Intelektuala etxeko zapatiletan

Harkaitz Cano idazleak Anjel Lertxundiren zutabegintzaren estetika eta edukiaren ezaugarriak aletu ditu hitzaldi jori batean; erudizioaren eta herrikoitasunaren arteko oreka nabarmendu dio, besteren artean.  

Harkaitz Cano idazlea, atzo, hitz hartzeko unean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gorka Erostarbe Leunda.
Andoain
2017ko ekainaren 9a
00:00
Entzun

Aurki esan dezadan: Ifrentzu da Anjelen bigarren deitura. Argitasuna eta umorea ekarri dizkigu. Errebeldia eta erne egoteko grina piztu. Agintekeriaren kontra, boterearekiko mesfidati sentitu dugu maiz. Gure barne kontzientzian sumatu bai, baina adierazten nekez asmatzen genuen zerbaiten isil-mandatari». Hala aurkeztu du idazleak idazlea; hala aurkeztu du Harkaitz Canok Anjel Lertxundi. Ofizioak eta letrekiko mirak ez ezik, zutabegintzan aritu izanak batzen ditu biak; eta baita BERRIAko iritzi sailean aritu izanak ere.

[youtube]https://youtu.be/G__ZyWe1kNs[/youtube]

Ezagutzen du zutabegintza Canok, baita zutabegilea ere. «Zutabeak idaztea, zeure garuna koilarakada saltzea zela irakurri nion norbaiti. Baina gustuko zutabea koilarakada bat baino askoz gehiago da irakurlearentzat: gosari osoa ez bada, gosari erdi. Anjel Lertxundi irakurtzea da egunkaria zabaldu eta Parisko kafetxe batean sentitzea goizero, Albert Camus atetik noiz sartuko zain».

Anjel Lertxundik hamalau urtez ia egunero BERRIAn idatzitako Hitz beste gauza asko izan dira, kidearen hitzetan: diario zati, norbere minari kendutako puska, liburu bati tarratutako orri, postal zirriborratu, analisi telegrafiko, hausnarketa txoko, erreklamazio koaderno, bizi-errezeta, aldarri, salmahai, iragarki, bederatzi puntuko bertso, hitz lauz idatzitako poema, entziklopedia handi bati lapurtutako definizio ttipi... Hainbeste gauza.

«Idazle adi eta adeitsua, ezagutu dizkiogu noizean behin irribarre erdi eszeptikoarekin idatzitako pentsamenduak, kopeta belztuta edo zimur, sekula ez ozpin, errespetuz beti. Askoz gehiago izan dira, ordea, koplaka dabilena bezain jostakin idatzitakoak; irakurri baino gehiago entzun egin dizkiogunak, idazlea bere buruarekin ofiziotan aritu izan balitz bezala. Ofizio askoko eta askotako baita Lertxundi».

Bi izan dira Lertxundiren «behatoki nagusiak», Canoren iritzian; «komunitatea eta hizkuntza». Hiru izan dira «hausnarketaren errota» martxan jartzeko erpinak: «Egunero irakurritako hiru egunkari horiek, jakina; baina baita bere bibliotekaren aterpea eta kalean ikusi eta entzundakoak ere». Eta kezka nagusi bat antzeman izan dio: «Esaten denaren eta esan uste dugunaren arteko koska. Euskaraz eta euskaratik esan nahiaren eta esan ezinaren arteko tentsioa da bere lanaren erregaietako bat. Sinonimia jostalaria, errepikapen txinpartatsua eta aldarte zirtolaria bere estiloaren sor marka dira. Gai da zerrenda soil bat argumentazio teknika bihurtzeko». Eta gogoratu du euskara batuaren malgutasuna aldarrikatzeko idatzitako hura: «...nago batuaren noranahikoa ukatzen duenak ez duela tutik, izpirik, mistik, fitsik ulertu zer den batua. Ez du zipitzik aditu, piperrik konprenitu, koskorrik jaso, zakilik usaindu zer den estandarra».

«Eruditoa denaren eta herrikoia denaren arteko oreka» da Lertxundiren zutabegintza Canorentzat. «Zutabeetara eta gosaritara estimatzen dituen idazleak ekartzeaz gain, urruntze-gerturatze estrategia asko erabili ditu Lertxundik: noiz mikroskopioz, noiz teleskopioz. Politika zaharraren jardun zaharrak lausotzen dituen baldarkeriak enfokatzea, kasu, edo mira laburreko iritzi akartonatu eta akartolatuen aurrean atlas historikoa zabaltzea, ironiaren bakteria sendagarria neurri-neurrian txertatzea, erregea biluzik dagoela esatean ispilu aurrean norbere burua seinalatzea, eta batez ere, zutabe eroalea izatea».

«Belarri bistan beti» aritu da Lertxundi, Canok xehe azaldu duenez. «Zutabegile on bat, etxeko zapatilak jantzita idazten duen intelektuala delako. Eta erudizioak ez duelako tutik, izpirik, mistik, fitsik balio entzuten ez badakizu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.