Migratzaileen exodoa. Mexikoko zeharkaldia

Bizirik irauteko karabana

Migratzaileen karabanak hilabete egin du bidean. San Pedro Sulatik (Honduras) abiatu zen, urriaren 13an, eta 2.230 kilometro egin ondoren iritsi da Guadalajarara. 2.420 kilometro dituzte AEBetako mugaraino; atzetik, beste hiru karabana datoz. BERRIAk barrutik emango du iparralderako zeharkaldiaren berri.

Kristina Berasain Tristan - Berriemaile berezia

2018ko azaroak 13
Tapachulatik Tijuanara, errepidez, 3.923 kilometroko tartea dago hegoaldeko mugatik iparraldeko mugaraino, eta distantzia hori bezain handia da muga bien beste aldean dauden munduen errealitatea. Miseria eta oparotasuna. Indarkeria eta lasaitasuna. Zuria eta beltza. Mexiko hegoaldeko baso hezeen eta iparraldeko basamortu idorren artean dagoen kontrastearen parekoa. Horregatik doaz iparralderantz. Beti iparralderantz. Oinez, kamioietan, trailerretan, autobusetan, trenetan. Baina beti iparralderantz. BERRIA migratzaileen karabanan da, exodoaren lekuko zuzena, Alboan gobernuz kanpoko erakundearen bidez egindako bidaiari esker.

Karabanako talderik mardulena Guadalajaran da. Azken kontaketaren arabera, 4.814 lagun dira. Irapuaton egin dute igandetik astelehenerako gaua, eta goiz-goizean ekin diote beste etapari. Hilabete daramate ihesaldian. Akituta daude, askok babak dituzte oinetan, kilometroen zama handia baita, eta badira gaixorik daudenak, eztulka etenik gabe, sukarrarekin, aire librean egin baitute lo, euri zaparraden azpian tarteka, eta gose dira, baina, ernegatuta bada ere, aurrera egiten dute, kemenez eta itxaropenez, atzera egitea jada ez dagoelako mapa intimo horien ibilbideetan markatuta. Heriotza eta gosea utzi dituzte atzean. Hori baino okerragorik, zer egon daiteke aurrean? Bizirik irauteko karabana da.

Karen 7 urteko alabarekin doa aurrera. Hondurasen utzi ditu bi semeak: «Ezin naiz jaioterrira itzuli, heriotzaz mehatxatuta gaude». Ez du zehaztasun gehiago eman nahi izan, baina bizitzaren zama dauka begietan.

San Pedro Sulatik abiatu zen migratzaileen karabana, urriaren 13an, eta, bi muga zeharkatu ostean, urriaren 19an sartu ziren Mexikon. Chiapas, Oaxaca eta Veracruz igaro ostean, plazetan eta bide bazterretan lo eginez, herritarrek eta erakunde bakar batzuek jateko ematen zietenarekin, azaroaren 3an iritsi ziren Mexiko Hirira. Han ordurako sakabanatuta zegoen multzoa berriz elkartu zen, eta joan den larunbatean abiatu zuten berriz ibilaldia. Hasieran mila bat laguneko taldea zena exodo bilakatu da. Oraintxe bertan 8.000-10.000 lagun artean dira herrialdea zeharkatzen ari direnak, batzuk aurrerago, eta besteak atzerago, beste hiru karabana ari baitira nagusiaren arrastoari jarraitzen.

Bigarren karabana urriaren 17an abiatu zen, eta hirugarrena, urriaren 23an. Hondurastik biak. El Salvadortik, berriz, beste karabana bat jarri zen martxan. Horretan gizonezkoak baino ez daude, eta azkar doaz aurrera. 3.000 inguru dira, eta atzo ziren iristekoak Mexiko Hirira.

Taldearen indarra

Migrazioaren fenomenoa ez da berria. Beti egon da, eta beti norabide berean, hegoaldetik iparraldera, orain karabanan doazen asko aurretik joandako senideen bide bera egiten ari baitira. Exodo honen ezaugarria talde izaera da: elkarrekin egitea aurrera. Horrek eman dio indarra. Lehen, talde txikietan ateratzen ziren migratzaileak, tantaka, hamar-hamabi laguneko taldeetan, isilean, gauez, beldurrez. Orain, klandestinitatetik atera da fenomenoa, munduaren begien aurrean ari baita aurrera egiten duintasunaren karabana.

Hau ez da talde izaera duen lehen karabana. Martxoan beste karabana batek zeharkatu zuen herrialdea, 800-1.000 lagunez osatua. Eta iaz ere antzeko beste batek egin zuen aurrera. Mexiko hegoaldeko mugatik, dena den, urtero, 400.000-500.000 lagun artean igarotzen dira, amets baten bila baino gehiago, amesgaiztotik ihesean.

Camilo da horietako bat. Bide bazterrean dago 17 urteko mutila. «Honduraskoa naiz. Nire herrian egunero ikusten nituen hilotzak kaleetan. Tiroka hiltzen zituzten. Mara-k ni errekrutatzen saiatu ziren, eta horregatik alde egin dut. Nahiko banu ere ezingo nintzateke itzuli. Heriotza daukat zain».

