ARDOXKA

Triangelua

Roberto Sarriugarte
2017ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Hemen dugu dagoeneko ikasturte berria. Gogoan dut oraindik uztailaren hiruan Gernikako Sorkunde edo Kontzesioko (Santos Chirenes edo Santu Motzak moduan ezagunagoa) baseliza inguruan, Arane auzoan, Izagirre baserriaren ondoan, Etxostie deituriko parajean On Egin Vinos Singulares-en eskutik igaro genuen egun zoragarria. Inguru horietan, Itsasmendi upategiak zazpi hektareako mahasti zoragarriak ditu, eta hantxe izan genuen 30 erakustokitan jarritako ardo eta zenbait produktu gastronomiko dastatzeko parada, On Egin Vinos Singulares-ek hamar urte betetzen baitzituen. Udako oporrei hasiera emateko, ezin amestu modu bikainagorik.

Mahaietan gozatu aurretik, baina, eta, zentzumenak behar den moduan prestatzeko, ardo kata berezi eta bikain batean parte hartzeko aukera izan nuen. Itsasmendi 7 2008, Agricola de Labastidaren La Greña 2010, Montsanteko Venus Crossos 2006, Rodano bailarakoChapoutierren Ermitage L'Ermite 2004, Errioxako Viña Tondonia Gran Reserva 1981; etaamaitzeko, Alemaniako ardo gozo eta bikaina: Kesselstatt Josephshofer Auslese 1999. Sei ardo, guztiak erabat desberdinak, eta guztiak bikainak. Horren ostean, prest geunden egunari egoki ekiteko.

Ordutik hona pasatu dira bi hilabete eta erdi, baina ez dut ikasturte berria hasi nahi izan hura aipatu gabe. Eskerrik asko, Gari!

Gero, abuztuan, Andaluziako lurretan (Espainia), urtero bezala, izan dut altxorren bat aurkitzeko parada. Azken urteotan, Barredero, Entrechuelos, La Encina del Ingles, Forlong... eta beste hainbat ezagutu ditut; ardo zuriak izan dira gehienak, eta gehien gozatu ditudanak. Aurten ere aurkitu dut zuri bat ezagutzen ez nuena, Jerez de la Fronteran dagoen (Cadiz, Espainia) Luis Perez upategiko El Muelle de Olaso, hain zuzen ere; palomino zuria mahatsez egina, eta benetan harrigarria iruditu zaidana. Baina uda honetako ardoen artean, ardo beltz bat azpimarratu eta nabarmendu nahi dut, eta hona ekarri nahi nuke: El Triangulo. Ardo hori ere Luis Perezen upategikoa da, tintilla de Rota mahatsez egina. Tintilla de Rota mahatsa aspaldian ia ahaztuta izan bada ere, azken urteotan Cadizko hainbat upategi hasi dira erabiltzen; gehienetan, beste mahats batzuekin nahasiz, eta, zenbait kasutan, El Triangulo ardoan adibidez, ardo monobarietalak egiteko.

Ardo boteretsua izanda ere, ez du freskotasunik falta, zuzena eta fruta bikainarekin. Bitxia da %15 baino ez delako upelean ontzen, upel erabilietan hain zuzen ere, eta horregatik gailentzen da hain nabarmen eta dotore eskaintzen duen fruta bikaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.