NEURRI NAGUSIAK

2017ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatuz, Madrilek, PSOErekin eta Ciudadanosekin adostuta, Kataluniako instituzioak kontrolpean edukitzeko hainbat neurri hartu ditu. Proposatutakoa Espainiako Senatuan bozkatzekoak dira ostiralean, eta behin goi kameraren onespena lortuta —PPk gehiengoa dauka—, BOEn argitaratu ondoren sartuko dira indarrean.

Kataluniako Gobernua

Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidentea eta Kataluniako Gobernuko hamahiru kontseilariak kargugabetuko ditu. Mariano Rajoyren esanetan, Espainiako Gobernuko ministerioen aginduetara geldituko dira kontseilaritzen ardurak eta funtzioak.

Hauteskundeak

Mariano Rajoyk bere gain hartuko du Kataluniako presidentearen eskumena hauteskundeetara deitzeko, parlamentua aldez aurretik deseginez edo legegintzaldia bukatuz. Sei hilabeteko epea edukiko du, gehienez, 155. artikulua indarrean sartzen denetik.

Parlamentua

Edukiz hustuko dute. Carme Forcadell parlamentuko presidenteak ezingo izango du presidentetzarako hautagairik proposatu eta ezingo dute inbestidura saiorik egin. Ezingo dituzte konstituzioaren kontrako neurriak onartu ere. Beto eskubidea edukiko du Espainiako Gobernuak.

Kontrola

Espainiako Gobernuak ezarritako kudeatzaileek kontrolatuko dituzte erakundeak: besteak beste, Kataluniako ikus-entzunezko hedabide publikoak eta Mossos d'Esquadra polizia.

Zigorrak

Espainiako Gobernuak diziplina zigorrak ezarri ahal izango dizkie aginduak onartzen ez dituzten Generalitateko funtzionarioei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.