Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Anforan ondutakoa

2017ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Veronica Ortega enologo andaluziarra da, eta Bierzo sor-markako ardo bikainak egiten ditu, mencia zein godello mahatsez.

Upategi handietan lanean aritu zen, eta han asko ikasi zuen. Ibilbide horretan Priorateko (Tarragona, Herrialde Katalanak) Clos Erasmus eta Alvaro Palacioren upategietan aritu zen; Borgonian, Romanee Conti eta Domaine Comte Armanden; Rhonen, berriz, Domaine Laurent Combierren ere aritu zen. Romanee Conti upategia Bierzon jarri zuen(Gaztela-Leon, Espainia), baina bere proiektu pertsonala Valtuille de Abajon abiatu zuen, lurralde haiek eskaintzen zutena erakarrita, hain zuzen ere. Hasieran, Raul Perezen laguntza jaso zuen, egungo enologorik karismatikoenetakoarena laguntza.

Gaur egun, Veronica Ortegak Bierzoko ardorik onenetarikoak egiten ditu, bakanenak, bitxienak. Roc, Veronica Ortega CAL edo Quite dira Ortegak egiten dituen ardoen izenak. Roc ardo gaztea da, zabalik mantentzen diren upel handietan egiten du hartzidura, eta, neurri handi batean, mahats ale osoekin eta txorten eta guztirekin egiten da. Veronica Ortega CAL godelloz egindako ardo zuria da, lehorra eta arina; hartzidura alkoholikoa frantziar upeletan egiten du, eta gero urtebete igarotzen du 800 litroko anforetan, botilatu aurretik.

Baina gaur hemen azpimarratu nahi dudan ardoa Quite ardoa da, 2014ko uztaldikoa, hain zuzen ere. Quite 2014 ardoak zortzi hilabete ematen ditu ontzen, erdia upelean eta erdia anforan. Ardoaren erdia baino gehixeago, %60, upelean ontzen da, eta beste guztia, %40, anforan, eta gero ardo guztia nahasi. Ontze horrekin ardo garbiago bat bilatzen dute, «sinpleagoa», «fruta ugariarekin, erraz edan eta ulertzeko», Ortegaren hitzetan.

Ortegak ez zuen ardo gazte «arrunt» bat egin nahi, eta horregatik erabili ditu anforak. Anforak eskaintzen duen gauzarik bereziena duen forma da, «arrautza itxurarekin, eta horrek ezaugarri fisikoengatik etengabeko ardoaren mugimendua dakar, txikia baina etengabekoa».

Mugimendu horren eraginez, ligak etengabeko zirkulazioan mantentzea dakar, eta, ondorioz, ardoak aho fasean leuntasun eta fintasun handiago eskaintzea. Gainera, zeramika materia porotsua da, egurra bezala, eta horrek ardoa egitea, fintzea, egokitzea dakar, mikrooxigenazioari esker.2014 uztaldian, 15.000 botila ekoitzi zituzten; edozein poltsikotarako egina da.

Ikasturte honetako azken artikulua denez, ardo freskoa eta bitxia ekarri nahi izan dizuet. Oporrak hasita bazaudete edota hasteko, gozatu uda eta ardo bikainak ahoratzeko aukera izan dezazuela eta opor bueltan hemen elkartuko gara berriz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.