Danel Agirre.
SASKI DA!

Hamaika jokalari eta lau kupo

2019ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Asteko eztabaidaz. Sekula inori minik egin nahi izan dion, Facundo Campazzok berak bakarrik daki. Bere burua kontrolatu eta maniobra eta talka arriskutsuak eragozteko duen ezintasuna, hori bai, begi bistakoa da, Murtzian zebilenetik gutxienez. Aurreko astean Marko GuduricFenerbahceko jokalaria antzeko trakeskeria batean nahastetik zetorren Campazzo. Kaltetuen zerrenda luzeegia da, eta luzeegia litzakete Real Madrilen, Baskonian (Toko Xengelia beraren edo Ilimane Diopen ukondokada eta probokazioena luzeegia den moduan) edo euskal zaleekin kitatzeko inongo zorrik ez duen atzerriko talde anonimoan.

Gutxiagori gehiago. Xengeliaren lesioa (batek daki noiz itzuliko den, sendagileen ohar ulertezina irakurrita) bereziki samingarria da, ordezkaezina delako Baskonian. Emari estatistiko oparoena bermatzeaz gain, ordezko argirik ez duen pieza bakarra da, eta hori gutxi balitz bezala, formazioko kupoaren fitxaren jabea. Ezbeharra eman berritan horrelakorik idazteak gustu txarrekoa dirudi ia, baina zuzendaritzaren joan den udako erabaki ausartegiek maldan gora ipiniko dute orain sasoia berriz bideratzearen ataza. Bi arrisku-faktore nabarmenekin diseinatutakoa da Baskoniaren lantaldea. Kupoen araua justu-justuan betetzea du helburu, batetik; eta hamaika jokalari zinez erabilgarri baino ez ditu, bestetik. Bere lehiakideekin alderatuz gero, atzerabide agerikoak eragiten dizkio estrategiak. Real Madrilen, esaterako, domekan parean izan zuena, hamazazpiko multzoa du Pablo Lasok, kupoak horietatik zazpi. Hamalau jokalari baliagarriko lantaldeak dituzte, gutxienez, Buesa Arena egoitzatzat ez duten gainontzeko Euroligako lehiakideek, egutegi berri eta kasik kriminalaren beldur. Aurretikoak irakurrita, suizida edo sadikotzat har lezake edonork Baskoniako zuzendaritza, entrenatzailearen eskuetan hain baliabide mugatuak ipintzeagatik. Baina soldata gutxiago ordaintzeak soldata handiagoak ordaintzea ahalbidetzen du. Gastua jokalari gehiagoren artean banatu behar balitz, alegia, akaso ez legoke Toko Xengelia Gasteizen atxikitzeko modurik. Georgiarraren mailako kupo bat topatzea ezinezkoa denez, atzerritar fitxadun ordezko hegal-pibota topatu beharko du Baskoniak. Euroligan ez du aktak betetzeko arazorik izango; ACBn, Adjin Penavaz gain jantzi gabe utzi beharko du beste norbait. Ez da gertatuko, baina Sander Raieste, Arturs Kurucs, Miguel Gonzalez edo Jurij Macura —hau min hartuta dabil— kupoei ligan minutuak emateko parada ezinhobea da. Klubaren burugogorgekeria mitologikoa gogoan, beraien garapenaren baitan dago Baskoniak aurtengo estutasunik berriz ez igarotzea.

Ez dirudi faltsua, Rick. Itsasgizon zaharrak whiski botila bezainbeste estimatzen dugu kazetari kaskarrok ahanzturan eroritako pariaren desorduko erredentzioaren istorioa. Rick Pitinok bere bekatuak garbitu nahian Atenasen hasi berri duen penitentziaz matraka galanta emango dizu Saski Da!-k, abisatuta zaude joan den astetik. Abenturarentzat amaiera zoriontsuren bat irudikatzea benetan da zaila, eta horrexek bilakatzen du are erakargarriago. Lehenbiziko pasarteak, hori bai, bazkalondoko kirol albistegi txatxuena zabaltzeko moduko osagaiak bildu zituen. Noraezean zebilen Panathinaikosek CSKA hartu zuen mendean, eta OAKA irakiten ipini. Kroniketan Pitinori egotzi zioten merituaren puskarik handiena, eta protagonistak ez zuen susmo hori gezurtatu nahi izan bere adierazpenetan. Haren talde berriak Euroligako hiruko saialdietako batezbesteko kaskarrenarekin ekin zion lehiari. Pitinok, bere kontakizuna sinetsi behar badugu, bost bideo eta bi lan saio baino ez zituen behar izan arazoa jokalarien eskumuturretan ez zegoenaz jabetzeko. Jaurtitzaile trebeak direlakoaz konbentzitu zituen guztiak, eta arreta baloiaren zirkulazioan jartzeko erregutu, benetako gabezia hor ei zutelako. Nick Calathes zoragarriaren bizkarrera igota, diagnostikoa on egin zuen Panathinaikosek: 20 asistentzia eta hiruko batez besteko bikainarekin amaitu zituen lanak. Ostiralean, maletak desegiteko ia denborarik gabe, Olympiakosen aurkako lehenbiziko derbia du Pitinok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.