Albistea entzun

Etxetik hasi beharreko iraultza

2008tik 2013ra handitu egin da emakumeen eta gizonen soldaten aldea Hego Euskal Herrian

Jon Fernandez -

2015eko abenduak 2

Arazo bat konpontzeko, arazoaren arrazoiak ulertu behar dira lehenengo; aldaketarako borondatea izatea funtsezkoa da, eta, jakina, ezinbestekoa da hitzetatik ekintzetara pasatzea. Edozein arazo konpontzeko errezeta da, baita lan merkatuan emakumeen eta gizonen artean dagoen soldata arrakala ezabatzeko ere. Baina diskriminazio hori desagerrarazteko ez da nolanahiko aldaketa behar, adituen arabera, errotiko aldaketa bat baizik: sistema iraultzea eta aldaketa kulturala etxean bertan hastea.

2008an krisi ekonomikoa piztu zenetik, handitu egin da emakumeen eta gizonen soldaten arteko aldea Hego Euskal Herrian. INE Espainiako estatistika institutuaren azken datuak 2013koak dira. Nafarroan, emakumeek gizonek baino %27,9 gutxiago kobratzen zuten 2008an, eta %30,5 gutxiago bost urte geroago. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, lehen %23 gutxiago kobratzen zuten; orain, %25,2 gutxiago. Arrakala, beraz, handitu egin da.

Zer dago soldata desberdintasun horren atzean? «Emakumeok pairatzen dugun diskriminazio askotarikoen oinarria gaur egun indarrean daukagun sistema kapitalista patriarkala da. Sexuaren arabera banatzen dira lanak», azaldu du Izaskun Garciak, LABeko emakume idazkaritzako kideak. Sektore eta ogibide «feminizatuak» daudela azaldu du Borja de la Sota Lan Harremanetako Kontseiluko idazkari nagusiak ere, eta, oro har, sektore eta ogibide horietan soldatak txikiagoak direla.

Soldata arrakala ez dator lanpostu berdinagatik soldata ezberdina kobratzeagatik, Garciak aitortu arren kasu bakanen batzuk egon daitezkeela. «Arrazoi nagusia da baldintza apalagoak dituzten lanetara bideratuta daudela emakumeak». Merkataritza, gizarte laguntza, osasuna, hezkuntza, garbiketa, idazkariak, etxekoandreak... arlootan dute presentzia handiena andrazkoek.

Rolak etxetik kalera eramaten direla uste du Leire Txakartegi ELAko kideak: «Emakumeek etxean egiten duten zaintza lana eta ugaltze lana normalean ez da aitortzen eta ez da ikusten. Eta emakumea enplegura joaten denean, normalean, etxeko lan horien luzapen antzeko bat izaten da, eta balio gutxiago ematen zaie lan horiei». Haren esanetan, sexu arteko bereizketa bikoitza nozitzen dute andrazkoek: bereizketa horizontala ?asko balio gutxiagoko lanetan daude? eta bereizketa bertikala ?emakumeak normalean maila apalagoko postuetan daude lanean?.

Deigarria da, era berean, hiru lanaldi partzialeko kontratutik bi emakumeenak direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bai Garciak eta bai Txakartegik kritikatu dute kontratu partzial gehienak ez izatea borondatezkoak, baldintza prekariokoak izatea eta gainera, familia kontziliaziorako tresna gisa saltzea sarri.

De la Sotaren ustez, arazo nagusia da emakumeak hartzen duela etxeko lanen ia ardura guztia, horrek lanean etenak egitera bultzatzen duela, eta, ondorioz, aukerak eta eskubideak galtzen dituela. Erantzukidetasuna da gakoa: «Aldaketa etxean hasi behar da. Zaintzan eta etxeko lanetan eginbeharrak banatzen baditugu, uste dut laneko diskriminazioko arrazoi asko desagertuko direla».

Arrakala ezabatzeko sistema irauli behar delakoan daude Garcia eta Txakartegi, eta lanaren balio integrala landu behar dela, lanpostu guztien balioa aintzat harturik. Berdintasunera bideratutako politika publikoak garatzea ere ezinbestekotzat jo dute hiru adituek, eta negoziazio kolektiboa eta berdintasun planen balioa nabarmendu. «Orain, nahiko blokeatuta dago negoziazio kolektiboa, eta horrek zaildu egiten du berdintasuna sustatzea tresna horren bidez», azaldu du De la Sotak. «Ez gara jabetzen zelako onurak ekar ditzakeen parekidetasunak lan harremanetan», erantsi du. «Ongizate eta inplikazio handiagoa sortzen du langileengan, eta horrek eragina du eraginkortasunean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Aernnovako langileen protesta. Bilboko epaitegien aurrean, duela ia hilabete. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Hegazkingintza, auzitara

Imanol Magro Eizmendi

Sindikatuek Aernnovaren erregulazio espedienteari jarritako hiru helegiteak bat eginda epaituko dituzte gaur EAEko Auzitegi Nagusian. Epaileak 82 kaleratzeak balio gabe utz ditzala nahi dute
Egitasmoa aurkeztu zuten atzo, Azaro Fundazioaren Markina-Xemeinengo azpiegituran. ©BERRIA

Hidrogenoa sortzeko mintz erreaktorea proban dute Markina-Xemeinen

Irune Lasa

Tecnalia, Engie eta Eindhovengo Unibertsitatearen H2site 'start-up'-ak urte bukaeran mintzak fabrikatzeko lantegia zabalduko du Loiun
Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia. / ©Juan Carlos Ruiz, Foku

Gipuzkoak 95 milioi euroko laguntza plan bat onartu du

Iker Aranburu

Ekonomia indartuz planak 12,5 milioi erabiliko ditu sektore kaltetuen inbertsioak laguntzeko, 25,5 milioi errepideetan, 28,8 milioi zerga neurrietan, eta beste 29 milioi «aurrekontua bermatzeko» .

GESek eraikitako planta fotoboltaiko bat. ©EFE

Beasaingo ur-ponpak, Kaliforniako Santa Barbara hiriarentzat

Xabier Martin

Indar enpresak AEBetara eramango du bere teknologia, gatzgabetzeko azpiegitura bat urez hornitzeko. GESek, berriz, hiru planta fotovoltaiko eraikiko ditu Caceresen

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.