Danel Agirre.
SASKI DA!

Bostak zabalik, eta lau bati begira

2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
'Quo vadis, basketball'. Euroligako Lauko Finala eta NBAko konferentziako finala urte-sasoi berean egokitzeak saskibaloiaren egoerari buruz hausnartzeko parada ematen du. Eboluzio etengabean murgilduta dagoen kirola da, taldekako ia guztiak bezala. Hamarkada hasieratik, ordea, bilakaera horrek abiadura nabarmen suspertu du. Betiko zaleak barneraturik dituen hainbat paradigma hankaz gora ipini ditu horrek. Pibot handikoteak eta joko antolatzaileak antikuarioko pieza bihurtu dira, adibidez. Duela ez gehiegi, erasoa egoki eratzeko, baloia ahalik eta lasterren azpialdera eraman beharra zegoela irakasten zitzaien entrenatzaile hasiberriei, handik banatzeko. Egun, talde gehienek saihestu egiten dute halakorik; jokoa kanpoaldean sortzen da beti, eta tokatzen bada, esparrua jabetzak amaitzeko soilik zapaldu. Estatistikak inposatutako doikuntzak dira guztiak. Kalkulua sinplea da: hiruko marraren atzetik %40rekin asmatuta eskuratzen den etekina berdintzeko, bikoetan %60 lortu beharra dago. Ñabardura oso garrantzitsu batekin, baina. Askoz errazagoa da baloia galtzea biko saskiratzearen bila, hirukoaren bila baino. Efizientzia da modako hitza, big data Moisesen taulen moduan gurtzen den lanabesa.

Aurrerakoia bezain pobrea. Houston Rockets eta Golden State Warriors ebazten ari direna etorkizunari ostutako kanporaketa da. Sasoi erregularreko lehena eta azken urteetan NBA hankapean ibili duen taldea dira aurrez aurre, eta, adituei kasu egin behar badiegu, taktikoki ligako bi frankizia progresistenak ere bai. Lan erdiak baino osatu ez badituzte ere, inpresio kontrajarriak eragiten ari da bien arteko sestra. «Piboten hileta» deitu dionik bada. Golden Statek azken urteetako formazioa muturreraino eraman, eta antolatzaile bat (izena ere aldatu beharko zaio laster bostekoko txikienari) eta lau hegaleko ipintzen ari da kantxan, Zaza Pachulia errotaziotik atera eta Andre Iguodalari titular estatusa emanda. Duela bi hamarkada erraldoiz betetako saskibaloiaren etorkizuna erraldoiz beteta ikusten zuten profeziak ukatu, eta bi metrotik pasatzenez diren lau kiderekin (garaiena, Kevin Durant, 2,06 metro baino ez da). Houstonek badu center teorikoa bostekoan —Clint Capela—, baina haren jarduna are muturrekoagoa da. Jabetza gehienetan, bost jokalariak zabalik kokatzen dira, kanpoaldean, eta James Hardenen edo Chris Paulen banakako saiakerari itxaroten diote, neutralizatzeko haien defendatzailearen laguntza behar bada baloia jaso eta hirukoa botatzeko (Capelaren kasuan, ziztu batean uztaira egiten du alley oop-aren bila). Aldaera bakarra du jokaldi horrek, oso noizean behin pibotarekin jokatutako erdiko pick & roll blokeo zuzena. Plan sinple eta errepikakor hori ezin arrakastatsuagoa izan da. Finalerdia arte ez da azaldu Hardenen emaria idortuko duen espezialistarik, eta eskolta bizarduna oso iaioa da eragiten dituen desorekak pase bikainekin zigortzen. Epaileek aspaldiko gehiegizko babesak kanpotik ari diren izarrei putz egiteko paradarik ere ematen ez duenez, Houstonen plangintza oso efizientea suertatu da. Efizienteagoa, baino pobrea ere bai. Golden Statena apur bat aberats eta kitzikagarriagoa, baino ez gehiegi. Duela bost urteko San Antonio Spurs, erasoko ofizio guztiak menderatzen zituen txapeldun miragarri hura, oroitzapen atsegin bat baino ez da.

Azken printzak Europan. Europako saskibaloiaren puristek arte eta entseguko filmen kritikoen moduan ikusi ohi dute bere burua. NBAko blockbuster-ak mespretxatu, eta jokoaren aberastasun taktikoa santutzen dute. Lauko Finalean ikusitakoaren arabera, ez zaie arrazoirik falta, nahiz eta hemen ere haizeak dagoeneko AEBetako norabide berean jo. Aniztasun estrategikoak handiagoa izaten jarraitzen du Euroligan, eta (aleluia!) aldian behin, Felipe Reyes batek saskipean baloia jaso eta bultzaka saskiratzen saiatu dadin jokaldiren bat agintzen da oraindik —kantxa txikixeagoa izateak laguntzen du ziur aski—. NBAko efizientziarekiko obsesioa ere laster zabalduko da izurrite baten moduan Europan. Goza beza bitartean arte eta entseguko saskibaloizaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.