SOSLAIA. Uxue Alberdi

111 Akademiak saritua

mikel lizarralde
2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
111 Akademia osatzen duten kideek Uxue Alberdiren Jenisjoplin eleberria (Susa) aukeratu dute 2017. urtean argitaratutako liburuen artean gustukoena, eta, horrenbestez, Alberdik akademiaren saria jasoko du maiatzaren 10ean, Andoainen (Gipuzkoa) egingo den ekitaldian. Hiru bozketa txandatan garatu da aukeraketa prozesua, urtarrilean hasi eta apirilaren 8an amaitu dena. Lehenengo txandan, 2017an gogokoen izan zuten liburuaren alde bozkatzeko eskatu zitzaien 198 akademiakideei, eta lehen txanda hartan saridun izendatzeko behar zen botoen %30 lortu zituen obrarik egon ez zenez, akademiak ohiko prozedura jarraitu, eta beste bi bozketa txanda egin zituen. Hirugarren eta azken txandan, Uxue Alberdiren Jenisjoplin eta Maddi Zubeldiaren Deserria haurtzaro izan ziren bi finalistak, eta Alberdiren lana suertatu da garaile.

Liburua iazko udazkenean argitaratu zuten, eta Nagore Vargas du protagonista nagusia. Migratzaileen ondorengoa eta tabernarien alaba, «oso gaztetatik izango du klase kontzientzia eta zapalduaren identitatea», Alberdik berak adierazi duenez. 1980ko eta 1990eko hamarkadetako Euskal Herria gatazkatsuan dago girotua eleberria. Hain zuzen ere, «bizipen eta kontraesan pertsonalak eta belaunaldikoenak» arakatzen saiatu da idazlea nobelan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.