Ez da mito bat indarkeriatik ihes egiten dutela. Hondurasen, El Salvadorren eta Guatemalan izugarria da odol kuota.

Mara taldeetako kideek bizkar zorro edo ordenagailu batengatik hiltzen dute. Sikarioek ehun dolarren truke hiltzen dute. Oscar Arnulfo Romero monsinorea horietako batek hil zuen; 1980ko martxoaren 24a zen. Egun hori iltzatuta daukate karabanan doazen iheslarietako askok, eta haren hitzak gogoan dituzte egungo exodoa arrazoitzeko: «Izugarria da pentsatzea zenbat hildako dauden aberrian, eta giza odolak nola blaitzen dituen, gero eta gehiago, gure lurreko bide sakratuak. Indarkeriek izen bat edo bestea hartuko dute, baina indarkeria hortxe egongo da beti, halako gauza lazgarrien sustraia aldatzen ez bada».

Hasieran, gerretatik ihesi joan ziren, diktaduretatik, gobernu militarretatik... Orain, beste izen batzuk dauzka exodoaren arrazoiak: hilketak, lekualdatzeak, bortxaketak, estortsioak, lapurretak... Eta, lehen bezala orain ere, miseria, bazterketa.

Karabanak Tijuana du helmuga. Oraindik 2.420 kilometro dituzte aurretik iheslariek, egin dutenaren bezainbesteko tartea eta pixka bat gehiago, baina azkar doaz aurrera, ia atseden hartu gabe, goizaldetik eguerdira arte, izan kamioi baten gainean, izan autobus batean edo furgoneta batean. Iparralderantz doazen ibilgailuak gelditzen dituzte. Erronka itzela da, hala ere, aintzat hartuta bidearen nekea jada handia dela. Eta arriskua itzela dela.

Mugarik Gabeko Medikuen arabera, iparralderako bidean joan ohi diren hamar lagunetatik zazpi dira indarkeriaren biktima. Karabanak bidearen zatirik arriskutsuena du aurretik. Sinaloa, Sonora eta Kalifornia Beherea estatuak narkotrafikatzaileen eremuak dira, eta han handia da bahitua, bortxatua, desagerrarazia edo lapurtua izateko arriskua.

Mendebaldeko kostaldea aukeratu izana, dena den, ez da erabaki hutsala izan. Ekialdera dauden ibilbideak are arriskutsuagoak izan zitezkeen. Tamaulipasen, Ciudad Juarezen, Nogalesen edo El Pason amaitzen diren ibilbideak erabat baztertu dituzte. Tijuanarako norabidea ere arriskutsua da, baina, akaso, ez horrenbeste. Los Angelesen, gainera, mugaren bestaldean, sei milioi latinoamerikar bizi dira; tartean, karabanan doazenen senide eta lagun asko.

Rosaura Pinedak Minnesota dauka helmuga. «Alaba han daukat, eta harekin elkartu nahiko nuke hil aurretik». Emakume edadetua da, eta zortzi seniderekin ari da zeharkaldia egiten. Pozik dago Mexikon orain arte izan duten harrerarekin. «Janaria, arropa eta botikak eman dizkigute. Arroza, babarrunak, arrautza egosiak eta ogia eman digute». Mugara iristean zer gertatuko den da bere kezkarik handiena.

Trump, azken geltokian

Donald Trumpek Patriota Fidela Operazioa jarri du abian AEBetako mugan, eta bi hilabetez, abenduaren 15era arte, ixteko dekretua eman du. AEBetako presidenteak aurreratu du asilo eskaerak ere ukatuko dituela, eta mugaren zainketa gogortu du. Mugara iristean zer gertatuko den da orain karabanan entzuten den galdera. Kanpalekuetan ezarriko dituzten zurrumurrua zabaldu da, eta, horren aurrean, batzuek amore eman dute. Mexikoko Gobernuak karabanan zihoazen 3.230 lagunen asilo eskaerak jaso ditu jada. Zenbaki itzela da, duela bi urteko datuarekin alderatuta; 2016an, urte osoan, 8.788 eskaera jaso zituzten.

Mexiko zeharkatzeko herrialdea zen duela gutxira arte, baina orain helmugako herrialde ere bihurtu da. Beste kontu bat da gero eta mexikar gehiagok ere ihes egitea erabakitzen dutela. Enrique Peña Nietoren gobernua azkenetan da. Andres Manuel Lopez Obradorrek abenduaren 1ean hartuko du presidente kargua, joan den uztaileko bozetan nagusitu ostean. Askok zalantzan jartzen dute eskuinetik ezkerrerako aldaketak politikatik haratago praktikan eragina izango ote duen; batez ere, ustelkeria egitura guztietan dagoelako errotuta.

Karabana, bien bitartean, aurrera doa, asko sakabanatu gabe; izan ere, badakite sakabanatzen badira zaila izango dutela aurrera egitea eta mugara iristea, multzoa baita euren izaera, eta zatituz gero anonimotasunean geratuko dira berriz, iluntasunean, klandestinitatean, norbanakoen borroka batean. «Elkarrekin ez bagoaz, honek ez dauka zentzurik», esaten diote elkarri. Taldeak babesa ematen die, baina baita izaera ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna