biekin». Hain justu, inoiz burua galdu eta erabakiak hartzeko gai ez dela geratuko balitz, biak jarri ditu ordezkari gisara izenpetu duen dokumentuan. «Biak hautatu ditut; hartara, inoiz egokitzen bada, erabaki partekatu bat izango da. Baina beraiek badakite zer nahi dudan; argi eta garbi esan diet».

Oraingoz osasun arazorik ez badu ere, egin ditu hainbat zehaztapen erredaktatu duen dokumentuan. «Han jarri dut, esaterako, heriotzako unea heltzen denean ez dudala nahi etxean egon...». Oso zabalduta dago oraindik etxean hiltzeko nahia, baina horrelakorik ez lukeela nahi esan du Ibañezek: «Gero, askotan, bizirik geratzen direnek etxe hori uztera jotzen dute, heriotzaren uneko oroitzapen hori geratu zaielako... Horrelako egoerak saihestu egin nahi ditut. Ahal dela, etxetik kanpo egin nahi nituzke nik azken uneak, beste toki batean zainduta; senitartekoek nahi badute, datozela ni ikustera... Baina etxetik kanpora. Etxea lasai utzi nahiko nuke, hango martxa apurtu gabe. Niri iruditzen zait ni etxean banago ez dutela lasai atsedenik hartuko».

Bikotekidearekin batera

Aurretiazko borondateen entzutea bazuela esan du, baina ez zekiela norekin eta non egin behar zituen. «Bikotekidearekin mintzatu nintzen gaiaz, eta ez batak eta ez besteak ez genekien nola egin behar zen...». Asmatu zuten bidea. «Familia medikuari galdera egin, eta hark bideratu gintuen; bizpahiru bilera egin beharko genituela esan zidaten, eta arazorik ez zela egongo. Halaxe izan da». Batera egin zuten urratsa, berak eta bikotekideak. «Lanik garrantzitsuena, ordea, aurrez etxean egina genuen; biok, eta baita semearekin ere: orori buruz hitz egiten da gure etxean, taburik gabe. Ez genuke tabu baten gisan ikusi behar heriotza; hor dago, eta iritsiko da. Aurrez horri buruzko gogoetak eginda, hobeto joango da dena». Garrantzitsua iruditu zaio, hala ere, bere nahiak paper zuri baten gainean idatzi eta han bere izenpea ipintzea. «Asko hitz eginda ere, hitzak haizeak eramateko arriskua izaten da».

Usu nabarmentzen du Ibañezek heriotzaz ere naro eta natural mintzatzearen garrantzia. Gizartean, oro har, ordea, gaia ezkutatzeko joera aski nabarmena dela aitortzen du: «Karonte txalupan irudikatu, haren ondoan imajinatu, eta berehala egiten dugu gaiaz ez hitz egiteko imintzioa... Baina iritsiko da une hori». Horregatik iruditzen zaio zinetan garrantzitsua datorrenari aurrea hartzeko ahalegina egitea. «Gauzak ongi egin behar dira, hasieratik».

Eta nahi luke oraindik ere erabakitzeko aukera handiagoa. Hain justu, eutanasia legeztatzearen alde dago. Inoiz hautu horren premia senti dezakeela irudikatu izan du bere gogoetetan. «Demagun gaixotasun sendaezin bat dudala, hilurren nagoela; minbizia, metastasiarekin, edo garuneko tumore bat dudala begetal uzten nauten lesio batzuk uzten dituena...». Halakoak pentsatu izan ditu. «Zer egingo dute? Etengabe tratatuko naute ez minik izateko? Gure esku behar luke xiringa baten bidez bukatzeko aukera izateak», adierazi du. «Hori litzateke egokiena niretzat: osoena».