Danel Agirre.
SASKI DA!

Batari, goiz; besteari, berandu

2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Orkatila baten menpe. Oraindaino, Euroligako final-laurdenetako kanporaketa desorekatuena Fenerbahce eta Baskoniaren artekoa suertatzen ari da. 80 minutuan, irabaztera zihoazenaren itxurarik ere ez dute behin ere eman gasteiztarrek. Fenerbahcek, berriz, bere erritmotik bizpahiru koska behera ari zela iduri izan du tarteka. Jayson Grangerrek orkatilan lesioa zuela jakin zenean, gasteiztarren beste bi antolatzaileak zigortuko zituztela idatzi zuen joan den astean Saski Da!-k. Zutabegile honek iragarle moduan ez du piperrik balio, baina Zeljko Obradovicek bezala bederatzi Euroliga irabazi beharrik ere ez dago zulo hori antzemateko. Luca Vildozari bizkorregi iritsi zaio erronka. Marcelinho Huertasi, beranduegi. Bere keria eta tasun guztiekin, Granger da Wanamaker edo Slukasen aurka balantze duin samarrarekin amai dezakeen Baskoniako antolatzaile bakarra.

Matxinada (berriz) OAKAn. Final-laurdenetako duelu zakarrena, berriz, Panathinaikosen jabe Dimitris Giannakopulosen eta Euroligako presidente Jordi Bertomeuren artekoa suertatzen ari da. Giannakopulosek hilabeteak daramatza Panathinaikos lehiaketatik ateratzearekin mehatxatzen. Munduko kirol guztietako talde guztietako jarraitzaile guztiek bezala, epaileek bere taldeari kalte egiten diotela sinetsita dago. Dosier bat igorri berri die Europa osoko komunikabideei, bere ustez konspirazio bat den hori frogatuko luketen jokaldien irudiekin. Euroligak isunekin kikildu nahi izan du, baina txantxetan hartu ohi ditu horrelakoak. Real Madrilen aurkako bi lehietan OAKAra agertzeko baimenik ez zuen, baina bertatik bertara jarraitu ditu biak, eta aldageletara epaileak iraintzera sartu ere bai. Matraka zeharo nekosoa da Panathinaikosen jabearena, baina Bertomeuri erasotzeko botatakoetan, zeharkako egia gordinen bat ere tartekatu ohi du. Euroligako presidentea iragarpen triunfalistak egin zale da, baina Giannakopulosen moduko handikiek milioiak eta milioiak galtzen dituzte urtero, lehiaketa zulo beltz bat delako ekonomikoki.

Ezta jokorako ere. Euroligan buru-belarri arreta ipini ahal izateko Real Madrilek eta Baskoniak atzeratutako partidak zeharo lardaskatu dizkigu planak Supermanagerreko sasi-entrenatzaileei. Astebururako bi taldeetako jokalari guztiak ordezkatu behar izan ditugu, ohiko hiru aldaketa posibleez gain. Fidatzeko moduko piezak topatzean datza jokoaren gakoa. Balorazio oparo eta egonkorra bermatzen duen izarrik ez dagoenez, disgustuak noizbehinka bakarrik ematen dituztenak identifikatzea da garrantzitsuena. Talde guztiek izaten dute horrelakoren bat, txarrenek ere bai: hor daude Neal, Booker edo Laprovittola. Guztiek izaten dute horrelakoren bat, Bilbo Basketek izan ezik. Hilabeteak dira Saski Da!-k beltzezko jokalaririk erosi ez duela. Tabu? Batek daki burua non duen, kantxan ez behintzat. Redivo? Jardunaldi errentagarria egin duen bakarra urte osoan. Todorovic? Bai, baina ez. Mumbru? Bere deskonexio horietako batekin kaleratzen badute, akabo. Hervelle? Sekula ez da izan jolas honetarako aproposa. Gladness? Hamabost minutu ere ez diote jokatzen uzten askotan... Supermanagerraren beste giltza bat bere partida irabazi dutenen balorazioek jasotzen duten %15eko gehigarria da. Bilbo Basketeko jokalarien puntuazioei ez zaie estra hori gaineratu aspaldi, bistakoa da. Supermanagerreko sasi-entrenatzaileontzat gupida gabe zokoratu beharreko taldea da, tamalez.

Messina ala Hammon. Gregg Popovichen emaztea, Erin, joan den asteazkenean hil zen. San Antonio Spursek ordezkoa izendatu behar izan du bere entrenatzailearentzat, taldeak Golden State Warriorsen aurka jokatu kanporaketako hirugarren eta laugarren lehietarako. Bi laguntzaileren artean aukera zezakeen. Bata, Euroliga lau bider irabazitako Ettore Messina. Bestea, azken denboraldi-aurreetan Popovichen partez aulkian eseri izan den Becky Hammon. Hura aukeratuz gero, NBAko lehen emakumezko entrenatzailea litzateke. Zain segitu beharko du, frankiziak Messina hautatu zuelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.