GAKOAK

2019ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Hona hemen Espainiako Hauteskunde Batzordearen lana ulertzeko hainbat datu:

Zer da? Espainiako hauteskunde administrazioko organo gorena da. Espainiako Hauteskunde Erregimenari buruzko Lege Organikoak (LOREG) arautzen du haren funtzionamendua.

Zer eskumen ditu? Hauteskunde prozesuetako gardentasun, objektibotasun eta berdintasun printzipioak betetzeaz eta betearazteaz arduratzen da. Besteak beste, haren zereginen artean daude hauteskunde erroldaren bulegoko jarduerak zuzentzea, alderdiek kanpainan dituzten gastuak kontrolatzea, hauteskunde mahaien eraketa diseinatzea, hauteskunde batzordeei jarraibideak ematea eta diputatu eta senatarien agiriak egitea.

Alderdien kexakbideratzen ditu? Bai. Alderdi politikoek aurkeztutako helegiteak tramitatzen ditu, baita probintzietako eta eskualdeetako hauteskunde batzordeek egindako eskaerak ere. Legez kanpoko jardueren kasuan eta deliturik ez dagoen kasuetan, isunak jartzeko ahalmena du. 300 euro eta 30.000 euro arteko isunak ezarri ditzake.

Nortzuk osatzen dute? Hamahiru kidek osatzen dute. Horietako zortzi Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak dira, Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak zozketa bidez aukeratuak. Beste bostak Zuzenbide, Zientzia Politikoko edo Soziologia katedradunak dira, Kongresuko alderdi politikoek proposatuak.

Zenbat denbora daude karguan? Hauteskunde batzordeko kideak legegintzaldi bakoitzaren hasieran hautatzen dira, eta karguan jarraitzen dute hurrengo legegintzaldira arte.

Nola funtzionatzen du? Ateak itxita biltzen da Kongresuko areto batean. Presidenteak edo bi bokalek eskatuta biltzen da. Akordioak gehiengoz hartzen ditu, eta presidentearen botoa kalitatezkoa da. Erabakiak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.