Danel Agirre.
SASKI DA!

Inperioak eta kontraerasoak

2018ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Dibulgazioa. Historia da Alfonso Reyes Real Madrileko pibot saiatu ohi eta Espainiako jokalarien sindikatuko (ABP) presidentearen zaletasun nagusietakoa.Sare sozialetan, azken betebehar horren inguruko jakinarazpenak interesgarritzat dituen dibulgaziozko hainbat loturarekin partekatzen ditu. Inperioen —Espainia izena ez duten inperioen— eta komunismoaren dekadentziarekin obsesioa du Reyesek. ABPko ordezkari gisa, gain behera doan beste aginpide baten indarrak neurtzen ari da orain: ACB ligarenak. Espainiako Koparako greba proposatu du Reyesek, hitzarmen kolektibo berriaren negoziazioan hordagoa botaz. Etzirako desadostasunak baretu ezean, afiliatuei penintsulan geratzeko (Las Palmasen da txapelketa) eskatuko diela iragarri du sindikatuko presidenteak.

Politika, zer bestela. Twitterren, jokalari espainiarren babes zabala jaso du #ABPEstamosUnidos traolak, baina adostasuna erabatekoa izatetik urrun dago. Desadostasunik esanguratsuena Estudiantesena da: Koparako sailkatu gabe ere, esplizituki azpimarratu nahi izan du bere kontrakotasuna. Taldeko kapitaina Sitapha Savane senegaldarra da, PPren aurkako txio mamitsuak idatzi zale, eta etorkinen eskubideen defentsan aritzen den aktibista. Kirol ibilbidea amaitutakoan bere herrialdera itzuli eta politikan murgiltzeko asmoa du, eta akaso horregatik ABPko lantaldean sartu zen duela pare bat urte. Ez zuen askorik iraun: Reyes presidentearen berhautaketa kritikatu zuen, eta sindikatuaren barne demokrazia ezaz ohartarazi. Egun, ACBko jokalarien erdiak baino gehiago atzerritarrak izanda ere (talde berean sasoi mordoa daramatenak tartean), estatuko profesionalentzat dira jardunean ari diren afiliatuentzat ABPn gordetako hamar karguak. Sindikatuak kide guztiei eskaintzen die babes juridikoa, baita atzerritarrei ere, baina obligazioak aginduta egin ohi du, ez debozioz. ACBn espainiar gutxiegi ari direla deitoratzen duten zaleen mezuak birtxiokatu zale da Reyes. ABP oso da erakunde nazionalista.

Orain behar zuen. Liskarraren gordiar korapiloa funts sozial delakoa da: ACBk ABP finantzatzeko apartatu ohi duen diru kopurua. Reyesi bere soldata puztu nahi izatea egotzi diote klubek, disimulu handirik gabe (pentsatzekoa da patronalari hortzetako mina eragiten diola hain jarrera erretxina duen norbaiten lansaria ordaintzeak). ACBk ahalik eta sindikatu ahulena nahi duela salatu du berriz Reyesek, eta gatazkaren intentsitatea areagotzeko unerik aproposena aukeratu du. Urte osoan, Kopan baino ez du eskuratzen Espainiako saskibaloiak komunikabideen arreta apur bat.

Ez batasun, ez proiekturik. Paragrafo honi ekin arte, bloke moduan aurkeztu du Saski Da!-k ACB. Kluba nor, zein interesekin defendatzen ari den jakitea ezinezkoa da, ordea. Urte erdi egingo du laster ligak presidente gabe, eta aukera profesionala baino gehiago fardel handi samarra den kargurako hautagairik agertu ere ez da egin oraingoz. Euroligaren formatu berria abian denetik, A lizentzia duten klubak beste guztiak boikotatzen ari dira, atal guztietan bultzada behar duen ACB ia ahaztuta. Beste guztiek nahikoa dute bizirik irautearekin. Lehiaketa ikusezin bilakatu da telebistan noizbehinkako kirolzalearentzat. Klubek kantxetara doazen zaleen zenbatekoak lotsagorritu gabe puzten jarraitzen dute, kasuren batean (Andorra eta Fuenlabrada) eraikinaren edukiera baino mila ikusle gehiago kontabilizatuta. Erakunde publiko eta erdi-publikoen diru-laguntzarik gabe, 18 kideetatik hamahiru edo hamalauk uko egin beharko liokete ligan parte hartzeari. Jokoaren mailak beste koska bat egin du behera sasoi honetan (asteburu honetako hiruzpalau lehien kaskarkeria ez sinesteko modukoa izan da, urrutira joan gabe); Espainian erraz ari diren handiki batzuek belarrondoko handi samarrak jaso dituzte Europan. Sindikatuarena ACBri zabaldu zaion enegarren etzi osteguna baino lehen nola edo hala azken zartada hau saihestea, baina bolante-kolperik gabe, askoz kataklismo traumatikoagoa parez pare du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.