Danel Agirre.
SASKI DA!

'Cheerleader'-ik ez nire izenean (2019)

2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Halal Berlin. Berlingo Albak cheerleader-en ikuskizuna etxeko partidetako programatik ezabatzea erabaki du, 25 urteren ondoren. Urrats hori egin duen lehenbiziko kluba da Europako elitean: zuzendaritzaren aburuz, dantzarien ikuskizuna «ez dator garaiekin bat». Ehunka neskato ipintzen ditu egunero Albak Berlingo eskoletan saskibaloian jokatzen. Haurrak gurasoekin Euroligako norgehiagoka bat ikustera doazenean, izerdia serio botatzearena gizonen kontua dela barneratu ohi zuten orain arte; emakumeen rola, ordea, hutsarteak koreografiekin animatzea. Saskibaloiak armairuan duen eskeletorik zaharrenetako bat da animatzaileena (oroigarri oportunista: 'Cheerleader'-ik ez nire izenean testuan aspaldi heldu zion gaiari Saski Da!-k). Tamalez, gorroto kanpaina izugarria pairatzen ari da Alba neurria iragarri zuenetik. «Zuzentasun politikoaren diktaduraren» konplize bilakatzea egotzi diote sare sozialetan, eta eskuin muturreko trolek «talde islamista berria» omen dena Halal Berlin izenarekin bataiatu dute. Ogasunari ia 40 milioi euro lapurtzeagatik kartzelan izandako Uli Hoenessena da oraindik autoritate handieneko ahotsa Alemaniako kirolean, modu arras ulertezinean. Bayerneko presidentea ere animatu da Alba kritikatzera, eta bazterrak nahasteaz bizi den Bild egunkariak dantzarietako baten etsipena baliatu nahi izan du hartutako erabakia «emantzipazioaren aurkakoa» dela justifikatzen saiatzeko. Kaleratutako cheerleader-ek goi mailako kirolaritzat dute beren burua (2028an edo 2032an Olinpiar Jokoetan parte-hartzeko itxaropena dute), eta ez ei dira sekula ikuskizun sexista baten biktima sentitu. Gehienak Berlingo antzoki ezagun batean ariko dira aurrerantzean.

Zulo bakar bat bala gabe. Antzekoak lehen ere gertatu izan zaizkio, baina errekor berria du hau: Baskoniaren ACB ligako sasoi berrirako plangintzak minutu bat eta 51 segundo baino ez ditu behar izan hankamotz geratzeko. Ostiralean Estudiantesen aurka Jayson Grangerrek denboraldi osorako min hartu, eta domekan 11 fitxa baino ezin izan zituzten inskribatu gasteiztarrek Bartzelonan. Kupoen araudia muturreraino tenkatzearen ondorioak larrutik ordaintzeaz gain, betiko joera ia suizidei ere ekin die Baskoniak: iraileko igande batez (lehen finalerako bost hilabete geratzen dira, 80 bat partidako denboraldia dator), Toko Xengelia 37 minutuz ipini zuen kantxan Velimir Perasovicek, eta Ilimane Diopez ez zen akordatu ere egin taldekide batek karranpekin amore eman arte. Ostiralerako inork ez du bestelakorik espero Kaunasen, Euroligan. Pistolako danborreko sei zuloetatik bostetan bala ipinita errusiar erruletan aritzeak zirrara eragin dezake; ordea, onik irtetearen aukerak murritzak dira. Baskoniaren ohitura bitxiengatik arranguratzea, hori bai, alferrikakoa da erabat. Etxea-ren politikek ez dute aldatzearen inongo trazarik.

Onenak, asteburu batez. Saskibaloiaren harrak jota bizi denarentzat ere, sasoi hasierako partidak denbora-pasa txepel samarra suertatu ohi dira sarri. Aste gutxitan entrenatzailearengandik jasotako input guztiak prozesatu ez, eta norberaren kalitateari tiraka ekin ohi diete lanei jokalariek, akats mordoxkarekin (igandeko Palauko lehia gorabeheratsua da adibide argi bat). Testuinguru horretan, are deigarriagoa da Bilbo Basketek asteburu honetan erdietsitakoa. Ondo bidean, kanporaketetan izango diren Tenerife eta Valentzia mendean hartzea bezainbeste, egiteko moduak eman du atentzioa. Xehetasuneraino landutako defentsa aparta azaldu du: saskirako norabidean bide gehienak elkartasun osoz itxi, eta nahi baino askoz hiruko gehiago jaurti behar izan dituzte arerioek. Erasoan argudioak falta zaizkio, baina ausardia eta adimena konbinatuz sarriegi ez trabatzea lortu du. Lehen aukeran igoera eskuratuta ere, Miribillako harmailan ez da mesfidantzarik falta izan Alex Mumbruren gaitasunaren inguruan. Uxatua du ia: lehen bi jardunaldietan, ezein entrenatzailek ez du lortu ACB ligan haren bostekoen trinkotasunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.