KRITIKA. Musika

Agurea gazte, gaztea agure

Arkaitz Mendoza.
2015eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun

EOS

Zuzendaria: Josep Caballe-Domenech. Pianista: Joaquin Atxukarro. Lekua: Kursaal auditoriuma, Donostia. Eguna: Urtarrilak 13.

Gaztaro zoriontsua opa diot 82 urteko Joaquin Atxukarro piano jotzaileari. Zahartzaroa bizi beharrean mutiko baten ausardia, poza eta zoriona igortzen dabil agertokietan zehar. Duela urte gutxi gogor azaldu nintzen Musika Hamabostaldian eskaini zuen piano errezitalean; arriskugarriegi bere edaderako, beste Atxukarro bat falta zitzaigun, adimen handiko musikariarena. Honakoan sobera agertu zen, Edvard Griegen Pianorako Kontzertua errazagoa da zailtasun teknikoetan Robert Schumannen Ikasgai Sinfonikoekin alderatuta, eta eroso azaldu zen Euskadiko Orkestraren magalean. Aldiz, Caballe-Domenech zuzendaria Richard Wagnerren opera baten unerik haraindikoena zuzentzen ari zela zirudien, Grieg norvegiarraren esate bakoitzari lekuz kanpoko geldiune bat erantsiz. Atxukarro alai, Caballe-Domenech serio, bi irizpide ezberdin interpretazio bererako.

Ohi denez, hasieran omenaldi txiki bat: Jose Maria Usandizagaren heriotzaren mendeurrena ospatzeko bere Obertura Sinfonikoa entzun zen, musika frantziarraren kutsu markatuarekin, musikari batzuk gozatzen, hara hor harizko instrumentuak, eta beste batzuk melodia bat sentikor kantatu behar denean sufritzen, tronpeta bakarlaria esate baterako. Ratxmaninoven 3. Sinfonia-n jariakortasuna kolpeka joan zen, baina orkestraren maila ezin hobea suertatu zen bakarlarien esanetan, parafrasia garbia eta melodien moldaketa zoragarria. Griegen obran hasierako tinbalaren agerraldi basatia leun, metala bigun orkestra astindu behar zenean eta biolinak arimarik gabe Adagio zoragarrian. Hori bai, zuzendari kataluniarrak soinuaren geruza ezberdinak dotorezia apartez banandu zituen, ulergarritasunari mesede eginez. Beti presaka eta bizkor interpretatzen den bukaerako Allegro moderato molto atala abiadura bikainean harrapatu zuen Atxukarrok, nahiz eta agure den gazteak batutari astindu bortitza eman piano jotzailea zirikatzeko.

Emaitza, begi bistakoa: agurea gazte-gazte eta gaztea agure-agure.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.