Noiz sortua: 2018-06-17 00:30:00

Altsasuko auzia. Manifestazioa

ELKARTASUNAK GAINEZKA EGIN DU

Antolatzaileen arabera, 80.000 eta 90.000 artekoa izan da Altsasuko zortzi auzipetuen aldeko manifestazioan parte hartu dutenen kopurua. Apirilaren 14ko erantzuna txiki utzita, Iruñean aspaldi izandako handiena izan da. Gazteen gurasoek jasotako babesa eskertu, eta justizia aldarrikatu dute.
Altsasuko auziaren aurkako manifestazioa, atzo, Iruñean. Zaragoza etorbidearen erdialdera, Guardia Zibilaren egoitzaren parean, ibilbide erdian. Inguruneak jendez gainezka ziren.
Altsasuko auziaren aurkako manifestazioa, atzo, Iruñean. Zaragoza etorbidearen erdialdera, Guardia Zibilaren egoitzaren parean, ibilbide erdian. Inguruneak jendez gainezka ziren. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2018ko ekainak 17
Neurrigabekeriari erantzun neurrigabea eman zaio. Dozenaka mila herritarrek Iruñeko kaleak bete zituzten atzo, Altsasuko auziaren aurkako protesta entzunarazteko, eta apirilaren 14ko manifestazio historikoa txiki utzi zuten. Antolatzaileen arabera, manifestatzaileen kopurua 80.000 eta 90.000 artekoa izan zen. Elkartasunak gainezka egin zuen, eta, amaieran, gurasoen eta antolatzaileen aurpegietan emozioa nabari zen horregatik. Eskerrik asko zioen pankarta atera zuten, esker onez. «Justizia nahi dugu», errepikatu zuten ozen Bel Pozuetak —Adur Ramirez de Aldaren amak— eta Gotzon Urruzolak —Aratz Urruzolaren aitak—.

Hasteko ordubete falta zela, Sadar futbol zelaiaren inguruak jendez gainezka zeuden, Osasunak zerbait jokoan duen aldi handietan bezala. Oraindik ezer antolatu gabe zegoela, senyera ugari ikus zitezkeen. «Manifestazio erraldoia» izango zela esatera ausartu zen Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentaria. Bostak jotzear zirenean, zortzi auzipetuen gurasoak pankartaren atzean jarri zirenerako, aurreikuspen haren lehen zantzuak antzeman ziren: Sadar kalearen bi aldeetan, jendea ezin kabiturik; aurretik jendetza, eta atzetik berdin.

Txalo artean eta «Altsasukoak askatu» oihu artean ekin zion manifestazioak. Lehen ehun metroak eginda eta lehen biribilgunera iritsita antzeman zen hobeto erantzunaren tamaina. Aurretik, errepide amaiera ikusten uzten ez zuen jendetza zegoen, eta antolatzaileek une oro manifestazio buruari toki egiteko, albora egiteko erregutzen zuten. Bigarren biribilgunera helduta, Zaragoza etorbidean sartzerako, ikuspegi bera errepikatu zen: aurretik, errepide bazterretan jendea txaloka, justizia eske. Atzetik, uholdea.

Hasieratik amaieraraino iraun zuen. Lau kilometroko ibilbide luzean, alde banatan noiz iritsiko zain zeuden herritarrekin egin zuen topo manifestazio buruak, eta erantzunaren inguruko beste bi datu deigarri daude. Batetik, kartel nagusia Zaragoza etorbidean gora zihoala, Foruen plaza iritsi baino lehenago ekin zion atzealdeak, apurka, ibilbideari. Bestetik, manifestazio burua Karlos III.a etorbidera iritsi zenerako, amaiera oraindik Zaragoza etorbide behealdean zegoen, eta aurretik herritarrez beteriko 2,5-3 kilometroko ibilbidea zuen.

Erantzun instituzionala ez zen falta izan. Maria Solana joan zen Nafarroako Gobernuaren izenean, eta Joseba Asiron Iruñeko alkate gisa. EH Bilduk ordezkaritza zabala bidali zuen —tartean, Araiz, Bakartxo Ruiz, Maialen Iriarte eta Marian Beitialarrangoitia—. EAJren kasuan, besteak beste, Joseba Egibar eta Unai Hualde. ELAko eta LABeko zuzendaritzako kideak ere han izan ziren.

