Danel Agirre.
SASKI DA!

Garestiegi irteten diren erretratuak

2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Beti dira estrategikoak. Josean Kerejetak azken hiru hamarkadetan Araban eskuratu duen estatusa amets lizuna litzateke gobernantzan dabilen ororentzat. Okurritzen zaizkion proiektu guztiak gauzatu ahal ditu, sosa publikoz bapo hornituta, inongo hauteskundetara aurkezteko beharrik gabe. Aldiro nahi duena jasotzen du, edo komunikabideetan xantaia apokaliptikoei ekin ohi die. Gasteizko eliteko kirola kinka larrian litzateke, tematu ohi da presidentea, salbuespenik gabe estrategikoak diren bere gurariak gauzatu ezean. Agintariak Kerejetarekin ateratako argazki bakoitzak milaka boto balio dituela sinetsita daude. EA, EAJ, PSE-EE eta PPko alkateak irentsi ditu ordea Kerejetak, eta boterea pilatzen jarraitzen du. Domekan hautesleak erabaki beharko du, munstroa elikatzen segitzeko irrikan dauden indarrak babestu, edo enpresari orori tratu berbera ematearen aldekorik ba ote dagoen ikertu, eta hura aukeratu nahi duen.

Kantxa baino ez dute ikusi. Kerejetak ideia onak, erdipurdikoak eta kaskarrak tartekatu ohi ditu. Multzo bakoitzaren pisua eztabaidagarria da, norberak pertsonaiari dion begirunearen araberakoa izan ohi baita neurketa. Lauko finala inor gutxik kokatuko luke lehenbiziko taldean: desengainua eta porrot erabatekoaren artean baino ezin da kokatu asteburuaren balantzea. Erantzukizunaren zatirik handiena presidenteari baino ezin zaio egotzi: bera setatu da urteetan Euroligaren azken festa hirira ekartzearekin, eta berak bultzatu ditu ordezkari publikoak, beste behin, grina pertsonal horixe ordaintzera. Kerejetak saskibaloiaren festa handi bat agindu zien politikariei, eta festarik ez da ospatu azkenean. Errua hotelarien zikoizkeriari bota dionik izan da. Baina arduragabekeria galanta da gisa honetako ekitaldi bat antolatzea, oso urrunetik bidaiatu beharrean diren zaleek modu onean hirian lo egin ahalko duten bermerik gabe. Gasteizko partidak hainbat herrialdetan ikusi ahal izan dira, eta horrekin kontsolatu dira beste hainbat. Bazter bakoitzean saski bana zuen egurrezko kantxa estandar askoa baino ez da telebistak erakutsitakoa, ordea, eta ez Kutxi (doluminak, bide batez, behargin estrak kontratatu eta biltegiak lepo bete zituzten ostalariei) edo Katedral eraberritua.

Ez zen hain plan deigarria. Promozio ariketa moduan, kale egin du Lauko finalak. Ehunka bisitari batzuk baino ez dira pasatu erdigunetik; beste milaka zalerentzat, logelen prezio lotsagarriekin Euroligako zalegoak estortsionatzen saiatu den hiria da Gasteiz. Euroligari dirutza ordaintzeaz gain, gutxienez 180 lagun airearen truke ipini ditu lanean Baskoniak, administrazioaren konplizitate lotsagarriarekin. Ingelesez hitz-jarioa exijitzen zitzaien boluntarioei. Batek baino gehiagok ez du asteburu osoan atzerriko hizkuntzarik erabili behar izan. Zinegotzi eta ahaldun megalomanoei harrigarri egiten bazaie ere, Istanbuleko edo Moskuko norbaitentzat ez da plan bereziki erakargarria infernuko zuloaren parean geratzen zaien eta izenez apenas ezagutzen duten hiri anonimoan asteburu pasa egiteko bi mila eurotik gora xahutzea. Eskerrak, behintzat, etxeko zaleak birsalmentako sarrerak erostera animatu, harmailak bete eta asteburua erreskatatu duten.

Palentziar gajoak. Euroligarena baino dezentez muntaketa xumeagoa exijitzen badu ere, LEB Ligaren lauko finala antolatzeko enkargua ere garesti kobratu ohi du Espainiako Saskibaloi Federazioak. Handi-mandientzat lau egunetarako 40 logela bikoitz gorde beharra dago, gutxienez lau izarreko hoteletan, mantenu osoan. Txartelen salmentarekin pilatu sosen zatirik handiena, gainera, FEBen esku geratu ohi da. Bilbok baldintza kalamastrak onartu berri ditu, Miribilla efektua zukutzen saiatu, eta hiriko taldeak aipatu lauko finalean ACBra igotzeko bigarren txartela eskuratzeko. Asteburu horretarako prestatzen hasi baino lehen, final-laurdenetako bosgarrena irabazi behar du Bilbo Basketek. Palentziak sufritu beharreko arbitrajeari so egotea komeniko da, federazioarentzat hondamendia litzatekeelako beltzezkorik -tiket eroslerik- gabeko lauko final bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.