Danel Agirre.
SASKI DA!

Saskibaloiaren Sixtoren Kaperak

2018ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Zorion mezua. Otsaileko nazioarteko partiden azken txandaren ondoren, Alemaniako hautatzailea, Henrik Roedl, Alba Berlinen entrenamendu batera hurbildu zen. Aito Garcia Reneses entrenatzaileari esker ona eskaini gura zion, selekzioarekin ari diren bi jokalarik, Joshiko Saibouk eta Niels Giffeyk, hilabete gutxiren buruan emandako aurrerapausoagatik. Argibiderik gabe, instintuari jarraiki erasoan aritzeko eskuratu duten ahalmenarekin miretsita zegoen Roedl. Selekzioek taxuzko entsegurik egiteko betarik izaten ez dutenez, Saibou eta Giffeyren soltura oso lagungarria suertatu omen zitzaion, Alemaniako bostekoek argitasun apur bat izan zezaten. 28 urterekin, bere herrialdea ordezkatu gabekoa zen Saibou. Bere ibilbide osoan antzeman gabeko mailan dabil, bere ibilbide osoan inork erakutsi ez dizkionak ikasi dituelako Garcia Renesesekin. Azken hogei urteetako joerari desafio egin, eta erasorako joko librea landu ohi du madrildarrak. Alba Berlineko antolatzaileek lehia osoa eman ohi dute usu, jokaldi bat bera agindu gabe. Hegaletik ukabila edo kamiseta entzundakoan mugimendu mekanizatu bat burutzen baino, baloiaren eta bostekoko kideen mugimenduaren arabera nola erreakzionatu behar duten barneratzen dute jokalariek. Entrenatzaile gehienek nahiago izaten dute askoz liburuxka taktiko hertsiagoa, bizkorrago asimilatu ahal delako. Joko librea erakustea Sixtoren Kapera margotzen saiatzea bezalakoa da. Lantegi sinesgaitza, ongi irtendakoan aldera ezinezko emaitza miresgarria duena.

Ekimenik gabeko robotak. Euroligan edo ACBko emanaldietan «entrenatzailearen zigilu nahasezina nabari da» modukoak entzutea gero eta zailagoa da, taldeen taktikak trukagarriak direlako. Erasoan jabetza bakoitzean bizpahiru pick & roll kateatu baino ez dute egiten gehienek, lehengoan abantailarik lortu ez bada baloia beste aldera mugituta. 24 segundoak agortutakoan, hirukoa da gero eta gehiago larrialdiko baliabidea. Hein handi batean, aurkariaren kontraerasoa ekiditen saiatzeko. Defentsan, nonahi ageri den blokeo zuzen horren zaintzaren inguruko erabakia da aldaera bakarra (aldaketa automatikoekin edo flash deituriko keinu bizkorrekin). Efizientzia sakrosantuaren izenean, saskibaloian ia mugagabea den aberastasun estrategikoari uko egiten zaio. Eta akatsak minimizatu nahian, jokalari gehienen adimena ez da behar den moduan garatzen. Eraginkorra den plan zurruna exekutatzen duten talde robotikoek (Joan Plaza edo Xavi Pascualenek modukoek) tituluak irabaz ditzakete, baina ez dute zale neutrala bereganatzen.

Ezusteko bertuteak. Jokoaren atonia orokortuan, azken hilabeteetako Baskoniak laudorioak eragin ditu. Bere jarduna pairatzea tokatu zaien horien partetik, gainera. Pedro Martinezek Pablo Prigioni ordezkatu, eta apurka Euroligako joko erakargarriena burutzera iritsi dira gasteiztarrak. Gakoetako bat jokalarien baloirik gabeko mugimendua da; Europan beste inork ez bezala lantzen du ikasgai hori Martinezek. Antolatzaileez gain, pasean iaioak diren beste piezak ere ederki baliatu ohi ditu. Johannes Voigtmannen ikusmena zukutzen saiatuko zela aurreikustekoa zen, baina deigarriago suertatzen ari da Vincent Poirierri antzematen zaion eboluzioa. Ailegatu zenean, defendatzen zuloak itxi eta baloia eskuratutakoan abentura handirik bilatzen ez duten horietako pibot irmoa zirudien —areago profesional moduan sasoi gutxi daramatzala kontuan izanda—. Aukera onenak topatzeko senik ez duela falta erakusten ari da ordea frantziarra: ostiralean, Palaun, bost asistentzia banatu zituen.

Kimera izateari utzi dio. Baskonia atsegin bat izatetik izua eragiten duen Baskonia batera igarotzeko, erasoko dinamika bikain hori zaintzara hedatu beharra zuten gasteiztarrek. Eta horixe erdietsi dute: Euroligan bost jardunaldi daramatzate jarraian 80 puntu jaso gabe, eta ACBn sei. Aukerak oraingoz urriak badira ere, Belgradoko Final Fourrera iristea ez da dagoeneko hilabete luzez zirudien kimera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.