Ibilbidean, Galizia etorbidearen parean, gelditu egin zen manifestazioa, argazkilariek garabi batetik argazkiak har zitzaten. Alboan zen Guardia Zibilaren Iruñeko egoitza nagusia. «Alde hemendik, utzi bakean», oihukatu zuten ozen manifestariek.

Ordu eta erdi geroago heldu zen helmugara manifestazioa, txalo artean. Karlos III.a etorbidean kokatutako oholtzaren inguruak jendez lepo zeuden, baita alboko kaleak ere. Ekitaldia hasi aurretik, isilune bat egin zen, eta jarraian txalo zaparrada batekin erantzun zioten bertaratutakoek.

Hiru diskurtso

Berehala, Jon Maia bertsolariak segidilla bat abestu zuen. Abeslari batek jota bat abestu zien gazteei: «Noiz arte eutsiko diogu egoera bidegabe honi». Drogas abeslari iruindarrak eta Mikel Markezek abesti bana kantatu zuten. Aurretik, umorez aritu zen emandako babesari buruz: «Eskuak pilotarien antzera ditut, babaz beteak, hainbeste txalo egitearen ondorioz».

Ekitaldian, hiru diskurtso nagusi entzun ziren. Batetik, antolatzaileek urte eta erdi honetako argi-ilunak nabarmendu zituzten. Itzalen artean, atxiloketak, espetxeratzeak, sakabanaketak, gazteetako hiru denbora luzez Fies egoeran izatea, asteon fiskaltzak helegitea jarri izana...: «Nola definitu? Ankerkeria, krudelkeria, sadismoa? Baina argiak ere izan ditugu». Horien artean, jasotako elkartasuna nabarmendu zuten.

Bigarrenik, Jokin Unamunok espetxetik idatzitako gutuna irakurri zuen haren amak. «Epaiketa zirku bat izan zen, eta epaia, kolpe gogorra, nahiz eta nik neuk oraindik latzagoa izatea espero nuen. Ezin da inor espetxera bidali gertaeretan parte hartu izana frogatu gabe, eta are gutxiago iritzi eta susmoetan oinarrituta».

Hirugarrenik, Bel Pozuetak eta Gotzon Urruzolak salatu zuten auzi honetan «mendekuz» jokatu duela Espainiako Auzitegi Nazionalak. «Ez dute egia bilatu». Gogora ekarri dute Carmen Lamela instrukzio epaileak Guardia Zibilaren domina jaso duela, Concepcion Espejel epaimahaiburuak bezala. «Non dago inpartzialtasuna?». Haien ustez, auzi honetan «boterearen gehiegikeria» nabarmendu da, eta komeni da «demokraziaren kalitatearen eta eskubideen defentsan egoera hori iraultzea. Neurri legalak nahi ditugu saihesteko legearen erabilera estentsiboa eta botere abusuak». Hartara, politika, gizarte, unibertsitate eta zuzenbide arloko eragileei mahai bat osatzeko deia egin diete, «benetako soluzio eraginkorrak bilatzeko».

Albiste gehiago

Martxoaren 30ean eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 8.225 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 400 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 1.807 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Lantegiak itxita, Basaurin. ©Marisol Ramirez / Foku

Kutsatzeko kezka dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen bi herenek

Berria

Espainiako Gobernuak atzo onartutako dekretua indarrean da, eta funtsezkoak ez diren jardueretan aritzen diren langileek etxean geratu beharko dute gaurtik aurrera. Urkullu ez dator bat neurri horrekin, ezta patronala ere. Txibitek, Europara begira, Sanchez babestu du, eta onartu du egoera «oso konplexua» dela, baina hobe litzatekeela jarduera ekonomikoa ez geratzea eta erabaki hori malgutzea.

Sidenor enpresako langileak jarduera eteteko eskatzen, aurreko astean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Jaurlaritzak letra txikiari heldu nahi dio gutxieneko jarduera bati eusteko

Xabier Martin

Madrilen azalpen gehiagoren zain dago, baimena nahi duelako enpresei isunik jar ez diezaieten

Ospitale bateko larrialdietako sarrera ©Jon Urbe / Foku

Koronabirusa zuten 400 pertsona hil dira Euskal Herrian, eta 8.225 pertsona kutsatu

Irati Urdalleta Lete

50 pertsona hil dira atzotik, eta 452 pertsona gehiagori atzeman diete birusa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna