Frantziako Tourra

Alaphilippek karta onak ditu

Liderrak maila bikaina eman du Tourmaleten gora: bigarren izan da, eta aldea ireki du Thomasekin. Pinotek irabazi du etapa, eta taldearen lan ona borobildu. Landa, seigarren; onenekin helmugaratu da

Thibaut Pinot atzoko etaparen garaipena ospatzen, Tourmaleteko helmuga gurutzatu zuen unean bertan.
Thibaut Pinot atzoko etaparen garaipena ospatzen, Tourmaleteko helmuga gurutzatu zuen unean bertan. YOAN VALAT / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko uztailak 21

Julian Alaphilippek (Deceuninck-Quick Step) Tourrean jo duen hordagoa ez da ustela. Ez dago iruzurrik bere jokoan. Elastiko horiak hegoak eman zizkion ostiraleko erlojupekoan, eta atzo ez zituen erantzi Tourmaleten gora. Herenegungoaren ondoren, zalantza argia zen: Alaphlippe benetan ari al da? Bada, bai, sasoi bikainean dago, eta karta onak ditu partida hau jokatzeko. Atzo bigarren bukatu zuen Pirinioetako tontorrik mitikoenean, Thibaut Pinotengandik (Groupama) sei segundora, eta minutu erdi handitu zuen Geraint Thomasekiko (Ineos) aldea —orain 2.02ra da-go—. Igoeran, gurpila zaindu zion liderrak, argi utzita zein den bere ustez mehatxu nagusia.

Alaphilipperi elastiko horia kendu nahi dionak gogor egin beharko du lan. Atzo ikusitakoaren arabera, zaila dirudi berari erortzea; nahi duenak erantzi egin beharko dio, eta aurretik haren indarrak biluzi. Tourmalet azterketa gogorra zen liderrarentzat, ustez bere ezaugarrietara egokitzen ez zen mendatea: luzea, ordu erditik gorako lana... Bada, primeran erantzun zuen. Une oro joan zen indartsuenen tropelean, baina inoiz ez aurrean, aurpegia eman gabe. Talde ezberdinek jarritako erritmo biziari eutsi zion, aurkari zuzenak banaka-banaka atzean nola gelditzen ziren ikusiz.

Hori gutxi ez, eta pentsa daiteke amaieran eskuzabal izan zela. Seikote batek elkarrekin egin zuen azken kilometroa, eta inoiz ezingo da jakin Alaphilippek keinu eskuzabala izan zuen ala ez. Ondo bidean, berak behar zuen multzoko bizkorrena, baina ez zion erantzun Pinoten azken saiakerari. Agian aliatu bat lortu du jokatu beharreko hurrengo eskuetarako, FDJk itxura oso ona eman baitzuen igoeran. Helmugan, biek besarkada estua eman zioten elkarri, Frantziako zaleen erogarri.

Tourmalet lotsak agerian uzten dituen mendate bat da. Atzokoan, gainera, alde luzetik igo zuten: 19 kilometro (%7,4). Txapeldunen, txirrindulari handien eta ertainen arteko entresaka egiteko agertoki perfektua. Gazta birringailuaren lanak egin zituen tropelean. Birringailuak txirbilak atera ditzan, baina, gogotik astindu behar da, eta Movistar taldeak bizitu zuen erritmoa. Lehen mendatea Soulur zen, eta han ikusi zen hau ez dela ez Romain Bardeten (Ag2r) Tourra; hogei minutu galdu zituen.

Eusebio Unzuek lasterketa gogortzeko agindu zuen, beste urte batzuetan Ineosek harturiko rola jokatuz. Tourmaleteko lehen maldetan erritmo itogarria jarri zuten. Andrey Amadorrek tropel erdia torturatu zuen. Mikel Landak erasoa joko zuela esan zuen Paueko sinadura kontrolean, eta Nairo Quintana ondo zegoela zirudien. Haien lanak bertan behera utzi zuen eguneko ihesaldia. Elie Gesbert (Wanty) helmugatik hamar kilometrora harrapatu zuten, eta hura baino pixka bat lehenago Romain Sicard (D. Energie) hazpandarra.

Tourmaleteko igoera erasorik gabekoa izan zen. Kilometroz kilometro erritmoaren torlojua estutuz joan ziren taldeak, eta aukeraketa naturalak egin zuen galbahea. Warren Barguil (Arkea) izan zen ihesean saiatu zuen bakarra, baina ez zuen arrakastarik izan. Ezinezkoa zen. Movistarren ondoren Ineos jarri zen tropeleko buruan, baina ez azken urteetako aginte itxurarekin. Ordurako Michal Kwiatkowski eta Jonathan Castroviejo atzean ziren.

Landa, azkenera arte

Ineosen lekukoa David Gaudu (FDJ) gazteak hartu zuen, eta haren gurpilera Pinot taldekidea. Orduan bai, 22 urteko igotzailearen astinduak dantzan jarri zuen ustez indartsuenak zirenen multzoa. Aleka eman zuten amore: Adam Yates (Mitchelton), 6.42ra; Nairo Quintana, 3.24ra; Enric Mas, 2.54ra...

Igoera gogorra izan zen, eta Alaphilippek ondo eutsi zion. Ahoa irekita egin zuen, Thomasen alboan. «Izugarri sufritu dut. Nire buruaren aurka ari naiz, eta harritua nago mugak zabaltzeko nire ahalarekin», esan zuen gero liderrak. Alaphilippe, baina, ez da sasoiko dagoen bakarra. Izan ere, aurrekoek hiru kilometroko pankarta gurutzatu zutenean, Jumbo taldeko hiru kide zeuden bertan, eta Sam Bennettek igo egin zuen labearen tenperatura. Geraint Thomas (Ineos) kiskali zuena, dena den, Emanuel Buchman (Bora) izan zen, eta galestarraren ahuleziak liderra eta Steven Krujswijk (Jumbo) hauspotu zituen.

Seikote batek egin zituen elkarrekin azken metroak: Alaphilippek, Pinotek, Kruijswijkek, Egan Bernalek (Ineos), Buchmannek eta Landak. Landak igoera ona egin zuen. Hainbat kilometrotan hark zirudien freskoen; gainera, bera zegoen urrunen sailkapenean, eta, erasoan saiatuz gero, litekeena da libre ibiltzeko aukera izatea. Baina ezin izan zuen, eta ez gogo faltagatik. Izan ere, irudi surrealista ikusi zen azken kilometroan. Sei txirrindulariko esprint batean erabaki zen Tourmaleteko irabazlea! Pinotek aldetxoa hartu zuen, eta Alaphilippek ez zion arrastoari segi. Mus jokalari onak keinuak erabiltzen jakin behar du. Agian haren esker ona jasoko du hurrengo egunetan.