Albistea entzun

 Altsasuko auzia. Manifestazioa

ELKARTASUNAK KALEA IRABAZI DU

Altsasuko auziko gazteentzat «justizia» eskatu dute 50.000tik gora lagunek, Iruñean azken hamarkadetan eginiko manifestaziorik handienean. Babes uholdeagatik hunkituta azaldu dira auzipetuen senideak. «Kezkaz beteta baina kementsu» hartuko dute gaur Madrilerako bidea. Bideoa albistearen amaieran.
Altsasuko auziaren aurka milaka eta milaka lagun, atzo, Iruñean. Manifestazioaren aurrealdea Bakearen plazatik igarotzen.
Altsasuko auziaren aurka milaka eta milaka lagun, atzo, Iruñean. Manifestazioaren aurrealdea Bakearen plazatik igarotzen. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2018ko apirilak 15 - Iruñea

Ozen. Manipulazioek, bertsio ofizialek eta akusazio neurrigabeek eragindako zarata mediatikoaren gainetik ere, ozen aditu zen atzo Altsasuko auziko gazteen aldeko aldarria. «Altsasukoak aske!», oihukatu zuten atzo milaka eta milaka lagunek, Iruñean azken hamarkadetan egin den manifestaziorik jendetsuenean.

Antolatzaileen arabera, 50.000 pertsona inguru izan ziren atzo Golem zinema aretoen aurreko plazatik Gazteluko plazarainoko ibilbide luzea egin zutenak. Manifestazioaren atzealdeko pertsonak mugitzen hasi zirenerako, Baionako etorbidea, Armadaren etorbidea, Oliveto kondearen kalea eta Merindadeen plaza oso-osorik hartzen zituen jende uholdeak, eta pankarta Karlos III.aren etorbidean zen, bukaerara iristear. Aurretik ezarritako ibilbidean ezin kabitu ibili ziren asko, eta inguruko karrikak eta saihesbideak ere jendez gainezka zeuden.

Goizetik nabari zen hitzordu handien giroa Alde Zaharrean. Euskal Herriko hainbat tokitatik ateratako autobusak Iruñera heldu ahala hasi ziren kaleak musikaz eta algaraz betetzen. Manifestazioa hasi baino ordubete lehenagotik ere, leporaino beteta zegoen Golem zinema aretoen aurreko biribilgunea, eta Altsasukoak Aske plataformako kideek pankarta atera zutenerako, plazan sartzerik ere ez zegoen.

Ibilbidean, kolore askotariko banderak eta aldarrikapenak: nagusi ziren ikurrinak, Nafarroako banderak eta Kataluniako esteladak, eta Galiziako, Aragoiko eta Madrilgo elkarteen pankartak ere ikus zitezkeen han-hemenka. Aurreko lerroetan, berriz, pertsona ezagun ugari; besteak beste, Nafarroako Gobernuko, Parlamentuko eta Iruñeko nahiz Altsasuko udaletako ordezkari instituzionalak, baita Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrako parlamentariak ere.

Martxaren aurrealdea Gazteluko plazara iritsita, txalapartaren takun-tan-takun erritmoak eta Jon Maia, Alaia Martin eta Amets Arzallusen bertsoek egin zieten harrera bildutakoei. Ekitaldia hasi zenean, Baiona etorbidearen bukaeran ziren azken manifestariak. Gazteluko plazako oholtzan, Altsasukoak Aske plataformako ordezkariek hartu zuten hitza lehenik eta behin.

Bertaratutakoei eskerrak eman eta Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanzi, 517 egun preso daramatzaten hiru gazteei, «500 kilometroko besarkada bana» igorri ostean, Altsasuko auziaren inguruan zabaldu diren «gezurrak eta manipulazioak» salatu zituzten plataformako kideek: «Gure herriari buruz lerroburu handinahiak idatzi zituzten, gezur asko bota zituzten eta zientzia fikziozko adierazpenak entzun behar izan genituen. Ez dugu ahazten hainbat hedabidek izan duten jokaera, aberrazio honen bozeramaile gaizto eta bultzatzaile bilakatuta».

«Hunkituta»

Altsasukoak Aske plataformakoen esanetan, ordea, «gezurrak hanka motzak ditu, eta elkartasunak, berriz, bihotz handia». Horregatik, «hunkituta» azaldu ziren, azken hilabeteetan jasotako babes eta maitasun keinuengatik: «Jasotzen ari garen babesa izugarria da. Mobilizazio eta ekitaldi ugari ikusi ditugu, eta jendearen berotasuna sentitu ahal izan dugu. Gizarteak ulertu du hau Sakana gainditzen duela, eta denok gaudela auzipetuen aulkian».

Altsasuko gazteen gurasoek ere hartu zuten hitza. «Iberiar penintsulako bazter guztietatik jasotako elkartasuna», eskertu zuten Bel Pozuetak eta Antxon Ramirez de Aldak. Horrekin batera, baina, «kezka» ere adierazi zuten, auziak epaitegietan har dezakeen norabidearengatik: «Epaitu behar diren gertakariak jai giroan gertatu ziren, eta lesio larriena puskatutako orkatila bat izan zen. Urte berean, 2016an, Barne Ministerioaren arabera, 9.571 liskar edo borrokaldi gertatu ziren poliziekin edo guardia zibilekin, eta Altsasukoa da ekintza terroristatzat jotzen den bakarra», azaldu zuen Ramirez de Aldak. Madrilerako bidea hartuko dute gaur auzipetuen gurasoek, eta atzo Iruñean jasotako babesagatik «kementsu eta indarberrituta» sartuko dira bihar Auzitegi Nazionalera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bernat Etxepare lizeoko ikasleen protesta, Oier Oaren alde ©Guillaume Fauveau

Oier Oari ez diote lurralde debekua kenduko, eta familiatik banatua segitu beharko du

Ekhi Erremundegi Beloki

Gaur eman du erabakia Parisko Zigor Auzitegiak. Otsailean epaituko dute, Baionan, lurralde debekua urratzea leporatuta.

Llotja de Marreko alderdien ordezkariak, iaz, Espainiako Kongresuan. ©Javier Lizón / EFE

Alderdi subiranistek Espainiako Konstituzioa «agortuta» dagoela aldarrikatu dute

Paulo Ostolaza

Konstituzioaren Egunaren bezperan, ohar bateratu bat plazaratu dute Llotja de Marreko akordioaren sinatzaileek. «Herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako eredu bat» eskatu dute.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Gure ustez, beharrezkoa da EAJ gobernutik kanporatzea»

Gotzon Hermosilla

Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin du, eta EAEn «ezkerreko alternatiba sendo bat» osatu behar dela nabarmendu dute berriro, «Nafarroan egin denaren antzera».
 ©CHEMA MOYA / EFE

«Kontuen emaitzak ikusita, esango nuke badugula zer esana»

Iosu Alberdi

Kongresuan kontuen inguruko lehen akordio bat lortu arren, Esteban ez da negoziazio mahaitik altxatu. Aurrekontuen ingurukoak izan ditu hizpide; baita datozen hilabeteetan irits daitezkeen lege erreformak ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.