Luis Garde. Idazlea

«Historia ailegatzen ez den lekuetara ailegatzen ahal da literatura»

Ander Perez Argote
Donostia
2016ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Zazpi poema liburu argitaratu ditu Luis Gardek (Iruñea, 1961), baina lehen eleberriak eman dio Euskadi saria. Halere, izatekotan, poetatzat du oraindik bere burua.

Emango zizun sariak narratiban bete-betean aritzeko gogoa...

Uste dut bietan segituko dudala. Nobela hau idatzi bitartean egunero pentsatzen nuen: «Hau da egiten dudan lehenengo eta azken nobela». Bazen lan anitz, eta ez nengoen eguneroko lana egitera ohitua. Poetak nahiko dispertsoak gara. Baina bukatu eta gero, satisfazio handia hartu nuen, eta orain, saria hau jasota, bai, segituko dut. Ideiak ez dira falta, hori da inportanteena, eta gogoa ere badut, beraz... Nik poetatzat jotzen dut neure burua, baina nobelarekin segitzeko asmoa ere badut.

Ezkabako gotorleku-kartzela dago nobelaren iturburuan.

Iruñekoa izaki, nire haurtzaroa Ezkaba ondoko auzo batean, Arrotxapean eman nuen, eta, beraz, talka batetik sortzen da [liburua]. Batetik, haurtzaroko oroitzapen idealizatua nuen, non familia langileak igande-pasa joaten ginen [Ezkaba] mendira, gure askatasunaren esparrura. Azken urteetan gotorlekua han zegoen, baina gero hasi ginen gertatutakoa jakiten. Kontraste horretatik sortu zen tximista. Eta, nonbait, ideia hori haragiztatzen hasi nintzen, zer edo zer egiteko asmoz. Ikusten nuen halako lan batek egilearen aldetik inplikazio handia behar zuela, egileak ez zuela bakarrik ikerlana egin behar. Hori, gertakariekin batera, nire oroitzapenak atereaz egiten da liburuan. Gainera, agertzen da [narratzailearen] senide horren inplikazioa, eta horren bidez bere buruari ere egiten dizkion galderak, bere jokaereiburuz.

Narratzaileak bere buruari egiten dizkionak, baina aldi berean egilearenak ere badirenak. Hor nahasketa bat dago.

Bai, badu puntu bat fikzioaren eta autofikzioren artean, baina, printzipioz, ez da autobiografikoa.

Izan zitekeen kronika historiko bat, edo saiakera bat. Fikzioaren galbahetik pasatzea erabaki zenuen, ordea. Zergatik?

Uste dut fikzioak ere horretarako balio duela. Batetik, ateratzen ari dira oraindik ere ikerketa anitz, eta testigantzak. Baina uste dut literaturak ere balio duela horretarako, zer edo zer ere ikasteko, edo sentimendu batzuk partekatzeko. Eta batzuetan, historia ailegatzen ez den lekuetara literaturaren bidez ailegatzen ahal da. Egonzen isiltasun behartu horren ondorioz gauza anitz joan dira, eta galdu izan dira betirako. Oraindik geratzen dira dokumentuak, lekukotasunen bat, baina geratzen diren hutsune horiek betetzeko modu bat izan daiteke literatura. Beti dago pentsarazteko aukera literaturan.

Azpimarratu duzu ez dela memoria historikoko lan bat.

Orain azpigenero bat da memoria historikoarena, segur aski beharrezkoa, nahiz eta kasuren batean oportunismoren bat ere izaten ahal den. Nire kasuan, memoria historikoa abiatzeko geltokia zen. Gero, nonbait, egon liteke memoriari buruzko ikerketa bat, baina gure eguneroko memoriari buruzkoa, adjektiborik gabea. Bakoitzak bere memoria behar du, bere bizitzarena, tranpa gehiegi egin gabe.

Nahiko oharkabean pasatu da eleberria. Zer espero duzu hemendik aurrera?

Uste dut honek emanen diola bigarren bizialdi bat. Egia erran, ez nuen pentsatzen merkatuan, edo asko saltzean. Nahikoa zen argitaratzearekin. [Liburu] erraza ez, baina zaila ere ez da, saiatzen naiz irakurleari pistak ematen, letra tipoak ezberdintzen... Baina komertziala ez da, eta ez nuen salmentetan edo idazle gisa nolabaiteko irudia lortzean pentsatu. Lortu duen oihartzuna ez da izan oso zabala, eta uste dut hau izanen dela bultzada garrantzitsua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.